Mikologika gaztetzeko asmoz

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko urr. 13a, 12:23

Urretabizkaia, Mokoroa, Penas, Peon, Tapia eta Mendizabal, atzo, VII. Mikologika aurkezteko Kasiko elkartearen aurrean egindako agerraldian. r. calvo

Kasino elkarteak zazpigarren aldiz antolatu du perretxiko eta onddoen zaleen topagunea izango dena. Urriaren 22a bitarte ohiko hitzaldi eta hitzorduez gain, gazteek Txanpi On Fest espazioa izango dute.

Jada egonkortutako hitzordua da Tolosan, Kasino elkarteak antolatzen duen Mikologika. 2010. urtean antolatu zuten lehen aldiz, elkartearen 125. urteurrenaren harira, eta ordutik ez dute huts egin, eta urtero-urtero mikologia herritarrengana gerturatzeko asmoz, ekitaldi ugari antolatu dituzte. Zazpigarren edizio hau urriaren 18tik 22ra luzatuko da, eta berrikuntza bat baino gehiago ekarriko ditu. Batetik, Mikologika gaztetu nahian Txanpi On Fest egingo dute urriaren 21ean, eta bestetik, Trianguloan egin ohi duten azokan, aurten urriaren 22an izango dena, hainbat jatetxetako sukaldariek prestatzen dituzten pintxoak dastatzen dituztenek, zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute.

Era berean, Showcooking-a orduz eta egunez aldatu dute. Aurten asteartean izango da, urriak 18, eta ordubetez aurreratu dute eta 19:00etan izango da, Zerkausian. David de Jorge sukaldaria izango da Mikologikan. Jaialdiko lehen urtean ere izan zen Tolosan, «gustura egon zen antza, errepikatu egingo baitu», esan du prentsaurrean, Joxe Mendizabal Kasinoko kideak. De Jorgek hainbat plater prestatuko ditu perretxikoak erabiliz, eta ondoren, bertaratzen direnek dastatu ahal izango dituzte.

Aurten ere hitzaldia antolatu dute. El Reino de Fungi izena du eta hizlaria Javier Ubillos izango da. Fungi latinez onddoa esan nahi du. Urriaren 19an, izango da elkartean bertan, 20:00etatik aurrera. Ubillos donostiarra da eta mikologiazalea da betidanik, benetako mikologoengandik ikasten saiatu dela esan du Mendizabalek, eta horien artean daudela bereziki Aranzadi Elkarteko kideak. Azken 24 urteetan Baxauriko Mikologia Jardunaldien antolatzaileen taldean aritu da.

Kasino elkartean bazkideei zuzendutako sukaldaritza tailerra ere egingo dute. Urriaren 20an izango da eta ohikoa den bezala sukaldariak eta Kasinoko kideak diren Sonia Tapia eta Xabier Martinez izango dira irakasleak.

Ohiko hitzorduekin jarraituz, irteera ere aipatu du Mendizabalek. Tolosaldeko DBH 1. mailako ikasleekin batera irteera egingo dute urriaren 21ean goizean. Perretxiko zein onddoak bildu eta arratsaldean sailkatu eta prestatuko dituzte, ohi bezala, Aranzadiko kideen laguntzarekin, larunbateko azokan erakutsi ahal izateko. Elkarteen arteko Pintxo Lehiaketa ere ere izango da, bosgarren aldiz. Urriaren 21ean 18:00etan, Zerkausian izango da.  

Eta hau guztia gutxi ez balitz, ostiral arratsaldean Txanpi On Fest egingo dute lehenengoz. Juan Urretabizkaia izan da ekitaldi berria aurkezteko ardura izan duena, eta esan duenez asmoa Mikologika gaztetzea da. Berdura Plaza hartuko du Txanpi On Fest ekitaldiak, 18:30etik aurrera. Horretarako Pop Up espazio bat planteatu dute, hau da, «izaeraz eta itxuraz aldatzen den espazioa da Pop Up. Urtean zehar itxura eta ekintza jakin batzuk dituen espazioa hartu eta eraldatu egingo dugu eta esperientzia berri batean bilakatu». Artekaleari edo Kale Nagusiari plaza bat eman nahi izan diote ere eta hori izango Berdura plazako espazio berria. Bertan DJak egongo dira, Food Truckak, coctailak, zerbeza kuboak... izan ere «edaria eta janaria kontsumitzeko era desberdinak» aurkeztuko dituzte. 23:30ak bitarte hortaz, espazio berri eta gaztetu bat izango da aukeran Tolosan, Mikologikaren barruan. «Gazte zareten edota gazte sentitzen zareten guztiei bertaratzeko gonbida luzatzen dizuegu, sorpresa handia hartuko baituzue osatuko dugun espazio berriarekin», esan du  Urretabizkaiak.

Azoka eta afaria, amaitzeko
Mikologika Azoka urriaren 22an izango da eta aurtengoan ere aurretik egon diren sukaldarietako asko bertaratuko dira berriz ere. 15 bat postu egongo dira eta pintxoak dastatzeko txartelak erosten dituztenen artean zozketa egingo dute. Eguna Mikologikan lanean aritutakoekin eta Kasinoko bazkideekin urtero egiten duten afariarekin amaituko dute, 80 bat pertsona guztira.

Egitaraua

Urriak 18tik 22ra
Erakusleiho Lehiaketa. Dendariek erakusleihoak apaindu dituzte eta bezeroek gustukoena aukeratu dezakete.

Urriak 18
Showcooking. David de Jorge sukaldariaren eskutik miko-gastronomia erakustaldia, Zerkausian, 19:00etan. Ondoren, bertaratzen direnek prestatutakoa dastatzeko aukera izango dute.

Urriak 19
Hitzaldia. Javier Ubillosen El Reino Fungi hitzaldia, Kasinoko lehen solairuan, 20:00etan.

Urriak 20
Sukaldaritza tailerra. Kasinoko elkarteko kideei zuzendutako tailerra, Sonia Tapia eta Xabier Martinez sukaldarien eskutik, 20:00etan.

Urriak 21
Irteera. Tolosaldeko ikastetxeetako DBH 1. mailako ikasleekin irteera egingo dute goizean, perretxikoak biltzeko. Arratsaldean sailkatu eta prestatuko dituzte, hurrengo egunean erakusteko.
Pintxo Lehiaketa. Elkarteen arteko lehiaketa, Zerkausian, 18:00etan.
Txanpi On Fest. Gazteei zuzendutako espazioa, Berdura plazan, 18:30etik aurrera.

Urriak 22
Azoka. Mikologika Azoka, Trianguloan, 12:00etatik aurrera. Tolosaldeko eta Goierriko hainbat jatetxetako sukaldariek pintxoak prestatuko dituzte.
Afaria. Kasinoko bazkideentzat eta lagundu dutenentzat afaria, elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!