Munduak dardara zergatik egin duen

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 16a, 08:02

Zortzigarrenez, Tolosaldea LHIk Jesus Torkemada Topic zentroan hizlari aritzea lortu du; aste honetan eskaini du azken aurreko saioa, eta AEBetako hauteskundeen gakoak hizpide izan ditu.

Espero gabea izan zen, inkesta guztiek egindako aurreikuspenen aurkakoa. Eta, batez ere, eztabaidaezina, zenbakiei begiratuta: Hillary Clintonek 232 eserleku eskuratu zituen bitartean, Donald Trumpek 306 eskuratu zituen, joan den asteartean, Amerikar Estatu Batuetako hauteskundeetan.

Azken urtebetean, hitzorduak dantzan jarri ditu analista politiko, kazetari nahiz herritarrak; dantzan jarri du mundua. Eta, noski, dantzan jarri du Jesus Torkemada aditua ere. Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe, gaurkotasun soziopolitikoaren inguruko VIII. mintegia baliatu du kazetari donostiarrak, Trumpen garaipenaren gakoak eta ondorioak Tolosara bertaratzeko.


GAKOAK

1.Hauteskunde sistema federala. AEBak 13 estatu zireneko garaian zehazturiko sistema da. Estatuen artean komunikatzeko zailtasunak zituztela eta, hauteskundeak pasatakoan hitzordua jartzen zuten Washingtonen, eta estatu bakoitzak ordezkari bana eramaten zuen hitzordura, Hauteskunde Elkargoan botoa emateko. Garrantzitsua estatu bakoitzean irabaztea zen, beraz; gaur egun bezala. Estatuz estatu egiten da kontaketa, eta estatu bakoitzean irabazi egin behar da. Gero, populazioaren arabera, estatu bakoitzak ordezkari kopuru jakin bat du. Emaitzei erreparatuta, badira zalantzakoak diren zenbait estatu, eta horietan irabaztea izan ohi da hautagaien helburua: normalean, Pennsylvanian, Ipar Carolinan, Ohion eta Floridan zein alderdik irabazten duen begiratu behar izaten da, eta Hillary Clintonek guztietan galdu du. Hauteskunde sistema horrek bitxikeriei bide ematen die, izan ere, posible da, botoetan ez irabazita ere, AEBetako hauteskundeak irabaztea. Horixe gertatu da Trumpekin: Hillary Clinton baino 231.000 boto gutxiago jasota ere, hauteskundeak irabazi ditu. Torkemadaren iritziz, «gizarte estatubatuarreko zatiketa» dela erakusten du horrek: «Historian lau aldiz bakarrik gertatu da horrelako zerbait. 1884an gertatu zen, eta 2000. urtean ere bai, Bushekin; hark 531 botoren aldeaz irabazi zuen, Florida irabazita».

2.Bi AEB. «Beti zatituta egon dira AEBak, eta orain are gehiago», dio Torkemadak. Erdialdeko estatuak «beste mundu bat» dira kazetariaren iritziz: oso kontserbadoreak. Aldiz , ertzetako estatuak aurrerakoiagoak dira: «Woody Allenen filmek islatzen duten gizartea New Yorkekoa da».

3.Euren munstroa, euren aurka. Erdialdetik urrun dauden estatu horietako batzuetan Ohio, Michigan eta Wiconsin, kasu industriak indar handia du, eta klase ertaineko langile zuriak haserre daude, azken urteotan. «Orain arte ondo bizi ziren, baina, orain, ikusten ari dira atzerriko ekoizpena lana kentzen hasi zaiela. Ez dira konturatzen, eurak izan zirela globalizazioa sortu zutenak», dio Torkemadak. Haserre dauden horiek erabat erakarri ditu Trumpek diskurtso arrazistak, eta etorkinek lana kenduko dietela sinetsi dute. Dena den, estatubatuar zuriak «zatituta» daude.

4.Arrazakeria. Ekonomiak piztu du askoren haserrea baina, Torkemadaren iritziz, egiazki, «faxista hutsak direlako» eman diote botoa Trumpi; arrazismoa dago atzean. 1980an, zuriak AEBetako herritarren %80 ziren eta, gaur egun, %62 dira. Donald Trumpen argudio arrazistek oinarri hori hartzen dute, indartzeko. «Oro har, beltzak eta latinoak demokratak dira, Floridako kubatar errepublikarrak izan ezik», dio. Hala ere, latinoen %29k Trumpi eman zioten botoa joan den astean. Beltzen %88ak Clintonen alde egin zuten; Obamari beltzen %93k eman zioten botoa. Trumpen garaipena Europako joera politikoei gehituta, Torkemadak «argi» dauka AEBek eta Europak migrazioaren gaiari heldu behar diotela: «Beharbada, mugak kontrolatzea proposatu beharko da, eskuin muturreko gizartea baretzeko eta, horrekin batera, errefuxiatuen politika on bat garatu beharko da. Gainerakoan, korronte faxista baten atarian gaude, zalantzarik gabe».

