Irango mundu magikoak hartuko du Tolosa

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko azaroaren 4a

Bihar inauguratuko dute, Topic zentroan, Yase Taman konpainia irandarraren erakusketa.

Zahra Sabri txotxongilolariaren eta haren konpainiaren panpinekin osatu du, Topic zentroak, erakusketa berria; harrera egin zieten, atzo, Tolosako udaletxean.

Yase Taman txotxongilo konpainia Irandik Euskal Herrira bertaratu da, Topic zentroan irekitzear den erakusketaren aitzakian.

Zahra Sabri txotxongilolaria da konpainiako zuzendaria, eta harekin batera bidaiatu dute Mady Shafiee Irango zentro dramatiko nazionaleko zuzendariak, Mehrdad Rayanimakhsous Irango zentro dramatiko nazionaleko kanpo-harremanen zuzendariak, Alireza Esmaeli Irango enbaxadako kultur laguntzaileak, Joaquin Vargas kultur laguntzailearen interpreteak, Faetmeh Abbasi txotxongilolariak, Reza Mehdi Zadeh erakusketaren diseinatzaileak eta Seyed Reza Mousavi Hosseini argazkilariak.

Olatz Peon alkateak egin zien harrera, hainbat zinegotzirekin, eta Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakari Julian Lakunzarekin nahiz Etxepare Institutuko Kultura zuzendari Irene Larrazarekin batera. Oroigarriak trukatu eta gero, ohorezko agurra dantzatu zien dantzariak.

Bihar bertan inauguratuko dute Irango txotxongiloen erakusketa, Topic zentroan, baina konpainia irandarra igandera bitarte euskal lurretan ibiliko da. Besteak beste, Tabakalera, Dantzerti, San Telmo museoa eta Donostia Kultura ezagutuko dituzte egonaldian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!