48. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Ahotsen ordua da

Imanol Garcia Landa 2016ko urr. 27a, 11:34

Microcosmos abesbatzak irabazi zuen iaz Tolosako Abesbatza Lehiaketa. ITZEA URKIZU

Mundu guztiko 18 koruk parte hartuko dute, horietako bik ahots talde eta abesbatza sailetan, bihar hasiko den 48. Tolosako Abesbatza Lehiaketan.

Azken prestaketak burutzen ari dira Tolosako Leidor aretoan eta Santa Klara elizan, bihar hasi eta datorren asteartera arte, bi agertoki horietan izango baita jokoan 48. Tolosako Abesbatza Lehiaketa. Guztira 18 koru izango dira, baina lehian ariko direnak 20 talde izango dira. Izan ere, bi koru, Vocalia Taldea eta Brevis Chamber Choir, abesbatza zein ahotsa taldeen sailean ariko dira.

Berez, beste koru baten parte hartzea espero zen, baina azkenean Filipinetako Los Cantores de Manila abesbatza ez da izango Tolosan, Espainiak ez baitie bisatua eman. Antolakuntzak atzo goizean jakin zuen erabakiaren berri, eta Luismi Espinosa lehiaketako zuzendari artistikoak azaldu duenez, «Espainiako kontsulatutik esan dute ez dituztela betetzen bisatua emateko baldintzak, eta ez dutela Filipinetara itzuliko diren bermerik».

Espainiak, beraz, argudio ekonomikoak eman ditu abeslariei baimena ukatzeko. Albisteak lehiaketan bere eragina duela dio Espinosak, «maila oneko» taldea delako. Halere, taldearentzat berarentzat suposatzen duen «kolpea» nabarmendu du: «Hilabeteak eman dituzte lehiaketarako prestatzen, eta pena handia da azkenean ez etortzea».

HAMASEI HERRIALDE

Guztira hamasei herrialdetako koruak izango dira. Horien artean, Leioako (Bizkaia) Vocalia Taldea, euskal abesbatzak ordezkatuz. Aipatzekoa da, bestalde, urriaren 31n ezohiko kontzertua izango dela egitarauaren barruan: KUP Talde euskaldunak emanaldia eskainiko du, Bartzelonan datorren urtean egingo den munduko sinposiumean parte hartzeko aukeratutako taldeetako bat dela eta.

Tolosako Abesbatza Lehiaketaren ezaugarrietako bat antolakuntzatik zehaztutako euskal musikagileen obrak abestu behar dituztela da. Aurtengo lehiaketarako, Karlos Gimenezen Xoxo beltz bat banuen, Junkal Guerreroren Eguzki printzak, Jesus Egigurenen Et j'aime uniquement, eta Eva Ugalderen Ave Maris Stella konposizioak dira aukerak.

Antolakuntzatik azaldu dutenez, «lan horien bitartez, munduan milaka lagunek daukate gure musika ezagutzeko eta gure hizkuntzan abesteko aukera eta lan horiek beraien errepertorioetan gehitzekoa».

Egitaraua

Bihar, urriak 28

19:30. Ahots taldeen emanaldia, musika profanoan, Leidor aretoan. Parte-hartzaileak: Ensemble Vocal Ambar, Ensemble Nobiles, Olga Vocal Ensemble eta Apollo5.

Etzi, urriak 29

11:00. Ahots taldeen emanaldia, erlijio musikan, Santa Klara elizan. Parte-hartzaileak: Ensemble Vocal Ambar, Ensemble Nobiles, Olga Vocal Ensemble eta Apollo5.

16:00. Abesbatzak, polifonia modalitatean, Leidor aretoan. Parte-hartzaileak: Ensemble Ylajaly, Batavia Madrigal Singers, Brevis Chamber Choir, Coro Tonos Humanos, St. Nicholas Choir Litija eta Female Choir Balta.