5.Clintonek, nortasun gutxi? Hainbat adituren iritziz, Clintonen nortasunak mesede egin dio Trumpi: «Hillaryk ez du grina sutsurik sortzen, ez txarrerako, eta ezta onerako ere». Horren aurrean, Bernie Sanders demokratak Clintonek baino emaitza hobeak lortuko ote zituen pentsatu du hainbatek: «Gazteen artean, ziur aski harrera hobea izango zukeen, Clinton baino irekiagoa delako, ezkertiarragoa. Aldiz, erdialdeko boto-emaileak galtzeko arriskua ere bazuen».

6.Karisma lotsagabea. «Trumpek populismoa baliatu du, eta apustu sendoa egin du bide horretan», dio Torkemadak. Karisma lotsagabea eraiki du hilabeteotan guztiotan eta, besteak beste, bere ondare ekonomikoaz harro dagoela azaldu du, argi eta garbi: 9.300 milioi euro baino gehiagoko ondarea du EAEko urteko aurrekontuaren parekoa, eta urtean 334 milioi euroko diru sarrerak ditu. Besteak beste, luxuzko eraikinak, hotelak nahiz golf zelaiak ditu jabetzan. Behinola izandako porrot ekonomiko baten ondorioz, azken 19 urteotan ez dio ogasunari ordaindu. Antisistematzat du bere burua, eta elitea gaitzesten du mitinetan: «Baina, nola izango da Donald Trump antisistema?», dio Torkemadak. Eliteaz ari denean, ordea, ez du elite ekonomikoa gaitzesten, elite intelektual eta kulturala baizik: «Gogoan izan behar da, 1930ean naziek elite hori gorroto zutela, eta Falangeak ere gauza bera egiten zuela Espainian». Mexiko eta AEBak banatzen dituen 3 kilometroko mugan eraiki nahi duen harresia bere proposamen entzutetsuena bilakatu da, paperik gabeko migratzaileen aurka. Baina, paradoxikoki, emigranteen semea da Donald Trump: aitaren aldeko aitona alemaniarra zen eta, ama, berriz, eskoziarra zuen. Emakumeen aurka egindako adierazpen gaitzesgarrien zerrenda ere amaiezina da: «Emakume guztiak diruzaleak dira», «Ejerzitoko eraso sexistak ulergarriak dira», «Nire ondarea oso erakargarria egiten zaie emakumeei», «Diru asko duzunean, emakumeei nahi duzun guztia egin diezaiekezu, alutik heldu ditzakezu»,... Hori gutxi balitz, abortoaren aurka azaldu da, argi eta garbi, Torkemadaren iritziz, boto fundamentalistaren bila. Bada, Trumpen jarrera sexista agerikoa ez da nahikoa izan zenbait emakume haserretzeko: emakumeen %51k botoa eman diote errepublikarrari.

7.Ezkutuko botoa. Ezkertiar haserretua izatea «modan» dago Torkemadaren ustez: «Agerikoagoa da». Aldiz, eskuindar haserretua izatea ez da begi onez ikusten, eta neurgaitzak dira. Joan den azaroaren 8ko hauteskundeen ondorengo inkestek zera diote: Trumpi botoa eman diotenen %80k botoa erabakita zutela, udaz geroztik. Ezkutuko boto zenbait badira, beraz.

8.Konspirazioen dantza. AEBetako hauteskundeen hitzordua baino bi aste lehenago, FBIk argitaratu zuen Hillary Clintonen ustezko ustelkeria kasu bat ikertzen ari zirela, James Comey zuzendariaren eskutik. Ikerketaren arabera, Clinton bere helbide elektroniko pribatua erabiltzen aritu zen, estatuko idazkari zela, estatuko idazkariaren helbidearekin batera: «Zergatik esku-hartu du FBIk, inkestetan hain alde txikia egonda? Arraroa da, eta are arraroagoa, zabalik dagoen ikerketa baten berri ematea. Gainera, Trumpek hamaika istilu ditu haiekin ikerketak abiarazteko ere», dio Torkemadak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!