Keinu baten garrantzia

Tolosaldeko Ataria 2016ko urr. 21a, 16:02

Atzegizale guztiei "eskerrak" emateko kanpaina jarri du martxan Atzegi elkarteak, Kaleatzegitzale lelopean. 

"Irribarre egitea, hitz egitea, tratu goxoa izatea. Keinu txikiak dira baina alde handia egiten dute: adimen desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea asko hobetzen da". Horrela adierazi du Aloña Agirre Familien Zerbitzu Laguntzaileko teknikariak kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan. "Adimen desgaitasuna duten pertsonek ez dute, berez, desgaitasunik; ingurunearekin harremantzen direnean sortzen zaizkie zailtasunak", azaldu du Agirrek. "Ingurunearen jarrera positiboa bada, pertsona horrek ahalmenak garatu ditzake".

Hori dela eta, aurtengo kanpainaren bidez jarrera "positiboa" duten pertsona horiei guztiei "eskerrak" emango dizkiete. 'Kaleatzegizale' lelopean, 8.000 kartel baino gehiago jarriko dituzte senideek eta kolaboratzaileek Gipuzkoa osoan. Horretaz gain, eskuorri eta txapak banatuko dizkiete atzegizale guztiei.

Sarera ere ailegatuko da kanpainaren oihartzuna. Marko bat sortu dute kanpainaren leloarekin eta argazkiak aterako dituzte atzegizaleekin. Argazki horiek sare-sozialetan zabalduko dituzte: "Argazki horiek eredu gisa erabiliko ditugu gero eta atzegizale gehiago sortzeko, eta gero eta kale atzegizaleagoa lortzeko". Whatsapp bidez ere zabalduko dute kanpainako irudia, "herritarrek profilean jar dezaten". 

Gaur egun, Tolosan 168 familia, 184 kolaboratzaile eta 790 atzegizale daude, eta kanpaina horrekin kopuru hori handitzea espero dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!