19:30. Abesbatzak, folklore modalitatea, Leidor aretoan. Parte-hartzaileak: Ensemble Ylajaly, Batavia Madrigal Singers, Brevis Chamber Choir, Coro Tonos Humanos, St. Nicholas Choir Litija eta Female Choir Balta.

Urriak 30, igandea

11:00. Ahots taldeen emanaldia, musika profanoan, Leidor aretoan. Parte-hartzaileak: Svanholm Singers, Discantus Vocal Ensemble, Coro Femenino Alaia, Vocalia Ahots Taldea, Vox Cordis eta Brevis Vocal Group.

16:00. Abesbatzak, polifonia modalitatean, Leidor aretoan. Parte-hartzaileak: Vocalia Taldea, Taipei Youth Choir, Engelbrekts Kammarkor eta Bel Canto Choir Vilnius.

19:30. Abesbatzak, folklore modalitatea, Leidor aretoan. Parte-hartzaileak: Vocalia Taldea, Taipei Youth Choir, Engelbrekts Kammarkor eta Bel Canto Choir Vilnius.

Urriak 31, astelehena

11:00. Ahots taldeen emanaldia, erlijio musikan, Santa Klara elizan. Svanholm Singers, Discantus Vocal Ensemble, Coro Femenino Alaia, Vocalia Ahots Taldea, Vox Cordis eta Brevis Vocal Group.

17:30. Abesbatza Musikaren XI. Mundu Sinposioa-Bartzelona 2017ren aurkezpena, Topic-eko 4. solairuan.

19:30. KUP Taldea abesbatzak kontzertua emango du Santa Klara elizan.

Azaroak 1, asteartea

11:30. Lehiaketaren amaiera saioa eta sari banaketa, Leidor aretoan. Jarraian, abesbatzen bazkaria Zerkausian.

19:00. Kontzertu korala Lituaniako Bel Canto Choir Vilniusen eskutik, San Frantzisko elizan.

 

Parte-hartzaileak

TONOS HUMANOS (Kolonbia)

Abesbatza. Medellinen sortu zen, Kolonbian, 1984. urtean. Cecilia Espinosa Arangok sortu zuen, oraingo zuzendariak, eta gaur egun musikaren arloko eta beste arlo batzuetako ikasle eta profesionalek osatutako talde bat da.

 

ENSEMBLE VOCAL AMBAR (Kuba)

Ahots taldea. Habanan sortu zen, 2014an. Hasieran zortziko taldea zen, abeslari profesional eta amateurrekin. Egun bost kide ditu: baxua, bigarren tenorea, lehenengo tenorea, mezzosopranoa eta sopranoa.

 

SAINT NICHOLAS CHOIR LITIJA (Eslovenia)

Abesbatza. Musikaren zinezkotasunak eta espiritualtasunak elkartutako 50 abeslarik osatzen dute. Duela 19 urte sortu zenetik, abesbatza eboluzionatzen joan da, Eslovenian zein atzerrian ezagunak egin arte. Litijako elizkizunetan parte hartu ohi du, eta aldizka atzerrira joaten da.

 

VOCALIA TALDEA (Euskal Herria)

Abesbatza eta ahots taldea. Emakumezkoen taldea da eta 2000. urtean ekin zion bere bideari. Abesbatzaren egungo zuzendariaren, Basilio Astulezen, ekimenez sortua, EAEn musikaren esparruan diharduten gazte profesionalen ikerketak eta kezkak gauzatzen diren proiektua da. Koruen munduan eskarmentu handiko abeslariek osatzen dute.

 

ALAIA (Espainia)

Ahots taldea. Madrilen egoitza duen ganbera taldea da. Bere izaeraren arrazoi nagusia berezko soinua bilatzea eta kalitateko programak egitea da, arreta berezia eskainiz gaur egungo musikagileei. Abeslariek askotariko jatorriak badituzte ere, arretaz eta pazientziaz egindako lanari maitasunak eta aparteko konpromisoak batzen ditu.

