Ikasiak ditugun harreman ereduek ez dituzte emakume eta gizonak maila berean jartzen. Baldintzatutako maitasun ereduak direla eta indarkeria egoeretara eramateko arriskua dutela dio Pepa Bojo adituak.
Zein da eskaintzen ari zaren ikastaroaren funtsa?
Psikologoa bezala eskaintzen dudan zatian, gaiak aukeratzen ditugu lanaren eta hausnarketaren bidez emakumeok egoera zehatzak nola bizi ditugun ikusi ahal izateko. Egoera jakin batzuetan dugun rolaren edo paperaren inguruan ere egiten dugu hausnarketa. Era berean, honek guztiak gure izaeran, osasunean, baita osasun psikologikoan ere, eta bizitzeko eran zertan eta nola eragiten duen aztertzen dugu. Genero begirada ematen diogu; generoaren ikuspegitik gizarte-rolek maila psikologikoan nola baldintzatzen diguten ikusten dugu eta nola aldatu behar diren ikusten dugu.
Zein paper jokatzen du oraindik ere, emakumeak bikote harremanetan?
Maitasun erromantikoaren mitoa oso bizi dago. Oraindik ere harreman asko mito horretan oinarritzen dira eta mito hori zaharkitua dago. Era berean, mito horrek atzean dituen sinemen eta fantasia guztiek emakumeak mendekotasun eta uko egite egoera batean jartzen ditu. Maite dugun hori erdigunean jartzera eramaten gaitu eta gure bizitzekin ahaztera. Maitasun rol patriarkalak dira eta desberdintasun egoera batetik maitatzera eramaten gaitu. Ditugun maitasun ereduak berrikusi behar ditugu.
Eta nola konturatu gaitezke? Zein da harreman batean emakume edo gizon baten arteko desberdintasuna?
Ez da erraza. Maitasun fantasiak gizarteko maitasun ereduen arabera eraikitzen ditugu; liburuak irakurri ditugu, pelikulak ikusi, istorioak kontatu dizkigute... Gizarteko maitasun eredu horiek oso garrantzitsuak dira emakume askorentzat eta emozio karga ikaragarria dute, eta hori dela eta, erromantizismoarekin nahastu izan dira. Ustea da erromantizismoa ezin dela txarra izan, eta hala ere, ikasi ditugun fantasia horiek esaten digute bikotea kontentu egoteko isildu behar garela, amodio istorio batean emakumeak bere gauzak utziko dituela bikotea eta haurrak kontentu egoteko... Gizonek ez dituzte uste hauek guztiak. Gizon askok uste dute amodioan euren bikoteak dena utziko duela beraiek ondo egoteko. Eta horrek kontrolera eramaten du askotan; kontrolatzen banau, maite nau, hori da ustea. Nahastuta gaude. Ulertu behar duguna da harreman batean ez dugula zertan dena konpartitu behar, ez dugula beti batera egon behar... uste asko desegin behar dira. Desikasi egin behar da.
Gazteen artean kontrol egoerak ematen dira oraindik...
Eta oso arriskutsua da. Maitasun erromantikoaren mitoa da gaur egun ere, filma eta eleberri askoren gidoia osatzen duena. Telebista ikusi besterik ez dago, eta zein bikote harreman azaltzen diren ikusi. Literaturan ere badago joera bat, non eredu hauek goraipatzen diren, 50 sombras de grey esaterako. Jendeak ez dakit nolakoa den eredu alternatiboa, berdintasunean oinarritutako eredua. Egin behar dugu.
Gizartearen joera orokorra da hori, emakumea ez da maila berean jartzen.
Hori da, eta gazteek hori ikusten dute, eta beraz, eraikitzen dituzten maitasun harremanak askotan, desberdintasunean oinarritzen dira.
Zer garrantzi du autoestimuak hau guztian?
Oinarrizkoa da, bai emakumeentzako eta baita gizonezkoentzat ere. Autoestimurik ez dagoenean egokiak ez diren egoerak ematen dira. Pertsona batek ez duenean autoestimurik, ez duenean bere burua maite, kontrol eta manipulazio egoerak onartzen ditu. Harreman egoki eta osasuntsuak edukitzeko gure burua maitatzea oinarrizkoa da. Oso garrantzitsua da.
Jabetze Eskolaren barruan ematen ari zara ikastaroa. Zer da jabetzea eta nola iritsi gaitezke egoera horretara?
Jabetzea berdintasunean oinarritzen ez diren alderdi eta prozesuez jabetzea da. Konturatzea. Berdintasun egoera batera eramango nauten alderdiak identifikatu behar ditut. Maitasunaren gaian irakatsi dizkiguten eta ezertarako balio ez duten ereduen inguruan hausnartzean datza jabetzea eta behar dugunaz konturatzea. Autoestimua eta emozioen kudeaketa garatu behar ditugu, mugak jartzeko gaitasuna landu behar da, negoziatzeko eta komunikatzeko beharraz hitz egin...
Parekidetasun ezaren egoerarik muturrekoena indarkeria izango litzateke.
Maitatzeko dugun modua berrikusi behar dugu, berdintasunetik egiten ez bada, muturreko egoera horiek eman baitaitezke. Behar bada, gure harremanetan berdintasunean oinarritutako egoerak emango dira, baina indarrean dagoen ereduak kontrol eta manipulatze egoerak dakartza, eta indarkeria egoeratara eraman ahal gaitu, bai indarkeria psikologikoa eta baita fisikoa ere. Gaizki egiten duguna ikusi behar dugu, baina baita ondo egiten duguna ere.