Iturriza jauregia erosiz, udalak kultur ondarea berrituko du

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 24a, 12:04
Korreo kalean dago Iturriza jauregia, Tolosan. [guregipuzkoa.com]

Higiezina hiru zatitan ordainduko du udalak, eta lehen ordainketa kreditu aldaketa bitartez egingo dute; guztira, 419.100 euro ordainduko dute

Urteko zazpigarren kreditu aldaketaren berri eman zuen, Tolosako udal gobernuak, joan den astearteko osoko bilkuran. Guztira 286.000 euro mugituko dituztela jakinarazi zuen Begoña Tolosa zinegotziak eta, besteak beste, Tolosako Udalak erosi berri duen eraikinaren ordainketa dago tartean: Iturriza jauregiarena.

Korreo kalean, Berdura plazaren ondoan dago jauregia, eta Tolosako herri ondarearen zati da, Santa Maria elizarekin, Atodo jauregiarekin, Iriarte jauregiarekin nahiz Gaztelako atearekin batera. Horrela, guztira 419.100 euroko salerosketa prezioa ordaindu beharko du udalak, hiru zatitan.

Olatz Peon alkateak azaldu zuenez, «jabeentzat oso garestia da horrelako eraikinak mantentzea, kultur ondare izateak babes maila altua eskatzen duelako». Hurrengo urtean udalak azpiegiturak berrantolatzeko ikerketa bat abiaraziko duela probestuz, beraz, Iturriza jauregia bera ere proiektuan txertatu, eta Korreo eta Kale Nagusiaren arteko patioa zabaltzeko aukera aztertuko dute; ondorioz, esparru horretan ordenazioz kanpo dauden guneak ere behin betiko kentzea da udalaren asmoa.

419.100 euroko erosketa konpromiso kreditu baten bitartez egin dute, eta aurten 140.000 euro ordaindu beharko ditu udalak. 2017ko uztailean beste hainbeste ordaindu beharko dute eta, azkenik, 2018ko uztailean ordaindu beharreko 139.100 eurorekin biribilduko dute ordainketa. Udalbatzak aho batez onartu zuen erabakia.

BESTE KREDITU ALDAKETA BATZUEKIN, EZTABAIDA

Zazpigarren kreditu aldaketak eztabaidari ere bide eman zion, EH Bilduko oposizioa ez baitzen ados azaldu, ez zazpi aldiz kreditu aldaketa bat egitearekin, ezta aldaketa batzuen edukiarekin ere.

Guztira 14 mugimendu onartu zituen udalbatzak, 286.000 euroko kreditu aldaketari baiezkoa emanez eta, Iturriza jauregiaren gastuarekin batera, badira nabarmentzeko beste zenbait. Batetik, 50.000 euroko kreditu aldaketa egingo dute, Tolosaldeko Mankomunitateko hondakinen tratamendua ordaintzeko. Beste 16.000 euro, berriz, inpaktu urbanistikoa aztertzera bideratuko dituzte, eta udaletxeko gizarte zerbitzuetako obra bat finantziatzeko baliatuko dute, halaber, 15.000 euroko kreditu aldaketa bat. Azkenik, 8.000 euroko kreditu aldaketa batekin ahalbidetu dute, zenbait eraikin publikotara kultur etxera eta musika eskolara, kasu wifi kablea pasatzea.

Oposizioaren izenean Lore Agirrek hartu zuen hitza eta, hasteko, «poza» azaldu zuen Iturriza jauregiaren aferagatik, «herri ondarearen alde». Kontrara, ordea, hondakinen tratamendurako 50.000 euroko kreditu aldaketa egitea ez zaie onargarria iruditu: «Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) tasak igotzea erabaki zuen, eta orain ari gara EAJ eta PSE-EEk hartutako erabaki horren ondorioak pairatzen: mankomunitateak ere prezioak igo behar ditu, eta udalek gehiago ordaindu behar diote mankomunitateari, herritar guztien dirutik».

Era berean, asteartean onartutakoa zazpigarren kreditu aldaketa izatea ere gaitzetsi zuen Agirrek, «eredu desberdin bat» jorratuko luketela azalduz: «Zuek beharren arabera aldatzen dituzue kredituak eta, gure ustez, aurrekontua zehaztasun gehiagorekin egitea komeni da».

