«Ia inork ez du kontatzen menopausiak gauza onak ekar ditzakeenik»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 9a, 08:02

Ostiral eta larunbatean menopausiaren zikloaz ariko da Tolosako jabetze eskolan, baina zalantzarik ez du: lehen hilerokotik hasita, emakumeen sexualitatea zikinkeriatzat jo nahi izan dute mendez mende.

Bizitzaren ziklo bat gehiago izanagatik, menopausia idatzi gabeko kondena bilakatzen da emakume askorentzat. Laura Juarrosek (Logroño, Espainia, 1960) argi dauka parekidetasun ezaren ondorio bat bat gehiago dela, eta «emakumeok esna egon behar dugula, saldu nahi diguten guztiaren aurrean». Menopausia: heldutasunaren jakinduriarantzikastaroan, hamaika gako eskainiko ditu, ustez grisa den fasea koloreztatzeko.

Nola definituko zenuke menopausia?

Niretzat emakumeon bizitzako momentu bat da. Aldaketa biologiko bat gertatzen da, ugalkortasuna amaitu egiten delako, baina, horrekin batera, menopausia beste hainbat aldaketarekin markatuta dago sozialki: adin tarte ertainera iristen gara, eta gure bizitzako hainbat kontu birplanteatu behar izaten ditugu. Adibidez, seme-alabek etxetik alde egin duten garaia izaten da askotan, nahiz eta, hori ere aldatu den. Lehen, emakume tradizionalenen kasuan, depresioen iturburu izaten zen hori, amatasunari beren energia osoa eskaintzen ziotelako. Orain, ordea, aurkakoa gertatzen da: emakumeek beren buruarentzat denbora gehiago nahi duten garaian, seme-alabak oraindik etxean bizi dira. Eta, kasu askotan, gurasoen zaintzaren pisua ere emakumeen bizkar egoten da.

Aldaketa fisiologikoen segida baino askoz harago doa.

Noski. Askotan, aldaketa fisiologiko horiei azpimarra gehiegi jartzen zaie, menopausian gertatzen den guztia hormonei egotziz. Baina, egiazki, emakumeen bizitzako momentu horren inguruan gauza asko gertatzen dira, eta horiei heldu nahi diegu guk, medikuntza ikuspegi batetik baino, bestelako ikuspuntu batetik.

Hausnarketa kritikoa egingo duzue?

Bai, izan ere, gizarteak emakumeok baztertzen jarraitzen du. Adin jakin batera iristea ez da begi onez ikusten, eta gaztetasuna bakarrik hartzen da aintzat. Sexismoaz gain, emakumeenganako adinkeria ere bai baitago. Aldiz, badirudi gizonezkoak ez direla hain azkar zahartzen; edo gizarteak ez ditu hain azkar zahartzen. Gainera, emakumeen edertasunari neurriz kanpoko balioa ematen zaio eta, zer esanik ez, argaltasunari. Bide beretik, 50 urtetik gorako emakumeak jarduera sexualik gabeko emakumetzat jotzen dira komunikabideetan; eskaintzeko ezer ez balute bezala deskribatzen dituzte. Estereotipo horiek guztiek eragiten digute emakumeoi, bai, behintzat, kritikarik egiten ez badiegu. Zorionez, gaur egun, emakumeok badugu feminismotik abiatutako jakituria bat, eta horrek kritikak egitea ahalbidetzen digu.

Beraz, menopausiak tabu bat izaten jarraitzen du?

Bai eta, gainera, medikuntza ikuspuntutik bakarrik begiratzen zaio: menopausia iristen denean gertatuko zaizkigun gauza txar guztiak zerrendatzen dizkigute. Baina, ia inork ez du kontatzen, menopausiak emakumeoi gauza onak ere ekar diezazkigukeela: norbere buruarentzat denbora gehiago izatea, utzita genituen gauzak berriro hartzea,... Kontu horiek ez dute lekurik menopausia hizpide denean, eta ikastaroa modu bat da horri garrantzia emateko.

