Sentsibilizatzeko beharrak dirau

Ataria 2016ko aza. 18a, 08:30

Gor komunitateak izaten dituen komunikazio oztopoei buruzko erakusketa ikusi daiteke Tolosako komertzioetan.

Babarrun Festaren ekitaldietan parte hartuko du Gainditzen elkarteak; gaur, marrazki lehiaketaren sari banaketa izango da. 

Pertsona gorren Gainditzen elkarteak hamahirugarrenez antolatu du Sentsibilizazio Astea. «Gor komunitatearen ezaugarriak ezagutarazten jarraitzen du elkarteak», azaldu du Cruz Sanchezek, elkartean aritzen den teknikariak eta zeinu hizkuntzako interpreteak. «Egun dauden komunikazio oztopoak ezagutarazi nahi dira, oraindik asko egin behar baita horiek ezabatzeko».

Egiteko lan asko dagoen seinale, aste honetan egin ohi dituzten hitzaldietan jasotzen dutena da, Sanchezek azaldu duenez: «Adibidez, gorra den pertsonari gor-mutu deitzen zaio, baina mutua zara ahots kordetan afekzio bat duzunean eta ezin duzunean hitz egin eragin horregatik. Gorra denak ez du arazorik ahotsean, hitz egin dezake, baina ez du entzuleek bezala hitz egiten, ezin du bolumena edota intentsitatea kontrolatu, eta askotan hitz egitean soinu guturalak ateratzen dira, kontrolik gabekoak, eta aurrean duten pertsonaren erreakzioa 'honi zer gertatzen zaio' izaten da. Erreakzio horrek gaizki sentiarazten dio pertsona gorrari, eta horren eragina da ahoa berriro ez irekitzea».

Bestalde, elkartetik ikusten dute entzuleen aldetik gorrei komunikatu nahi badute idatzi dezatela esan nahi dutena eskatzen zaiela. Sanchezek dioenez, «jendeak orokorrean ez daki pertsona gorrek askotan ez dutela idazteko eta irakurtzeko maila egokia. Entzuleok idatziz zuzentzeko erabiltzen dugun moduak askotan ez du oztopoa kentzen, konplikazioak handitzen dira, eta pertsona gorra okerrago sentitzen da ez badizu idatziz ulertzen. Beraz, sentsibilizazio kanpaina hauek beharrezkoak izaten jarraitzen dute».

Sentsibilizazio Astearen barruan, komunikazio oztopoak erakusten dituen kartelen erakusketa jarri dute Tolosako hainbat dendetan. Bestalde, ikasleen artean marrazki lehiaketa antolatu dute eta gaur izango da sari banaketa. Aurten aipatzekoa da Babarrunaren Festan parte hartuko duela Gainditzen elkarteak. «Kolaborazio bikaina izan da udalarekin, eta leku bat utzi dute Gainditzeneko kide bat babarrun lehiaketan epaimahaiaren parte izateko», esan du Sanchezek. «Interprete bat izango da lehiaketaren berri emateko zeinu hizkuntzan. Horrek guztiak asko egingo du sentsibilizazioaren alde».

Aurrera begira, Gainditzen elkarteak antolatu duen hurrengo ekitaldia Zeinu Hizkuntzan Egindako Zinemaren Nazioarteko Jaialdia izango da, eta abenduaren 10ean egingo da, Tolosako Leidor aretoan.

Horrez gain, Gainditzen elkartetik jakinarazi dute zeinu hizkuntzako interpretearen zerbitzua eskatu daitekeela. Diru laguntza baten bitartez, batetik, elkarteko jardunean lagundu, eta bestetik zerbitzu hori eskaini daiteke nahi duen guztiarentzat, egunerokotasunean erabiltzeko: medikuaren kontsultara joateko, administrazioarekin tramiteak egiteko, lana bilatzeko elkarrizketak egiteko... Zerbitzua nahi duenak Gainditzen elkartearekin jarri behar du harremanetan.

XIII. SENTSIBILIZAZIO ASTEA

Azaroak 21era arte

Erakusketa: Tolosako hainbat merkataritza dendetako erakusleihoetan, komunikazio oztopoei buruzkoa.

Azaroak 18, ostirala

17:30. Komunikazio oztopoak marrazki lehiaketaren erakusketa, kultur etxean. Ipuin kontalaria zeinu hizkuntzan, interpretatzailearekin. Ondoren, marrazki lehiaketaren sari banaketa.

Azaroak 19, larunbata

11:00. Babarrun Festa Tolosako Trianguloa plazan. Alberto Etxeberria Gainditzeneko kidea epaimahaian parte hartuko du, 2016ko babarrun hobenari saria emateko. Zeinu hizkuntzako interpretatzailea egongo da.

14:30. Babarrun bazkaria Alondegia tabernan.

17:15. Show de Chavi ikuskizuna.

18:30. Tolosako kultur etxean, txakurren hezkuntzarako tailerra Quinocan espezialisten eskutik. Oinarrizko egokitzapena eta hezkuntza pertsona gorrentzat bideratuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!