Mauriziari omenaldia oholtzan

Ane Urkola 2016ko urr. 21a, 11:25

'Maurizia' dantza emanaldia eskainiko du Aukeran Dantza Konpainiak. Tolosako Leidor aretoan izango da, 20:30ean. «Berezia izango da emanaldia eta Mauriziaren aurpegi ezberdinak ikusi ahal izango dira», adierazi du Garazi Egiguren dantza konpainiako kide batek.

Maurizia. Horrela izena du Aukeran Dantza Konpainiak gaur iluntzean eskainiko duen ikuskizunak. 11 dantzarik osatutako dantza konpainia da Aukeran, eta eskualdeko sei dantzarik hartzen dute parte bertan: Uxue Urruzolak, Itziar Uzkudunek, Oier Labordek, Ione Iriartek, Ioritz Galarragak eta Garazi Egigurenek. Emanaldi berezia izango da guztientzat: «Berezia izango da: gogotsu gaude gure lana ezagunei, lagunei eta senideei erakusteko», adierazi du Garazi Egiguren konpainiako dantzarietako batek.

Garazirekin hitz egitea nahikoa da emanaldia zer nolako maitasunarekin prestatu duten konturatzeko: «Omenaldi txiki bat egin nahi izan diogu Mauriziari. Garai hartan, emakumea izanda, orduko testuinguruan, plazara ateratzeko adorea izan zuen lehen emakumeetarikoa izan zen. Bere indarra eta ausardia baloratu nahi izan dugu eta emakumearen papera indarrean jarri. Taldekide bakoitzak bere emakume erreferente horri eskainiko dion emanaldia da». Maurizia bizi zeneko garaia deskribatuko dute emanaldian: «Mauriziaren bizitzako etapa ezberdinak ikusi ahal izango dira: haurtzaroan panderoarekiko zuen maitasuna, plazan jotzen hasi zenekoa, gerra zibila, gizona kartzelatu izana». 

Euskal dantzan oinarrituko da emanaldia eta tradizioak ere bere lekua izango du. Dena den, beste disziplinen arteko fusioa ere ikusi ahal izango da emanaldian: «Euskal dantzaren kutsua izango du emanaldiak, dantza garaikidearena ere bai, eta tango ikutu bat ere saiatu gara sartzen. Ea ikusleei gustatzen zaien».

Interpretazioaren garrantzia

Horrelako emanaldietan, ordea, ez da nahikoa dantza egitea. Ezinbestekoa da ikuslearengana ailegatzea, eta transmititu nahi den hori transmititzea. Lanketa berezia egin dute horretarako, eta Ainhoa Aierbe eszena zuzendariaren laguntza izan dute lan horretan: «Hasieratik pertsonaia hori eraikitzen lagundu digu Ainhoa Aierbek». Emanaldiaren hasieran, Maurizia bere osotasunean interpretatuko dute, baina Mauriziaren pertsonalitate ezberdinak agertuko dira gero: «Maurizia gogorra da, indartsua, baina baita samurra ere. Dantzaren eta musikaren bidez pertsonalitate horiei guztiei lekua ematen lagundu digu Aierbek», adierazi du Egigurenek.

Ziur ikusle bakoitzak ere bere omenaldi propioa egingo diola Mauriziaren begietan ikusten duen emakumeari. Itzali dira argiak; gozatzea falta da.

Erlazionatuak

Garazi Egigurenekin solasean

Tolosaldeko Ataria 2016 urr 21 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!