«Zaletuen aurrean lortu nahi dugu lehen garaipena»

Asier Imaz 2016ko urr. 28a, 11:25

Tolosa Eskubaloiak etxean jokatuko du larunbatean, 18:45ean, Torrelavega taldearen aurka.

Zilarrezko mailan zazpigarren denboraldia jokatuko da asteburu honetan. Talde tolosarra azken postuan dago, puntu bakarrarekin. Larunbatean lehen garaipenaren bila irtengo dira. 

Denboraldi hasiera honetan pixka bat kostatzen ari zaizue mailara egokitzea?

Kostatzen ari zaigu egokitzea. Jende berria etorri da, eta duela bi urte ere gauza bera gertatu zitzaigun. Taldea egonkortu egin behar da. Bestalde, maila aldaketa ere handia izan da. Aurreko urteetan inguruko taldeen aurka jokatzen genuen, baina orain Espainia mailako aurkariak ditugu: atzerriko jokalariak, hortik bizi den jendea, jokoa oso ondo ezagutzen duten jokalariak,… Guretzat hau afizio bat da, eta gustura gaudelako jokatzen dugu. Baina pixkanaka egokitzen joango gara. Etxean talde gogorra gara. Kanpoan, agian, ez gara hain sendo ibiltzen, baina hori da dagoena.

Zer nolako jokoa egiten saiatzen zarete?

Joko azkarra gustatzen zaigu, baloia azkar mugitzea. Irtenbiderik ez baldin badugu aurkitzen, gurutzaketak, kanpotik jaurtitzea… Irtenbidea azkar bilatzen saiatzen gara, landutako jokaldiak ondo bukatuz.

Agian maila honetan gehiago nabaritzen zaizue azken minutuetako neke hori. 

Aurreko denboraldian 40. minuturako partida erabakirik egoten zen gehienetan. Orain, 60 minutuak topera jokatu behar izaten dira, azken segundora arte, edo gehiago. Pixkanaka ari gara lortzen gero eta denbora gehiago irautea.

Zure taldekide batek esaten zuen, maila honetan 5 minutu despistatzen baldin bazara, partidak alde egiten duela. 

Entrenatzaileak ere esaten digu hori gure buruaz beste egitea dela. Aldea ateratzen baldin badizute, oso zaila da buelta ematea. Liga honetan, defentsan, jokalarietan eta batez ere atezainetan, izugarrizko aldea dago. Eta hori ederki nabaritu eta sufritu dugu. Oraingo bi edo hiru goleko errenta lehengo lau edo bostekoa da.

Belaunean min duzu. Iritsiko al zara larunbateko partidara?

Tendinitisa daukat, eta fisioterapeutarekin egona naiz. Berak ez jokatzea gomendatu dit, baina berriro ere joango naiz, eta ea ostiralean nola nagoen.

Etxean jokatzen duzue. Beste aukera bat lehen garaipena lortzeko.

Eta gogotsu gaude. Lehen garaipen hori lortu nahi dugu, eta batez ere etxean. Kanpoan lortuz gero oso ondo, baina etxean bertako jendearen aurrean bada, hobe. Ez dugu oraindik lortu, eta gogoarekin gaude. Aurkako taldeak badakigu nola jokatzen duen, zein jokalari dituen, eta indartsu atera beharko garela. Ea zer gertatzen den.

Non egongo da gakoa Torrelavegaren aurkako partidan?

60 minutuak irautean eta beste taldeko jokalari onena geratzen asmatzean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!