«Disko honetan autosendatze bat topatu dut»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 16a, 17:45

Euskal musikarien belaunaldi berri baten aurpegia da Izaro Andres, eta gazte zein heldu txunditzea lortu du bere kantakerarekin. Ostiralean, Bonberenean ariko da, 22:30etik aurrera, Etxerekin batera.

Argazkiz josiko lituzke paretetako arrakalak, bere bizitzaren armairua etxe bat balitz. Askok, ordea, baieztapena aireratzen duen kantua bera sartuko lukete beren bizitzetako gordailuetan. Koilarak doinuaren aurretik zein ondoren, Izaro Andres mallabiarrak (1993) entzuleak liluratzen jarraitzen du, eta horretan saiatuko da ostiralean ere.

 

Estreinakoz ariko zara Tolosan, Bonberenean. Gogotsu zaude?

Bai, lehenengoz ariko naiz. Gogo handia dut bertan jotzeko, Tolosan oso lagun onak baititut.

 

Tolosaldean, akaso, izango da ezagutzen ez zaituenik. Horiei kontatuko zenieke nor den Izaro Andres?

Izaro kantautore bizkaitar bat da, eta bere lehen diskoa oraintxe argitaratu berri du, Om izenburupean. 13 kantuz osatutako lana da, eta euskaraz, ingelesez eta gazteleraz abesten du. Uste dut kantu lasaiak direla, mimo handiz egindakoak, eta ikuskizun atsegina osatzen dutela.

 

Zuk zeuk sortu eta zuk zeuk abesten dituzu kantuak. Noiztik konposatzen duzu?

Kantu oso-osoak idazten duela bi uda hasi nintzen.

 

Eta, zer suertatzen zaizu zailena?

Ez dakit. Kantu bat idaztea, idatzi behar duzulako, hori da zailena. Egia esan, ez zait askotan gertatu izan, eta normalean kantuak etorri egiten dira, idazteko beharra etortzen da. Prozesua aurkako norantzan egitea, ordea, zaila egingo litzaidake.

 

Sormena zerk pizten dizu?

Normalean gertatzen zaidanaren inguruan idazten dut eta, beraz, askotan, pertsonekin lotura izaten dute kantuek. Maiteminari buruz asko idazten dut, eta baita maitasunaren zentzu zabalagoei buruz ere.

 

Om izeneko diskoarekin hara eta hona zabiltza, baina, diskoa argitaratu aurretik ere ezagun egin zinen. Zergatik iritsi zara hain azkar euskal publikoarengana?

Uste dut momentu egokian agertu nintzela, gauza egokia egiten, eta jendeak bazuela horretarako gogoa. Oso eskuzabal hartu naute, eta harrera oro positiboa izan da orain arte. Jende asko etortzen da kontzertuetara eta, benetan, epeltasun handia sentitzen dut. Ez dakit arrazoi konkretua zein izango ote den, baina asko eskertzen dut.

 

Orain arte Euskal Herrian entzun gabeko kantakera bat duzulako akaso?

Beharbada bai. Beharbada kantatzeko modu desberdin bat da, eta baita musika estilo desberdin bat ere. Melodikoagoa da, eta orain arte ohituta geundena baino musikalagoa agian.

 

Horren harira, baduzu erreferenterik?

Hiru aipatzekotan, Nora Jones asko entzun dudala esan beharra daukat, eta baita Adele ere. Bi horiekin batera, Maika Makovski ere oso gustukoa dut. Ildo horretan mugitzen naiz, gutxi-gorabehera.

 

Aipatu duzu hiru hizkuntzatan abesten duzula. Bakoitzak zerbait desberdina ematen dio zure abestiei?

Bai. Gainera, hizkuntza batean edo bestean kantatzeak melodia bera ere aldatzen du: norbere ahotsaren tonua aldatzen du, eta baita ahoskera ere. Gaztelerak, adibidez, letrei dagokienez, gauza oso arrunt bat gauza zoragarri bilakatzea lortzen du; uste dut oso hizkuntza gutxik dutela gaitasun hori. Euskarak, berriz, gordintasuna ematen dit, nire ama-hizkuntza delako. Eta, nire jaioterriko euskaragatik, bereziki, uste dut euskarak kantu gogor eta gardenak sortzen laguntzen didala. Eta, ingelesaren kasuan, oso hizkuntza melodikoa da, silaba laburrengatik-eta. Ahotsei hobekien egokitzen zaien hizkuntza dela esango nuke, edo, behintzat, niri hobekien egokitzen zaidana.

 

Azken hilabeteotan banda handiekin oholtza berean aritzeko aukera izan duzu eta, esaterako, Berri Txarrak taldearekin partekatu duzu eszenatokia. Zer sentitzen du batek, horrelako taldeen parean jarrita?

Egia esan, txapela kentzeko modukoa da Berri Txarrakena. Gu hemen gabiltza, eta Berri Txarrak oso indartsu dabil bere esparruan, eta guri eskua luzatzea ongietorri ederra izan zen, itsasontzi horretara igotzeko. Niretzat oso garrantzitsua da harreman hori sortu izana, eta oso-oso pozik nago, asko eskertzen diet.

 

Zuk zeuk ere talde sendoa osatu duzu diskoa plazaratzeko.

Bai. Nire bandan Uriol Flores baterian aritzen da, Ane Bastida baxuan, eta Iker Lauroba teklatuekin eta gitarrekin. Joan den urtarrilean hasi ginen guztiok batera jotzen eta kantuak grabatzen eta, egia esan, oso ondo moldatu gara hasiera-hasieratik. Nire lehenengo musikariak dira, nire lehenengo banda da, eta luzerako apustua egin nahi dut eurak nire ondoan mantentzeko.

 

Zer ematen dio banda batek norberak sortutako kantuei?

Bestelako janzkera bat ematen diela uste dut. Bakarka ere ibiltzen naiz oraindik, noiz edo noiz, baina bandak halako gorputz bat ematen die kantuei, eta beste dinamika bat eskaintzen du oholtza handiak betetzeko. Gainera, ni eroso sentitzen naiz bandan, bakarrik zoazenean lortzen ez duzun segurtasun bat ematen didatelako.

 

Musika lasaia egiten duzula aipatu duzu, eta Om izenburua aukeratu duzu diskoarentzat. Loturarik ba al du?

Bai. Disko honetan autosendatze bat topatu dut, eta horri tiraz Om mantraren hitza aukeratu nuen izenburutzat. Sendagarria da, eta dena hortik sortu eta horra hiltzen den prozesu bat ere bada. Azken finean, bizitza bera ere hori da, eta diskoan ni sendatzeko modu bat topatu dudanez, Let it be sentsazioarekin geratu nahi nuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!