Munduari bira, elkartasuna dastatuz

Ataria 2016ko azaroaren 12a

Crepe marokiarrak, haragi pasteltxoak, Argentinako enpanadak, babarrunak, gildak, Kolonbiako kroketak... mundu osoko zaporeen bilgune izan da gaur goizean, Tolosako Trianguloa. Zutani elkarteak Pintxo Tour Solidarioa antolatu du dirua biltzeko eta jende asko gerturatu da ekitaldira.

Zutani herri mugimenduko kideek jatekoa euren kabuz biltzeko aukerarik ez duten pertsonei laguntzeko egiten dute lan. 202 familiari ematen diete jatekoa, hilero-hilero, 600 bat pertsona guztira. Eurek lagundu ahal izateko ordea, eurei ere lagundu behar zaie, eta hori dela eta Pintxo Tour Solidarioa egin dute gaur. Mundu guztiko jakiak dastatzeko aukera izan da, eta bertan bildutako dirua euren eguneroko jardunari eusteko erabiliko dutela esan du elkarteko Arantxa Iruretagoienak. Era berean, haurrei barazki eta fruta freskoak emateko beharraz hitz egin du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!