Elkartasun zaporeko pintxoak, Trianguloan

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 10a, 10:08
Beren jarduna plazaratzearekin batera, boluntario sarea indartu egin nahi du Zutani elkarteak.

Tolosako Zutani elkarteak hiru urte daramatza herritar guztien oinarrizko elikadura bermatu nahian; finantziazioa eta saretzea indartu nahi dituzte orain

Pintxo potea ostegunetako kontua izan ohi den arren, aste honetan larunbatak ere pintxo potea egiteko aukera eskainiko du Tolosan, eta elkartasun helburuz, gainera: Zutani elkarteak pintxo pote solidarioa antolatu du, finantziazio zabalagoa eskuratu eta familia gehiagori lagundu ahal izateko.

2013an sortu zuten Zutani, eta hainbat elkarteren atxikimenduaz gorpuztu zuten oinarrizko elikadura bermatzeko taldea. Denborarekin, ordea, beharrak eta elkartea bera garatu egin dira, eta orduko 65 familiaren kopurua 202 familiatara hazi da: «Kopurua handitzen joan den heinean, gure beharrak ere aldatzen joan dira eta, hasiera batean oinarrizko elikagaiak bakarrik banatzen bagenituen ere, gaur egun bestelako beharrak ere izaten dituzte Zuta nira bertaratzen direnek; aholkularitza behar izaten dute, etxebizitza nahiz ikasketen inguruan, adibidez», azaldu du Arantxa Iruretagoiena Zutaniko boluntarioak.

Bide beretik, elikagai mota anitzagoaren beharraz ere ohartarazi dute Zutaniko boluntarioek. Izan ere, Oiartzundik Tolosara iristen diren jaki guztiak jaki lehorrak dira: «202 familia horietan hainbat haur daude, eta elikagai lehor horiek ez dira nahikoa beren heziketa osasuntsua bermatzeko. Fruituak eta barazkiak behar dituzte, baina, gaur egun, guk ez daukagu baliabide ekonomikorik elikagai mota horiek ere banatzeko, nahiz eta udalak eta zenbait enpresak babesa ematen diguten».

Horrela, bada, larunbat goizeko pintxo pote solidarioak behar horiei guztiei erantzutea izango du helburu.

HITZORDU BAT, HAMAIKA KULTURA

Janari aniztasuna bermatzeko aurrekontua eskuratzearekin batera, Zutani elkarteak beste bi jomuga ere baditu, larunbateko hitzorduaren inguruan.

Lehena, elkartearen zabalkundea bera izango da: «Eskualdean ezagutarazi egin nahi dugu geure burua, eta herritarren artean sentsibilizazioa sortu».

Eta, hari horri tiraz, Zutani elkartearen kezkari eutsi eta eurekin lan egin nahi duen jendea ere aurkitu nahi dute: «Hainbat modutara lagun diezagukete: ekonomikoki, ikasketa lerroen arabera aholkularitzan,...», azaldu du Judith Fonsecak.

Argentina, Brasil, Kolonbia, Maroko, Nigeria, Senegal, Dominikar Errepublika, Venezuela eta Euskal Herriko pintxoak dastagai izango dira, larunbatean, Trianguloan, 10:00etatik 14:30era bitarte. 3 euro ordainduta, bina pintxo eta edaria dastatzeko aukera izango da, eta Peñascal Fundazioaren, Gure Kaiolaren, Lur lan-en eta Super Ekoren laguntza izango dute guztia prestatzeko.

Haurrek ere izango dute beren txokoa, Txikitxef eremuan: «Begiraleekin sukalde kontuak landuko dituzte, eta kulturartekotasuna ere bai».

GUTXI, ASKO IZAN DAITEKE

Elkarteen atxikimenduei boluntarioen lana gailendu zaio, eta Zutani gizarte eragilea da, gaur egun; aipatzekoa da, eskualdean ez dela antzeko laguntza eskaintzen duen beste talderik.

Batez beste 50 boluntario aritzen dira, eta saretzean azpimarra jarri nahi dute. Horrela, zutanitolosa@gmail.com helbidean edo larunbatean prestatuko duten informazio puntuan izena emateko aukera izango dute, egitasmoan lagundu nahi dutenek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!