Babarrunari emandako egunak

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko aza. 17a, 15:18

Babarrun Festak hartuko du asteburua, Tolosan. Berrikuntzen artean Basque Fest, larunbat arratsaldeko musika saioek eta Gabonetako Odolki Lehiaketa aurreratu izana nabarmendu dituzte.

Babarrunek «tolosarron nortasuna» adierazten dutela esan du gaur, Olatz Peon alkateak, behar bada horregatik hartzen du pisu eta garrantzi berezia eskualdean, Babarrun Festak. Festa asteburu honetan izango da, eta aurkezpenean babarrunek sortzen dituzten esperientziak nabarmendu ditu alkateak. «Gure babarruna dastatu eta lekale honen inguruan garatzen diren ekintzez gozatzera» gonbidatu ditu bai tolosarrak eta baita kanpotarrak ere.

Babarrunaren Festa larunbat eta igandean izango da eta bi egun besterik ez direnez, ekitaldiak pilatu egingo dira asteburuan. Aurten gainera, berrikuntza ugari sartu dituzte egitarauan. Nagusia garai batean Tolosan egiten zen Euskal Jaia berreskuratuko dutela izango da. Babarrun Kofradiak hartu du ardura hori.

Ez da berrikuntza bakarra izango, hala ere. Larunbatean 12:00etatik 17:00etara Basque Fest jangela jarriko dute Alondegian. HAZIrekin elkarlanean Tolosaldeko produktuak jan eta edateko aukera emango du ekitaldiak.
Honekin lotuta arratsaldean, 17:00etatik aurrera, musika zabalduko da Tolosako kaleetan. Kantu jira egingo dute Basque Festeko gunetik abiatuta. Benta Zaharreko Mutiko Alaiak aterako dira lehenik, eta 22:30ean, Kalean txaranga egongo da kalez kale.

Beste berrikuntzetako bat da Gabonetako Azoka Berezian egiten zen Odolki Lehiaketa aurreratu eta Babarrunaren Festaren barruan egingo dutela aurten. Larunbatean izango da beraz, Amarozko San Blas elkarteak antolatzen duen Odolki Lehiaketako 24. edizioa. San Frantzisko pasealekuan egingo dute 08:30etik aurrera. Peon alkateak esan du, odolkia babarrun jateen «osagai nagusia» izaki, «aurtengoan babarrunari eskainitako festarekin batera» joatea adostu zutela.

Ekitaldi nagusiak
Ekitaldi nagusiak, dena den, urterokoak izango dira: etziko Azoka Berezia eta Babarrun Ekoizleen Lehiaketa, eta igandeko Gure Kaiolaren lehiaketa gastronomikoa.

Azoka Berezia goizean zehar egingo dute, beti bezala, Trianguloan, eta hor egongo da ere Babarrun Ekoizleen Lehiaketa. 07:30ean hasiko da lehiaketa eta 11:30ean ekoizleen lehiaketako epaimahaia babarrunak dastatzen hasiko da. 13:15ean egingo dute babarrun irabazlearen lakari baten enkantea, Trianguloan bertan. Aurtengo enkanteko dirua Haurkizuna Fundazioari emango diote, iaz bezala. Ekuadorren martxan duen gizarte garapen proiektu bat diruz laguntzeko erabiliko dute enkanteko dirua.

Festa aletzen hasita, igandeko Babarrunaren XXX. Lehiaketa Gastronomikoak ere aipamen berezia merezi du. Izan ere, Gure Kaiola elkarteak urtero antolatzen duen lehiaketak aurten hogeita hamargarrena du.



Mikel Perales elkarteko kideak ere hartu du parte aurkezpenean eta gogoratu du «elkartean 1987. urtean sortu zela elkartean babarrunaren inguruko ardura». «Babarruna sukaldaritzako produktu bezala bigarren maila batean zegoela ikusi zuten elkartean eta bultzada emateko Frontoi kafetegian lehiaketa gastronomiko bat egiten hasi ziren. Lehen hiru edizioak bertan egin zituzten», gogoratu du. Bitxikeria baten berri ere eman du Peralesek, izan ere, garai hartan babarrunek ez zuen gaur egun duten kontrola eta beraz, elkarteko kideak baserriz baserri bildu behar izaten zituzten  babarrunak, lehiaketan kalitatezko aleak prestatu ahal izateko.

Lehiaketa 08:00etan hasiko da igandean, Trianguloan. Aurten, gainera, partaide berri eta gazteak egongo dira. Peralesek azaldutakoaren arabera, 28 bikotek hartuko dute parte. 40 aurkeztu ziren, baina ez dagoenez leku gehiago, 12 geratu dira kanpoan. Bi helburu zituen aurtengoan Gure Kaiolak, «errotazioa lortzea beti parte-hartzaile berak ez izateko eta gazteak izatea». Eta lortu dutela esan du: «20 eta 80 urte bitarteko lehiakideak egongo dira. Aurten gainera, Basque Culinary Centerretik bi bikotek hartuko dute parte, 20 urte ingurukoak». Bikotetako bat Caceres eta Santurtzitik iritsiko dira Tolosara eta bestea Brasil eta Madrildik.

Epaimahaiak 13:00etan emango du bere erabakiaren berri, Trianguloan bertan. Aurten ez da Martin Berasategi egongo, Mexikon baitago, baina Hilario Arbelaitz (Zuberoa), Iñaki Izagirre (Labekoetxea), Xabi Diez edo Aizpea Oihaneder (Xarma), Alberto Elorza (Zelaizabal), Pablo Loureiro (Casa Urola), Juanjo Mendiloz gastronomian aditua eta Gema Aramendi iazko irabazlea izango dira epaimahaikideak.
Ondoren, Zerkausian, egin ohi duten herri bazkarian 480 pertsonentzako tokia prestatu dute eta 10 txartel besterik ez dira geratzen.

Argazki erakusketa
30 urte pasa badira ere, Gure Kaiolak antolatzen duen lehiaketa bera, funtsean, berdin jarraitzen duela esan du Gure Kaiolako ordezkariak, eta horregatik, «urteurrena dela eta beste zerbait egin asmoz» argazki erakusketa bat muntatu dute, «gauzak nola aldatu diren ikusteko, bilakaera ikusteko». Erakusketa Zerkausian bertan jarriko dute eta igandera bitarteko arratsaldeetan ikusi ahal izango da.



Aipatutako guztiaz gain, aurten, Gainditzen Tolosaldea eta Goierriko Pertsona Gorren Elkarteak Babarrun Festan parte hartuko duela esan behar da, horrela jaiak Gorren Sentsibilizazio Astearekin bat egingo duelarik. Babarrun Ekoizleen Lehiaketan epaimahaikide izango da Gainditzen elkarteko kide bat eta larunbat arratsaldean, 17:15ean Chavyren Showa mimo ikuskizuna egongo da batetik, eta txakurrak trebatzeko tailerra, bestetik, 18:30ean. Era berean, egun guztian zeharreko ekintzetan interprete batek gorren hizkuntzara itzuliko du gertatzen den guztia.

Bukatzeko, Tolosako Erraldoien eta Buruhandien Konpartsa kalez kale ibiliko da larunbat goizean, eta Udaberri dantza taldeko kideek ere saio eskainiko dute 11:30ean, Trianguloan, eta ondoren, kalejira egingo dute Alde Zaharrean barrena.

Festara artzain-andre jantziekin joateko eskatu diete herritarrei.

Erlazionatuak

Mende bete eta gero, bueltan da euskal jaia

Itzea Urkizu Arsuaga 2016 aza 11 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!