Tolosako San Blas auzoan etxebizitza bat okupatu dute

Ataria 2016ko urr. 15a, 15:35

Tolosako Etxebizitza Asanbladak hartu du bere gain San Blasko hilerri ondoan dagoen Gurutzeaga-Berri etxearen okupazioa. Tolosako Udalarena da jabetza eta udaltzaingoak, okupazioaren arduradun gisa, asanbladako kide bat identifikatu du gaur goizean.

"Herritar orok duen oinarrizko eskubide zibil bat, etxebizitza eskubidea, teoria konstituzionaletik praktika politikora igarotzea erabaki dugu". Hala esan dute komunikatu batean Tolosako Etxebizitza Asanbladako kideek.

Okupazioa ez da egun batetik bestera eman. Azkeneko egunak eman dituzte etxebizitza egokitzen eta gaur erabaki dute euren erabakia publiko egitea. "Gaurkoa hasiera bat besterik ez dela azpimarratu nahi dugu. Gure ideiak ez dira espazio batera mugatzen. Ehunka gazte zein herritar daude, gaur egun, eskualde honetan bizitza duinago bat merezi dutenak eta dei egiten diegu eskuartean dituzten lanabesak hartu eta beraien bizitzen jabe izateko apustua egitera".

Oraingoz, etxebizitza okupatu eta egokitzen ari dira, "kolektiboki erabakiko dugu zein pausu eman, baina iragarri nahi dugu, bertan geratuko garela". Tolosako Etxebizitza Asanbladak jakinarazi duenez, Tolosan, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala, etxe huts mordoa dago, "hautsa hartzen, iluntasunean, erdoiltzen... Aldi berean, ezin dugu ukatu Zerkausian edota beste hainbat lekuetan etxegabe asko ikusten direla. Baita 30 urterekin oraindik gurasoen etxetik emantzipatu ezin direnak, eta nola ez, 70-80 urteko aiton amonen edota familien etxe kaleratzeak. Hori ikustean odola ateratzen zaigu begietatik amorruz jositako malkoekin batera".

Asanbladak beren proiektuarekin bat egiten duten herritar orori esku bat luzatu dio, "banketxe eta botere faktiko guztiekin haustura emateko ordua baita", eta San Blas auzoko etxebizitza "habilitatu eta garbitzeko herritarrei dei egiten diegu, lagundu dezaten".

Garai bateko lurperatzailearen etxea

Kanposantu ondoan dago kokatuta Gurutzeaga-Berri etxea eta garai batean San Blaseko hilerrian lan egiten zuen udal langilearen ohiko etxebizitza zen. 90ko hamarkada arte erabili zuten eta gero hutsik geratu zen. Urte batzuk beranduago, Sanblazpiko gazte asanbladak okupatu zuen eraikina eta jende gehiagok ere erabili izan du. Denbora luzea darama, ordea, hutsik eta udalak hesi-hormaz itxita dauka. "Nahiz eta estruktura eta teilatua egoera onean aurkitu, etxebizitza oso egoera tamalgarrian dago", esan dute Tolosako Etxebizitza Asanbladako kideek. Eraikina txukuntzeari ekin diote dagoeneko.

Gaur goizean, Tolosako Udaltzaingoa gerturatu da eraikinera eta okupazioaren arduradun bezala izendatu duten asanbladako kide bat identifikatu du. "Prozedura judiziala abiatuko da orain eta pentsatzekoa da denbora bat emango dutela horretan. Printzipioz, momentu batetik bestera ezin dute desalojatzeko agindua eman. Hala ere, ez gara fio eta erne gaude gerta daitekeenaren aurrean". Herritarrei, mobilizazioei adi egoteko deia egin diete.

"Gaur egungo sistemak eskaintzen dizkigun aukerak gure baliabide ekonomikoetatik oso urrun daude eta alternatibaren bila ateratzea erabaki dugu", esan dute okupazioan parte hartu duten kideek, "eskura ditugun armak hartu eta kapitala kolpatzeko momentua da, ezarria zaigun erregimena suntsituz eta bizi eredu askatzaile bat eraikiaz".

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!