Bildarratz senatari autonomiko izateko hautagai

Ataria 2016ko azaroaren 14a

Espainiako Senatuan Euskal Autonomi Erkidegoa ordezkatzeko hiru senatari izendatuko dituzte eta bost hautagai aurkeztu dituzte alderdiek. Horien artean, kargua berritzeko, Jokin Bildarratz tolosarra aurkeztu du EAJk.

Tolosako alkate izandakoarekin batera, Juan Carlos Ramirez aurkeztu du EAJk senatari izateko hautagai. EH Bilduk berriz, Jon Iñarritu hautatu du eta Elkarrekin-Podemosek Luis Alejos. PSE-EEk bederatzi eserleku baino ez ditu legebiltzarrean, baina hala ere, Espainiako Senatuan ordezkaria lortzeko babes bila dabil. Tontxu Rodriguez da alderdi sozialistak aukeratu duen hautagaia.

Eusko Legebiltzarrean alderdi bakoitzak duen ordezkaritzaren arabera banatzen dituzte parlamentuan hiru senatari autonomikoak. EAJk bi ordezkari bidali nahi ditu goi ganbarara eta EH Bilduk (18 eserleku) eta Elkarrekin Podemosek (11 eserleku) uste dute ordezkari bana dagokiela. PSEk Tontxu Rodriguezen hautagaitza aurkeztu du eta PPk ez du argitu senatari izateko izenik proposatuko ote duen.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!