Etxe bat miatu dute Tolosan, drogen sare baten aurkako operazioan

Ataria 2016ko azaroaren 24a

Guardia Zibilak 26 pertsona atxilotu ditu Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan, dokumentu faltsuen eta droga trafiko sareko kidea izatea egotzita.

'Furtivos-Burna' izeneko polizia operazioan bost etxe miatu dituzte: bat Tolosan, beste bat Orkoienen eta beste hiru Iruñean; Madrilen (Espainiako Estatua) eta Tarragonan (Herrialde Katalanak) ere etxe bana arakatu dituzte.

Hemezortzi kilo speed, kokaina kilo bat eta kilo bat eta erdi heroina konfiskatu ditu Guardia Zibilak, besteak beste. Konfiskatutako droga horrek 600.000 eurorainoko balioa izango luke merkatuan, Guardia Zibilaren arabera.

Guztira 26 pertsona atxilotu dituzte eta hainbat delitu egozten dizkiete: osasun publikoaren aurkako delitua, erakunde kiminaleko kide izatea, dokumentuak faltsutzea eta dirua zuritzea, Iruñeko komandantziaren arabera.

"Polizia operazi horrek ahalbidetu du sarea desartikulatzeaz gain, dokumentu faltsuekin lotutako 240 delitu baino gehiago argitzea", Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzaren arabera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!