48. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

Enrike Azurza tolosarra izango da 48. Abesbatza Lehiaketako epaimahaiburua

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urr. 14a, 17:14

Topic zentroan aurkeztu dute aurtengo abesbatza lehiaketa.

Urriaren 28tik azaroaren 1era bitarte, nazioarteko 22 abesbatzak parte hartuko dute; lehen aldiz, Kolonbiako abesbatza bat ariko da lehiaketan.

Mende erdia gertu du Tolosako Abesbatza Lehiaketak, eta urteen esperientziatik ederki edaten du, gainera, hitzorduak. 48. abesbatza lehiaketa izango da aurtengoa, eta gaur aurkeztu dute, Topic zentroan. Julian Lakuntza Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariarekin batera izan dira, agerraldian, Olatz Peon Tolosako alkatea, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura diputatua, Jose Manuel Bujanda Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko burua, Mikel Mendarte Kutxabankeko ordezkaria eta Luismi Espinosa eta Xabi Ormazabal TEEko abesbatza adituak. Datu aipagarrien artean, epaimahaiburuaren izena nabarmentzeko: Enrike Azurza tolosarra izango da.

"Miresmena", "harrotasuna", "jarrera txalogarria" nahiz "ekarpen izugarria" bezalako laudorioak entzun ahal izan dituzte, abesbatza lehiaketako antolatzaileek, babesle eta laguntzaileen eskutik. Horrela, guztiak bat etorri dira lehiaketak, hamarkadaz hamarkada, Gipuzkoako nahiz Euskal Herriko kulturari egin dion ekarpenarekin; Denis Itxasok Tolosak lurralde osorako "kultur eredu" izan beharko lukeela nabarmendu du.

Bide horretan, mundu osoko abesbatzarik onenak, urtero urtero, Tolosan zuzenean entzun ahal izatea altxortzat jo du Olatz Peon alkateak: "Aukera horrekin batera, gainera, gure hizkuntza eta kultura munduari erakusten dizkiegu, euskal musikaren bitartez".

Obra behartuen oihartzuna

Sail eta kategoria bakoitzean abestu beharreko obra behartu bat izaten dute abesbatzek, Tolosako lehiaketan. Luismi Espinosa adituak azaldu duenez, euskal konpositore eta sortzaileen lana sustatu, taularatu eta, bide batez, munduratzeko ekin zioten erabaki horri, eta pozarren dira eman dituen fruituengatik: "Youtuben abesbatzen musika bilatzen hasi orduko, adibidez, ehunka dira euskal sortzaileen obrak abesten dituzten nazioarteko abesbatzen bideoak. Josu Elberdin edo Javier Busto aipatuko nituzke, esaterako. Lehiaketak aukera eman du euskal obrak munduratzeko eta, aldi berean, beste herrialdeetako kantariei, partituretan baino ezagutzen ez zituzten paisaiak erakutsi dizkie".

Guztira 22 abesbatza bertaratuko dira, Tolosara. Horietatik 11 ganbera abesbatzen sailean lehiatuko dira, polifonia eta folklorea abestuz. Beste 11 abesbatzak, berriz, ahots taldeen sailekoak izango dira, eta musika profanoa nahiz erlijiosoa izango dituzte langai.

Musikak 18 herrialde ordezkatuko ditu, aurten, Tolosako Abesbatza Lehiaketan, eta aipagarriena Kolonbia izango da: Medellingo Tonos Humanos ganbera abesbatzaren bitartez, herrialdeak estreinakoz parte hartuko du Tolosako lehiaketan.

Taldeen jatorriari begira, aspaldion euskal abesbatzarik ez da Tolosan aritu, eta aurten itzuliko da ordezkaritza: Leioako Vocalia taldea.

Urriaren 31n, 19:30ean hasiko da Tolosako Abesbatza lehiaketa, eta azaroaren 1ean banatuko dituzte sariak. Emanaldi horietan guztietan puntuazioa emango duen epaimahai zailduaren burua, gainera, tolosarra izango da: Enrike Azurza.

Azkenik, aipatzekoa da urriaren 31n ezohiko kontzertua izango dela, egitarauaren barruan: KUP taldeak emanaldia eskainiko du Santa Klara elizan, munduko simposiumean parte hartzeko aukeratutako taldeetako bat dela eta.

Sarrerak eskuragarri dira jada, eta informazio gehigarria honako esku-orrian nahiz www.cittolosa.com atarian eskura daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!