Asteartean amaituko da 48. Tolosako Abesbatzen Lehiaketa. Argi printz ederrak utzi ditu aurtengo edizioak: Leidor antzokia eta Santa Klara eliza leporaino beteta ikustea hainbat saiotan; kubatarrek Trianguloan eskaini zuten emanaldia; Taiwan-eko abesbatzaren jantzi ikusgarriak; Tolosak azken egunetan izan duen kolorea. Lehiaketa bera, alegia, une gogoangarriak utzi dituen lehiaketa.
Holandarrak izan ziren txalo zakua betetzen lehenak, hasiera ekitaldian. Ondoren Esloveniarrak etorri ziren, eta ikus-entzuleak isildu ezinik jarri zituzten: Bravo! bravo! Euskal Herritik etorritako partaide bakarrak, Vocaliak, nazioarteko taldeen pare dagoela erakutsi du azken bi egunetan; aipatzekoa da Lau teilatu abestiari egin zioten moldaketa.
Baina ez da dena kantua eta lehia izan. Abesbatzetako kideak herria ezagutzen ere ikusi ditugu, eta Tolosaldeko Ataria horren lekuko zuzena izan da. Indonesiarrak Topic-en, Holandarrak «azkena» hartzen herriko taberna batean, edo Joseba Ostolaza harri jasotzaileari begira zezen-plazan, suediarrak, italiarrak, esloveniarrak eta lituaniarrak. Finean, Tolosako Abesbatzen Lehiaketaren ezkutuko aldea ere geratu da agerian azken egunetan. Laister ikusi ahalko dira irudi eta une eder horiek.