Pintxopotea, Indiako hainbat proiektu laguntzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko aza. 2a, 10:22

Gajate, Perez, Hernandez, Azkue eta Eraso, proiektuko kartelak eskuan.

Deustoko Unibertsitateko bost ikaslek proiektu berezi bat abiarazi dute Vicente Ferrer Fundazioa diruz laguntzeko; pintxopotea egingo dute azaroko ostegunetan.

Deusto Business Schooleko Leire Azkue, Unai Eraso, Nestor Hernandez eta Lore Perez ikasle tolosarrek eta Markel Gajate donostiarrak osatutako lantaldeak antolatuta Elkartasun Pintxopotea izango da azaroko ostegunetan, Tolosan. Ikasketa proiektu baten barruan garatu dute ekitaldia eta Pintxo bat zuretzat, irrifarre bat beraientzat jarri diote izena. Deuston Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza eta Internacional Management Skills batzen dituen graduko hirugarren ikasturtea egiten ari dira, eta ikasgai baten barruan egin dute proiektua.

Udaran Indian izan ziren hamabost egunez, Indian Busines Schoolen, eta horietako hiru Vicente Ferrer Fundaziora eraman zituzten. «Oso esperientzia polita eta gogorra izan zen. Bizi baldintza oso gogorretan bizi dira», esan du Nestor Hernandezek. «Lekua nola zen ikusten genuen, hango langileekin eta Annarekin, Vicente Ferreren alargunarekin, egon ginen, herri batean egon ginen, eskola bat inauguratzeko aukera izan genuen, anputazioak zituzten umeak jasotzen dituen ospitale bat bisitatu ahal izan genuen...», gaineratu du Hernandezek.  

Ikasketetako proiektu bat da, beraz, eskuartean dutena. Helburua Vicente Ferrer Fundazioari lagundu ahal izateko dirua biltzea da. Horretarako, enpresa proiektuak garatzen, zuzentzen eta bideratzen ikasten dute, eta ikasketa horietan oinarrituta, Elkartasun Pintxopotea egitea erabaki dute.


10 taberna  

Proiektua diseinatu eta aurkeztu dute dagoeneko, eta baiezkoa jaso dute Tolosako hamar tabernatan. Beraz, azaroko ostegunetan, Indiara bidaltzeko dirua bilduko dute 19:30etik aurrera egingo den pintxopotean. Orbela, Ikatza, Astesuarra, PhotoKafe, The Nest, Agustin, Baserri, Babes, Iturri, Agustin Enea eta Elorri dira tabernak. Erretirodunen Etxea, La Taberna de Khris, Fronton eta Karela tabernek zuzenean egingo dute ekarpena.

Gutxiengo kontsumizioa 1,50 eurokoa izango da, eta diru kopuru hori guztia Indiara bidaltzeko izango da. 1,50 baino garestiagoak diren edariek lehengo prezioa mantenduko dute. Kontu zenbaki bat
ere zabaldu dute dirua bildu ahal izateko (ES 93 2095 5067 10 9116466040-Kutxabank), baita Facebook kontua ere (Facebook.com/pintxopotesolidariotolosa/).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!