Grisaren tonalitate infinituak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 12a, 08:21
Joxemi Saizar moderatzaile lanetan aritu zen, Mintegi, Epaltza eta Canoren solasaldian.

Joan den ostegunean Aingeru Epaltza, Laura Mintegi eta Harkaitz Cano izan ziren, pleno aretoan aulki librerik ez geratu izanaren errudunak, Tolosako Bizikidetza Foroak antolatutako hitzorduan. 

Memoriaren egunean memoriaz aritzera gonbidatu zituen, Tolosako Bizikidetza Foroak, Aingeru Epaltza, Laura Mintegi eta Harkaitz Cano. Memoriaz eta literaturaz, eta gatazkaz; kontzeptu bakanez, eta euren arteko uztartzeez.

Gatazka batek hainbat erpin eta ertz izan baditzake ere, hirurak bat etorri baitziren euskal gizarteko bandoek literaturan izan duten pisua berresterakoan: zuri edo beltz. “Irabazleen eta galtzaileen izena ezarri nahia dago” Harkaitz Canoren ustez, baina ez du zatiketa horrekin bat egiten: “Ikasi egin behar dugu bizitzen, kontraesanean dauden ideien ebazpena ezagutu gabe”. Ebazpena ezagutu gabe, eta bi koloreren arteko aukeraketa estua egin beharrik izan gabe, Aingeru Epaltzaren arabera: “Idazleok ez dugu hautatu: euskal literaturan grisaren tonalitate infinituak daude”.

Eta, hain zuzen, grisaren unibertsoetan barrena nabigatzea izan da, 1980ko hamarkadatik hona, euskal idazleen kalbarioetako bat. Antza, “erdal literaturan bada euskal idazleak akusatuaren aulkian esertzeko joera”, gatazkaren gaiari “berandu” heldu diotela argudiatuz. Hiru idazleek, baina, ahobizarrik gabe diote gehiegi eskatzen zaiola literaturari: “Literaturari ez dagokio inor derrotatzea. Idazlearen gozamena politikoki ez-zuzena izatea da, zirikatzea, lohian sartzea eta berriro ateratzea”, dio Canok.

 

Mina kontatzeko zirrikituak

Baieztapen horri eutsita ere, “zenbakiek diote” gatazkaren arorik gordinena ez zela bat etorri, gaiaren inguruko ekoizpen literario oparoenarekin, Epaltzaren arabera: “1980ko hamarkadan, gatazkaren aro gordinenean, gaia ia ez zen jorratu. 1990ko hamarkadan tabua hautsi zen eta, 2000. urtetik aurrera, euskal gatazka ia gai kanoniko bilakatu da, modu batera edo bestera”.

Faktu horri azalpenak eman zizkion Laura Mintegik; haren arabera, gatazkak alderik alde zeharkatu ditu idazleak ere, eta kanpoko gatazkak barne-gatazka bat sortu die. Horrela, “euskal idazleek zenbait errekurtso literario erabili izan dituzte” kanpoko gatazkari erantzuteko: “Distantzia eta ekidistantzia Bi anai paradigmatikoan; multibegirada Ehun metron; objektibotasuna Zorion perfektuan; iraganari begiratzea, Otto Petten, haurtzaroko leku idealera joatea, Kolosala izango da lanean; geografia imajinarioak sortzea, Obaban; subjektu baten intimitatea kontatzea Koaderno Gorrian; edo, bestela, gatazka atzeko paisaia bezala erabiltzea, barrura sartzeko kemenik gabe, nik egin izan dudan moduan”.

 

Hamarkadak zigilu

Baina, baliabide horiek baino pisu handiagoa du, Epaltza, Mintegi eta Canoren ustez, gatazkaren eta idazlearen arteko distantziak: belaunaldiek, alegia. “ETA sortu zeneko belaunaldiak erabaki beharra izan zuen, sartu edo ez sartu, eta hori irakurri egin daiteke garai hartakoak diren idazleen literaturan”, Laura Mintegiren ustez. Besteak beste, Joseba Zulaika, Ramon Saizarbitoria, Andu Lertxundi eta Bernardo Atxaga ditu, idazle-belaunaldi horretako kidetzat.