Bere aldetik, Olatz Peon alkateak azaldu zuen, hondakinen tasa aurreko plenoan %5 igotzeak ez duela zerikusirik GHKrekin: «EH Bilduk GHK kudeatzen zuenean ez zen hondakinak kudeatzeko azpiegitura bakar bat ere egin, eta zabortegiak itxi zituzten, gainera, alternatibarik eskaini gabe, eta hondakinak Kantabriara eramanez. Horregatik igo dira GHK-ko tasak».

BI MERKATARITZA EGITASMO, BAKARREAN

Merkataritza biziberritzeko diru laguntzak ere hizpide izan ziren azaroko osoko bilkuran, izan ere, udalak ordenantza berri bat onartu du, jada martxan zeuden bi proiektu egitasmo bakarrean txertatzeko; Berriz Enpresa egitasmoa da bata, eta Gune Biziak proiektua bestea.

Berriz Enpresa abiarazitakoan udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Merkatarien Bazkundeak elkarlanean eskainitako hiru diru laguntza ereduen artetik bakarrak jaso du erantzun ona, Nerea Letamendiaren arabera eta, horrela, beraz, aurrekontua errealitate horretara moldatzea erabaki dute: «Alokairua finantziatuko dugu oraingoz». Bestalde, Gune Biziak programari aldaketak txertatuko dizkio udalak, erakusleihoez harago joanez. «Errementari kalean, adibidez, bi jabe prest leudeke proiektuan sartzeko, eta Korre kaleko denden atzekaldeak ere apaintzeko asmoa dugu», azaldu zuen Letamendiak.

EH Bildu «gustura» azaldu zen gobernuak merkataritzaren arloan proposamen berriak zituelako baina, duela zenbait egun prentsaurreko bidez azaldu bezala, «oso kezkatuta» daude «departamentu honek urte eta erdian proiekturik martxan jarri ez duelako».

ADIERAZPENETAN, DENEK BAIEZKOA

Plenoa amaitzeko, Tolosako udalbatzak bi adierazpen instituzional onartu zituen, aho batez, datak hala eskatuta. Batetik, azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Kontrako eguna izan zuten hizpide, eta hainbat konpromiso hartu zituen udalak, adierazpena onartzearekin. Besteak beste, 2017ko aurrekontuan partida handiagoa bideratuko dute Berdintasun sailera.

Bide beretik, Euskararen Nazioarteko Egunari dagokion adierazpena ere hizpide izan zuten. «Bi hizkuntza ofizialen berdintasunerako urratsak» eman beharraz ohartarazten du testuak, eta euskararen alde «norbere neurriko konpromisoa» egiteko dei egiten die herritarrei, Zer egin dezaket euskararen alde? galderarekin.

Adierazpena aho batez onartu bazuten ere, iritzi kontrajarriak sortu zituen, batez ere, EAJren eta EH Bilduren artean. Oposizioaren iritziz, «Euskal Autonomia Erkidegoan jauzi kualitatibo sendoago bat emateko moduan gara, apustu sendoagoak eginez» eta, beren ustez, «adierazpenak ez ditu aurreikuspen horiek betetzen; Tolosak, inguruagatik, zerbait sendoagoa behar du».

Jokin Azkue jeltzaleak, ordea, adierazpenaren balioa horixe zela azpimarratu zuen: «Pentsa liteke ez dela nahikoa, baina, beste batzuentzat inposiziotik gertu egon daiteke testua. Dena den, testuarekin denok sentitzen gara eroso eta deseroso, Beraz, urrats bat da elkarrekin aurrera egiteko».


 KREDITU ALDAKETA NAGUSIAK

140.000 euro. Iturriza jauregia ordaintzeko kredituaren lehen zatia.

50.000 euro. Mankomunitateko hondakinen tratamendua.

16.000 euro. Inpaktu urbanistikoaren azterketa.

15.000 euro. Udaletxeko obrak.

8.000 euro. Wifi kablea eraikin publikoetara pasatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!