Hilerokoak ere tabu izaten jarraitzen du gaztetxoen artean: kontatzea, naturaltasunez bizitzea,... Zergatik ezkutatzen dira, nolabait, emakumeen bizitzako ziklo horiek guztiak?

Emakumeok jasan dugun diskriminazioagatik dela uste dut. Normala edo ohikoa maskulinoa da, eta emakumeok 'bestea' gara beti: anormala edo ezohikoa. Emakumeen sexualitatea beti zapaldu izan da eta, horregatik, hilerokoa zikinkeriatzat jo izan du beti gizarteak, bekatuzko kontutzat. Ideologia hori bizkar gainean daramagu gaur egun, eta hilerokoaz ez da, oraindik, modu naturalean hitz egiten. Beti ezkutatu egin behar izaten da: ez diezazutela ikusi, ez dadila nabaritu,... 

Horren harira, nola ikusten dituzu belaunaldi berriak?

Hilerokoaren gaia naturaltasunez hartu dadin, lanean ari dira hainbat sektore, eta emakume gazte asko ere bide horretan ikusten ditut. Baina, era berean, bada bestelako sektore bat; publikorik handiena biltzen duen sektorea, telebista saioei jaramon egiten diena. Sektore hori oraindik ez da pauso horretara iritsi, eta emakume gazte asko ikusten ditut, oraindik, beren burua onartu ezinik. Emakumearen sexualizazio horrek asko kezkatzen nau. Olinpiar Jokoak erabil daitezke adibidetzat: kirolarien ohiko argazkiak argitaratu beharrean, zenbait komunikabidek kirolariek ipurdiak, bularrak edo gorputza nabarmendu zituzten. Horrek eragin handia du gizartean, eta gudu-zelai garrantzitsua dugu aurrean.

Zein izango dira menopausiaren gudu-zelaiari aurre egiteko gakoak, ikastaroan?

Batez ere, aipaturiko estereotipo horiek guztiak zalantzan jartzea, ez soilik bakarka, baita taldean ere. Emakumeok askatu egin behar dugu eman izan dizkiguten genero arauetatik, eta horren beharraz jabetu. Zenbat eta gehiago askatu, orduan eta libreago iritsiko gara menopausiara. Bestalde, aromaterapia ere landuko dugu. Norbere zaintzarekin eta sentsualitatearekin zerikusi handia du, eta oso garrantzitsua da gure gorputzarekin dugun konexioa berreskuratzea. Azkenik, taoismoan jatorria duten ariketak ere proposatuko ditut.

Zure ikasleengan nabaritzen al duzu sentsazio aldaketarik?

Uste dut parte hartzaileak babestuta sentitzen direla, ikusten dutelako, norberak bakarka sentitzen edo pentsatzen dituen horiek beste batzuek ere sentitzen eta pentsatzen dituztela. Asko laguntzen die ikusteak, ez direla inguruko zenbait konturekin harrituta edo haserre dauden bakarrak, eta enpatia horrek askatze bat dakar. Dena den, hori ez da bi eguneko kontua eta, horregatik, ikastaroa amaitutakoan bakoitzak bere kabuz egiteko lantxoak ere proposatzen dizkiet: irakurgaiak, ariketak,...

Norbere buruaren zaintzaren garrantzia azpimarratu duzu menopausia bizi duten emakumeentzat, baina, zure ustez, zaintza horri garrantzia eman beharko litzaioke emakumeen bizitzako ziklo guztietan?

Noski baietz, hori argi dago. Menopausiarekin zera gertatzen da, ordura arte zeure buruaren zaintzari denbora gehiegi eskaini ez badiozu ere, menopausiak berak horretara behartuko zaituela. Gorputzak eskatuko dizu, bizitza osoan barrena landu gabekoa pilatu zaizulako: lanaldi bikoitzak lantokian zein etxean, zaintzaren ardura osoa,... Ez dut inolako zalantzarik: geure gorputzaren zaintza oso kontuan hartu beharko genuke bizitza osoan barrena, gazte zein heldu, eta hori egin ez izanaren eraginak osasun arazo moduan azalduko dira, akaso, menopausiaren garaian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!