«Ez dut nahi markaren kontuak apustua estaltzerik»

Asier Imaz 2016ko aza. 17a, 13:23

Biren aurka ariko da Xabier Orbegozo aizkolaria Arria V.a igande honetan, Tolosako zezen plazan, 12:00etatik aurrera, lehenik aizkoran eta segidan korrika.

Tolosako zezen plazan igande honetan izango da aizkora eta korrika apustua, 12:00etan. Xabier Orbegozo Arria V.a (Errezil, 1977), Arkaitz Jauregi eta Julen Kañamaresen aurka. Aurrena, 20 kana-erdiko bota beharko dituzte, eta ondoren, 20 kilometro korrika egin. Sarrera 35 eurotan jarri dute. ATARIA Irratiko Eutsi Goiari kirol saioan, Joxe Anjel Sarasolak Arria V.ari egin dio elkarrizketa.

Egin beharreko lana erraz esaten da.  

Apustua egin genuenean urruti ematen zuen. Zortzi hilabete hauetan izan ditugu gorabeherako entrenamenduak. Gustura bukatutakoak eta baita triste bukatutakoak ere. Baina animoso gaude. Azken hiru entrenamendu handiak onak atera dira, eta horrek ikaragarrizko animoa ematen du.

Etxekoa plazan egitea izaten da erronka horrelakoetan. 

Azken egunetako tentsioarekin eta urduritasunekin ez da erraza izaten, baina hori nahi izaten dugu. Nire ustez, lan onak egiten baldin badira gero emaitzak etortzen dira. Zortearen faktorea ere tartean izaten da, baina gainontzekoetan, entrenamenduek bere saria ekartzen dute.

Zuk 20 kana-erdiko ebaki eta korrika 20 km egin behar dituzu. Kañamaresek eta Jauregik, hamarna kana-erdiko eta hamarna kilometro egin behar dituzte. Azken 10 kana-erdikoak ebakitzen dituenak hasi beharko du segidan korrika. Hori esanda, eta egurrak zure kontu direnez, nolakoak emango dituzu?

Egur gogorrak emanez gero, apustua ikaragarri luzatuko litzateke. Korrika ere izugarrizko lana dago, eta apustu honetan egur xamurren bila ibili gara. Gaur egun ez dago erraza gustuko egurrak aurkitzea. Politenenak eramango ditut; txarrak ez dira izango. 

Korrikako lanak bere zailtasunak dituela esan didate.

Plazan ibili ez denak ez daki hor korrika ibiltzea zer den. Errepidean edo atletismoko pistan ibiltzea erabat desberdina da. Indar edo sasoi gehiago eskatzen du plazak. Pistan kilometroa egiten pasatzen duzun denborari 10 edo 15 segundo gehitu behar dizkiozu zezen plazan. Gero nik uste Tolosako zezen plaza baina Azpeitikoa egokiagoa dela korri egiteko. Zorua Tolosan oso matxakatua dago. Euriarekin putzu dezente sortzen da, eta ez da erraza ondo-ondo jartzea. Gero leku batzuetan hormigoia dauka, eta beste batzuetan ondar biguna. Dena ongi aztertzen ibili gara, baita zapatilak ere. Aurretik aizkora saioa gehitu behar zaio guzti horri. Baina bagenekien zertara gindoazen apustua egin genuenean, eta ahalegindu gara dena ondo prestatzen.

Zalduaren aurka egin zenuen apustua ere hor dago. Hura ere aizkoran eta korrika izan zen, nahiz eta lanak oso desberdinak izan. Oraingo honetan, erakusle bezala nor izan duzu?

Leon Albeniz Iruntxiberrirekin aritu naiz. Gero beste batzuk ere izan ditugu, baina eguneroko lanerako Iruntxiberrirekin aritu naiz. Igandean ere bera ibiliko da makilarekin. Aizkorak eta likidoa ematen, berriz, Luis Txapartegi.

Altuera eta pisua.

1,90 zentimetro eta 87-88 kilo. Hor ibiliko gara.

Aizkoran bakarrik ibiltzeko, normalean pisu gehiago izaten duzu.

Bai. 97 kilorekin ere ibilia naiz. Gero Zalduaren apusturako jaitsi egin nintzen, oraingo pisu honetara.

Orduan ere korrika eta aizkoran zen apustua, nahiz eta lanak erabat desberdinak izan. 

Bai. Gero Olasagasti, Otaegi eta Larretxearen aurka 4-5 kilo gehiago hartu nituen. Aizkoran bakarrik ibiltzeko behar izaten da zera hori.

Bukatzeko, Joxe Aierberen 2 ordu eta 9 minutuko marka buruan izango duzu, baina lehenbizi apustua irabazi nahi duzu, ezta?

Ez dut nahi markaren kontu horrekin apustua estaltzerik. Bi gazteren aurka jokatzera noa, eta badakit ilusio osoz jardun direla prestatzen. Beldur handiena beraiek ematen didate niri. Marka etorriko da edo ez, baina hori bigarrengo zerbait da niretzat. Beraiek bi dira, eta badakit Kañamaresek 10 kana-erdiko oso onak dauzkala. Bigarrengo horri pixka bat atakatu beharra daukadala uste dut, eta gero, beraien sarrerei eutsi egin beharko diet. Beraiek egun ona baldin badaukate, argi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!