«Harreran hartzen den haurraren etorkizuna aldatu egiten da»

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 15a, 10:36

Babes beharrean dauden haurrak modu solidarioan etxean hartzeko prest daudenak dira harrera familiak, eta Gipuzkoan harrera familien beharra dago. Gipuzkoako Foru Aldundiak Benetako besarkadak goiburupean kanpaina jarri du martxan harrera familiak topatzeko. Gaur hitzaldia izango da, 15:00etan, Tolosako kultur etxeko Topagunean. Bertan izango da Joxe Mari Lezana aldundiko Familia Harrera eta Adopzioko atalburua.

Zenbat haur eta nerabe daude Gipuzkoan familia baten zain?

Egun 60 dira. Gipuzkoan, beste lekuetan bezala, babesik gabe dauden ume eta nerabe kopuru nahiko handia dugu, eta aldundiak ardura du neska eta mutil hauei alternatiba bat emateko. Gu saiatzen gara ahal den heinean, bere familiarekin ezin badira bizi, beste familia batekin bizi eta heztea.

Eta zenbat haur eta nerabe bizi dira harrera familietan?

360 dira. Kopuru nahiko handia da, eta nahiko ezezaguna da datu hori jendearen artean. Baina badaude beste 300 gure egoitzetan harreran daudenak, eta haien artean 60 prest egon lirateke familia batera joateko.

Harrera familia bat topatu bitartean, egoitza horietan egoten dira, beraz.

Hezitzaile taldeak daude beraiekin eta ondo zainduta daude, baina gertatzen dena da ezin dutela familia batek eman dezakeena errepikatu. Posible da zaintzea eta ahal den heinean bizitza nahiko normala eramatea, baina familiak ematen duen giroa, hurbiltasuna eta ziurtasuna ezinezkoa da zentro batean errepikatzea.

Zer ezaugarri dituzte haur eta nerabe horiek?

Beraien beharrak oso ezberdinak dira, horregatik esaten dugu oso familia ezberdinak behar ditugula. Halere, badaude ezaugarri batzuk nahiko presente daudenak: neska-mutil hauek bizi izan dituzte oso egoera zailak eta larriak bere familietan, eta horrek ondorioak dauzka. Afektiboki zailtasunak izan ditzakete besteekiko harremanak mantentzeko. Lehenengo unean mesfidantza azalduko dute, ziur aski ez dute sinetsiko noraino norbaitek bere ardura hartu nahi duen, maitasuna eman nahi dion eta hori ziurtatuta duen.

Zein izaten da harrera familiaren zeregina?

Batez ere da haur eta nerabe horien beharrak betetzea. Hori esatea asko da. Beharrak fisikoak, afektiboak, heztekoak, gizarteratzekoak... dira. Aldundiak tutoretza mantentzen du eta badu ardura, baina eguneroko erabakiak familiak hartuko ditu. Profesionalen talde bat dago jarraipena egin eta laguntzeko.

Izan ere, harreran hartzea ez da adopzioa.

Ez da adopzioa eta ez da adopzioa lortzeko bide bat ere. Harrera familien artean gehienak harrera iraunkorrak dira; horrek esan nahi du epe luzerako direla, eta izan daiteke 18 urte bete arte. Beti mantenduko dute, edo kasu gehienetan, harremana familia biologikoarekin.

Zer mezu azaltzen duzue harrera familiak lortzeko?

Oso garrantzitsua da eta polita da entzutea harrera familietakoek zer esaten duten. Beraiek dira esperientzia bizitzen ari direnak eta haiek adierazi dezakete oso ondo zer suposatzen duen beraientzat haur bat harreran izatea. Gure hitzaldietan beti izaten da harrera familia bat bere esperientzia kontatzeko, eta hori egingo dugu Tolosan ere.

Batez ere esaten dute oso aberatsa dela. Baditu alde zailak eta kontuan hartu behar da zailtasunak agertuko direla, baina badago ere alde aberatsa, bai harrera familiako gurasoentzat eta baita familia horretan dauden beste neska-mutilentzat ere. Gogoan dut nola pertsona batek esaten zuen bere bizitzan egindako gauza zailena zela harreran hartzea haur bat, baina baita egin duen aberasgarriena ere.

Kanpainari Benetako besarkadak izena jarriz zer adierazi nahi duzue?

Familiak ematen duen besarkada dela benetakoa, haurrak horrela sentitzen du. Harrera familia izan arte eduki ez duena izango du, eta horrek suposatzen duena neurri-ezina da. Harrera familiakoek esaten dute oso polita dela ikustea nola iristen den haurra beraien etxera eta gero nola dagoen denbora pasa ondoren. Haurraren etorkizuna aldatu egiten da, eta hori oso gauza handia da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!