Txotxongiloen ikuskizuna hastear

Ane Urkola 2016ko aza. 18a, 18:32

XXXIV. Nazioarteko Txotxongilo jaialdia aurkeztu dute ostiral goizean Topic zentroan. Azaroaren 26tik abenduaren 4ra izango da aurtengo edizioa. 

Mundu osoko 17 konpainiek hartuko dute parte aurtengo edizioan: Argentina, Brasil, Italia, Portugal, Erresuma Batua eta Espainiako Estatuko Andaluzia, Asturias, Katalunia eta Madril. Urtero moduan, umez osatutako epaimahaiak baloratuko ditu ikuskizunak.

"Kulturari egiten dion ekarpenaz gain, hezkuntzari eta hizkuntzaren garapenari egiten diotena" azpimarratu ditu Jose Manuel Bujanda Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza eta Kultura gabineteko buruak. 

Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari nagusiak jaialdiko hiru alor azpimarratu ditu: aberastasuna, gazteekin eta haurrekin egindako lana eta euskal gizartean pil-pilean dauden gaiak lantzea.

Inaugurazioa, dantzaren bidez

Ertza dantza taldearen "Hariak" emanaldi "bereziarekin" hasiko da jaialdia azaroaren 26an. Dantza garaikidea eta txotxongiloa batzen dituen ikuskizuna da, eta helduei zuzenduta dago. "Bizitza berri bat ezerezetik berregin behar izan duten pertsonen esperientziak" kontatzen ditu istorioak. Emanaldia 20:00etan izango da, Topic zentroan.

Haur, gazte zein helduentzako ikuskizunak

51 ikuskizun eskainiko dituzte aurtengo jaialdian: horietako 36 Tolosan izango dira, eta 15 Eibarren, Ordizian, Pasaian, Donostian eta Sestaon. Euskal Herriko konpainien bi ikuskizun izango dira eta haur, gazte zein helduentzako eskaintza antolatu dute. 

Haurrei dagokienez, azpimarratu dituzte "Los Mundos de Dondo", "El Clown y su familia" eta "Max txikia" ikuskizunak. Argentina, Bulgaria eta Granadako konpainiek egindako ikuskizunak dira, hurrenez hurren. Nerabeentzako, berriz, "Solos" ikuskizuna azpimarratu du Enkarni Geunak: "Nerabeak animatzen ditugu ikuskizun hori ikustera. Aitona baten istorioa kontatzen du: ez da etxetik ateratzen eta etxean dauden tresnekin harremana izaten hasten da".

Helduentzako, berriz, lau ikuskizun nabarmendu ditu Geunak: Stephen Motramen The Parachute, inmigrazioaren gaia lantzen duen Madrid ikuskizuna; Julia Sigiinanoren Asfixia –genero indarkeria hizpide duena- eta In-Pulsoren Fauno emanaldia –antzerkia eta txotxongiloa elkartzen dituen emanaldia–.

Ikuskizunez gain, omenaldiak egingo dituzte 25 urteko ibilbidea baino luzeagoa duten konpainiei zein lagunei. Aurtengoan, La Fanfarra, LLeidako Centre de Titelles eta FETEN omenduko dituzte. La Fanfarrak 40 urte daramatza lanbide hori "babesten"; Centre de Titelles konpainiak 30 urte bete ditu eta FETEN elkarteak 25.

Teoriatik praktikara, tailerren bidez

Txotxongiloen emanaldiaz gain, bi tailer antolatu dituzte aurten: Stop motion tailerra eta barazkien tailerra. Coke Riobbo Goya irabazleak eskainiko du tailerra: "Benetako luxua da Riobbo gure artean izatea", azpimarratu du Idoya Otegui Topiceko zuzendariak. Azaroaren 25ean hasiko da, eta abenduaren 4an amaituko da; arratsaldero izango da ikastaroa. 

Bestalde, barazkien tailerra izango da hurrengo larunbatean, abenduaren 3an, Tolomendiren eskutik eta Minbiziaren Aurkako Elkartearekin elkarlanean. Zerkausian izango da eta ohitura osasungarriak izango dituzte hizpide.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!