 

DISCANTUS VOCAL ENSEMBLE (Hungaria)

Ahots Taldea. 1996an sortu zen , Budapesten. Taldearen helburu nagusia Berpizkunde berantiarra eta Barroko goiztiarreko erlijio-musika korala da. Kide gehienek musikako eta ahots-ikasketetako gradua dute.

 

BATAVIA MADRIGAL SINGERS (Indonesia)

Abesbatza. Prestigiozko lehiaketetan sari gehien lortu dituen Indonesiako abesbatza da. Ongi prestatutako eta trebatutako abeslariez osatua, hainbat genero, estilo eta zailtasun mailako lan koralak interpretatu ditzake.

 

VOX CORDIS (Italia)

Ahots taldea. Musikan eskarmentua handia duen abeslari talde batek sortu zuen, 1997an. Taldeak kontzertu ugari ematen ditu, bai Italian bai atzerrian ere, eta nazioarteko jaialdi eta lehiaketetan parte hartu du.

 

BEL CANTO CHOIR VILNIUS (Lituania)

Abesbatza. 2009an sortua, Lituaniako koru misto amateur onena da. Lituaniako beste abesbatza batzuetan eskarmentu handia duen hirurogeita hamarretik gora abeslari biltzen ditu.

 

BALTA FEMALE CHOIR (Letonia)

Abesbatza. Mara Marnauza irakasleak sortu zuen abesbatza, 1999an, eta berak dihardu koruaren zuzendari eta zuzendari artistiko lanetan oraindik. Arrakasta handia bildu du taldeak nazioarteko lehiaketetan.

 

ENSEMBLE YLAJALI (Norvegia)

Abesbatza. 2008an sortu zen eta eskarmentu handiko abeslariek osatzen dute. Kontzertu ugari eman dituzte eta maiz dihardute musikari profesional eta musikagileekin lankidetzan.

 

BREVIS CHAMBER CHOIR (Lituania)

Abesbatza eta ahots taldea. 1990ean sortu zen, Vilniuseko San Kasimiro elizako ahots talde gisa. Hainbat abesbatza lehiaketetan parte hartu du, eta hainbat lehen sari irabazi ditu.

 

ENGELBREKTS KAMMARKOR (Suedia)

Abesbatza. 2010ean sortu zen eta Stockholmeko elizbarrutiko Engelbrekt parrokiako abestalde nagusia da. Musika klasikoa interpretatzen du, hasi Berpizkunde goiztiarreko lanetatik eta musika garaikidera arte.

 

APOLLO5 (Ingalaterra)

Ahots taldea. Emanaldi erakargarri eta entretenigarriak egiteagatik goraipatu dute taldea. Retro jazza, popa nahiz Gabonetako moldaketa klasikoak barne hartzen ditu taldearen errepertorioak.

 

THE TAIPEI YOUTH CHOIR (Taiwan)

Abesbatza. 2010ean sortu zen, eta Taipeiko lehen koru mistoa da. Lehen kontzertuarengatik jasotako iritziez elikatu zen korua bera. Azken urteotan harremanak eratu ditu nazioartean, besteak beste, musikagileekin.

 

SVANHOLM SINGERS (Suedia)

Ahots taldea. Gizonezko ahotsen ganbera-abesbatza aparta da. 1998an sortu zenetik, Suediako agertoki koraleko izar distiratsuenen artean finkatu da taldea.

 

OLGA VOCAL ENSEMBLE (Herbehereak)

Ahots taldea. Musikaren bitartez poza sortu nahi du taldeak, eta munduarekin partekatu nahi du poz hori. Beraien ahots argiekin eta presentzia nabarmenarekin, bihotz guztiak bereganatzeko prest daude bost gazte hauek.

 

ENSEMBLE NOBILES (Alemania)

Ahots taldea. 2006ko urtarrilean sortu zen. Beren errepertorioa Erdi Aroko abestietatik gaur egungo obretara doa. Bost musikari gazteek garrantzi handia ematen diete musikagile erromantikoen lanei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!