«Euskarari berebiziko garrantzia eman zioten hainbat pertsona bizi ziren Tolosan»

Iñigo Terradillos 2016ko urr. 26a, 08:47

Mikel Aizpuru Historioan doktorea da eta abertzaletasunaren sorburu eta garapena bereziki aztertu izan ditu hainbat ikerketa eta argitalpenetan. Horren guztiaren zati bat eskainiko du, gaur, Tolosan.

Euskal literaturak bizi izandako garai emakorraren izena da Euskal Pizkundea. XIX. mendeko bigarren erdialdetik XX. mendeko lehen erdira bitarte iraun zuen eta, hain justu, pizkundea gaitzat hartu du Tolosako Udaleko Hizkuntza Politika sailak, hitzaldi sorta antolatzeko. Gaur izango da bigarren hitzordua, Tolosarren eragina euskararen eta abertzaletasunaren arteko harremanetan izenburupean, Mikel Aizpururen eskutik, 19:30ean, pleno aretoan.

Hizlari moduan ariko zara, baina antolakuntzan ere zu ari zara, ezta?

Bai. Tolosako Udalak Euskal Pizkundearen inguruko ziklo bat antolatzeko. Horrela, batetik, saiatu naiz euskararen historiaren arloan azken urteotan nire ustez egindako lan garrantzitsuenak Tolosara ekartzen. Eta, bestetik, egitasmoa Tolosan izanik eta Tolosak Euskal Pizkundean izan duen leku berezia ezagututa, Tolosaren, pizkundearen, euskararen eta abertzaletasunaren arteko lotura hori egiten ahaleginduko naiz ni neu, hitzaldian.

Zergatik izan zuen Tolosak halako pisua?

Tolosaren moduko beste herri edo hiri batzuetan ez zeuden hainbat ezaugarri elkartu ziren Tolosan. Ez zen kasualitate bat izan baina, beharbada, pertsona jakin batzuk egon izan ez balira, eragin hori ez zatekeen hain handia.

Zein izan ziren, bada, ezaugarri horiek?

Batetik, inprenta tradizioa zuen garai hartako Tolosak, Eusebio Lopezen inprentak eta haren aurreko sare oso batek ehundutakoa. Era berean, euskarari berebiziko garrantzia eman zioten hainbat pertsona bizi ziren Tolosan. Uste dut, bi elementu horien uztartzeak egin zuela, Tolosak euskara idatziaren garapenean hainbesteko pisua izatea.

Inprenta tradizio horrek erraztuko zuen lan horiek argitaratzea, ezta?

Bai, baina ez da hori bakarrik. Azpeitiak ere bazuen inprenta, eta garai hartan Azpeitia Tolosa baino askoz ere euskaldunagoa zen. Kontua da, ez dela bakarrik inprenta behar; ideiak sortu eta sustatuko dituen norbait ere behar da. Eta, horretan, Eusebio Lopez pertsona garrantzitsua izan zen; ahalegin berezia egin zuen euskarazko lanak argitaratzeko eta, antzina argitaratutakoak, irakurle modernoentzat berrargitaratzeko.

Lopezez gain, Euskal Pizkundeko hainbat izen ezagun ere Tolosa ingurukoak ziren.

Hitzaldian bereizketa egingo dut. Alde batetik, badaude pertsona laikoen izen oso ezagunak, politika eta kultura lotu zituztelako. Eusebio Lopezen semea Isaak Lopez Mendizabal izan liteke bat, eta baita Xabier Lizardi, Antonio Maria Labaien, Doroteo Ziaurriz edo Jose Izagirre ere. Horiek guztiek abertzaletasuna eta kulturgintza batu zituzten, ez baitu esan nahi, euskararen alde dauden guztiak abertzaletasunaren alde daudenik. Bestetik, hiru apaizen izenak ere aipatuko ditut. Bat ez zen Tolosarra, andoaindarra zen: Patrizio Orkaiztegi. 43 urtez Tolosako parrokoa izan zen, eta uste dut berak markatu zuela euskararen aldeko lan hori. Bere ondotik etorri ziren Jose Ariztimuño Aitzol eta Jose Mokoroa tolosarrak; bereziki Aitzolek eragina izan zuen Euskal Pizkundeko mugimenduan. Mokoroak, berriz, gerra hasi aurretik, pizkundearen norabidearen inguruko zenbait kritika zabaldu zituen, eta gerrak apurtu zuen nahiko interesgarri izan zitekeen hausnarketa bat.

Bigarren Euskal Pizkunde bat ere izan zen, ezta?

Bai, baina beste oinarri batzuekin. Pertsona horietako gehienek, gerra hasi zenean, erbestera jo behar izan zuten. Isaak Lopez Mendizabal bera, adibidez, Argentinara joan zen, eta Franco hil bitarte ez zen itzuli. Aitzol bera fusilatu egin zuten eta Jose Izagirre eta Doroteo Ziaurriz erbestean hil ziren. Pertsona horietako gehienak ez zeuden, Tolosa aldatu egin zen, frankismoa nagusi zen, eta pizkunde hark oinarri berriak izan zituen.

Hausnarketa horrek, beraz, ez zuen jarraipenik izan?

Neurri batean bai. 1950ean prozesu bati ekin zioten, Jakin-en inguruan, Arantzazun. Bertan Mokoroak eta beste zenbaitek pisu handia izan zutela uste dut, eta pizkundeak euskara bideratzeko moduaz egindako kritikak berrindartu egin ziren 1950ean.

Zein izan zen Mokoroaren kritika?

Euskara euskal nortasunaren isla nagusia dela zioen. 1950-1960 hamarkadetan euskaraz hartu zuen euskal nortasunaren lehen lerroa, baina nortasun hori defendatzeko modua oso desberdina zen. Mokoroak, apaiza izaki, kristautasuna ezarri zuen nortasun horretan, eta 1960tik aurrera, erlijioaren pisua oso txikia da nortasun horretan.

Zure ustez, nola eragin du Euskal Pizkundeak egindako lanak, egungo gizartean?

Euskara eguneroko ahozko hizkuntza izateaz gain, hizkuntza idatzia ere izaten lagundu zuten, eta lehentasuna eman zioten kezka horri. Orduan ere, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako iparraldea euskaldunak ziren nagusiki, baina euskara idatziak oso toki gutxi zuen. XIX. mende bukaeran, ordea, euskara mundu moderno horretara egokitzen hasi zen, eta egokitze lan horretan sortutako erakunde eta aldizkarietan, pisu handia izan zuten zenbait tolosarrek. 

Lan handia egin zuten horretara iristeko, ezta?

Bai, izan ere, garai hartan jende askok pentsatzen zuen euskaraz hitz egitea ondo zegoela, baina euskaraz idazteak edo eskolara eramateak ez zuela merezi. Garai hartakoa da Unamunoren diskurtso ezaguna, euskara bere aberastasun osoan jaso eta hilobiratu egin behar dela zioena; bizitza modernorako ez zuela balio zioen.

Erlazionatuak

Mikel Aizpururekin Euskal Pizkundeaz

Tolosaldeko Ataria 2016 urr 25 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!