Pitxi-pitxiaren bueltan

Ane Urkola 2016ko urr. 29a, 14:59

XXIII. Tolosa Goxua azoka izan da goizean Tolosako Triangulo plazan. Goxoaz gain, musika izan da goizeko protagonista.

Giro ederra izan da goizean Tolosako Triangulo plazan. Eguraldia lagun, jende ugari hurbildu da gozoak dastatzera, eta Euskal Herriko zein nazioarteko doinuez gozatzera.

Sagar tarta lehiaketa izan da goizean. Elena Artzak, Eva Argiñano eta Joxe Mari Gorrotxategi izan dira epaimahaiko kideak. "Aho batez" hartu dute erabakia, eta bi sari banatu dituzte; lehenengoa, Maritxu Astiasaranek irabazi du, eta 240 euroko diru saria lortu du Tolosako gozotegietan gastatzeko. "Lehengai onak eta pazientzia dira sagar-tartaren sekretuak", adierazi du saria jaso berritan.

Bigarren saria, berriz, Violeta Millanek pasai antxoarrak irabazi du, eta 180 euroko saria lortu du Tolosako gozotegietan gastatzeko. 

Musika, kubatarren eskutik

Gozoaz gain, musika izan da azokako protagonista. Abesbatza Lehiaketan parte hartzen ari den Ensemble Vocal Ámbar ahots talde kubatarra aritu da Tolosako Trianguloan. Filipinetako Los cantantes de Manila abesbatza zen kantatzekoa, baina dokumentazio arazoak medio, taldeak ezin izan du lehiaketan parte hartu. 

Kubatarrak ez ezik, Tolosako herritarrek ere gogor astindu dituzte beren instrumentuak eta ahotsak. Kantari taldeko kideak, Tolosako Dultzaineroak eta Musika Eskolako dultzaina ikasleak ere girotu dituzte Tolosako Alde Zaharreko kaleak.

Gozogileek ere keinua egin nahi izan diete kubatarrei, eta aurtengo pitxi-pitxiak Euskal Herriko Ikurrinarekin eta Kubako banderararekin apaindu dituzte. 4.000 pitxi-pitxi baino gehiago banatu dituzte herritarren artean. Argi geratu da, beste behin, Tolosako zein eskualdeko herritarrak gozoarekiko duten zaletasuna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!