Haien ondorengoen zigilua, berriz, Jon Alonsok darabilen termino batetik hartu zuen Mintegik: berunaren belaunaldia, eurena. “Ez genuen erabaki behar hori hain gertu sentitu, baina larritasun handiaz bizi izan genuen garaia”. Literaturan, berriz, lubakiaren garaia izan zen, eta “ezinikusi handiak” sortu ziren euskal idazleen artean, 1996an nolabaiteko bake akordio bat adostu zuten arte.

Berun belaunaldiaren distantzia areagotu zuen hirugarren belaunaldiak: “belaunaldi mediatikoak”. Mintegiren ustez, Harkaitz Canok eta haren belaunaldikoek “oso desberdin” bizi izan dute gatazka: “Guk ezin izango genukeen moduan hitz egin ahal izan duzue gatazkaz, eta liseritze horren lehen erakuslea da; konplexurik gabe idatzi duzue”.

 

Ezjakintasuna” altxor

“Konplexurik gabekoen” belaunaldi horretako kide da Harkaitz Cano, eta “lotsagabekeriaz edo ezjakintasunaz” aritzea gatazka jorratzeko indargune bilakatu zaiela dio: “Beharbada gaizki deskribatu ditugu zenbait leku edo momentu, baina lekuko zuzenek hartzen ez duten distantzia hartzea ahalbidetu digu horrek. Izan ere, fikzioak koherente izan behar du, eta errealitateak ez; baina lekukoak ez du distantzia hori, koherentziaz kontatzeko”.

Bide horretan, zuzenki memoriaren eta belaunaldien inguruan ere hausnartu zuen Canok: “Memoria ez da transmititzen, memoria berreskuratu egiten da; iragana interpretatzeko moduak aldatu egiten dira. (...) Errelatoak kontatzeko kontalariak behar dira, eta kontalari horiek hilak baldin badaude, edo ezer kontatu nahi ez badute, hor dago literatura: literaturak aukera bat du memoriaren ezlekuetan, inor egon ez den lekuetan egon daiteke”.

 

Arima zuridun beltzik, ez

Inor egon ez den leku horietara iristeko, besteak beste, hitzak dira idazlearen tresna; tresna hori, ordea, oso “modu arinean” erabiltzen da sarri, Canoren arabera: “Idazlearen aukera da hitzen gaineko lokatzari adi egotea eta, batzuetan, esanahi berriak gehitzen dira, modu manipulatzailean”. Hiru termino baliatu zituen adibidetzat, lasartearrak: “Errespetua hitzak, batzuetan tolerantzia esan nahi du. Baina, norbaitek toleratzen zaituela esaten dizunean, esan dezake indiferente zatzaizkiola. Eta, 'indiferente zara' esaten dizunak, mespretxatu egiten zaitu”.

Azkenik, gatazka liseritzeko behar adina distantzia hartu, baliabide literarioak aukeratu eta hitzen erabilera neurtzearekin batera, idazlearen tonuan ere azpimarra jarri zuten: “Gatazka garaietan idazteko, ez da hain garrantzitsua nora zoazen, baizik eta nor zaren; beti zure begirada izan dadila, nahiz eta fikzioa izan”, azaldu zuen Laura Mintegik. Gertatu izan baita, nobelaren ideologiak eta idazlearenak talka egitea: “Literatura iraultzailea ez da komandoez ari dena, literatura feminista hilerokoaz eta baginaz ari dena ez den modu berean. Zenbait euskal idazlek ideologia kontserbadoredun lanak egin izan dituzte, literatura iraultzailearekin, tonua da kontua. Idazleak ezin du arima zuridun beltza izan, hori baita gure arriskurik handiena: izan ezin dugun hori izan nahi izatea”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!