Haizearen aurkakoa

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urr. 12a, 13:40

Hossain Kaanache eta Lourdes Colomo txapeldun izan dira Tolosako XXIX. Herri krosean; 8,1 kilometroko ibilbidea test gisa baliatu dute hainbat korrikalarik.

Luzea eta aldapatsua zen lehen, eta izena emateko errespetu handiagoa sortzen zion askori. Azken urteotan, ordea, San Esteban auzo elkarteak antolaturiko krosak ordeka irabazi du eta, horrekin batera, azkartasuna: 25 minutuan biribildu du 8 kilometroko ibilbidea, Hossain Kaanache oriotarrak. Akats informatiko bat medio, gainerako parte hartzaileen denborak ezin izan dituzte erregistratu; norbere kronoarekin fidatu behar, beraz.

Ferialekuan korrikalariak bezainbeste ziren haien senide eta lagunak, krosak espaloietako animoek ere egiten baitituzte erakargarri. Irteera eman orduko, ordea, animo oihuak ahaztu eta lasterketara begira jarri dira gizon-emakumeak. Askorentzat, gehienentzat ez esatearren, datozen proba garrantzitsuetarako entrenamendu bikaina izaten da Tolosako Herri Krosa; Behobia dute jomuga askok eta, koska bat gorago jarduten dutenek, Gipuzkoako nahiz Euskal Herriko kros txapelketak dituzte buruan.

Hossain Kaanache oriotarrak estreinakoz parte hartu du proban, eta "gustura" geratu da egindako lanarekin: "Test bat egin nahi nuen. Ez nuen lasterketa ezagutzen eta, egia esan, ezusteko polita izan da niretzat. Lasterketa azkarra da, oso giro polita dago eta gustura egin dut korrika". Ibilbideak azkartasuna ematen diola ere nabarmendu du oriotarrak: "Azkarra da, haize pixka bat ere bazegoen, eta aldaparik ez dagoenez, aparta da korrika egiteko". Giroarekin batera, aurkarien sasoia ere azpimarratu du irabazleak: "Lasterketa guztietan maila ona izaten da, eta gaur zortea izan dut. Indartsu atera nahi izan dut eta, haize pixka bat izan arren, azkar atera ahal izan dugu, eta bakarrik iristea lortu dut".

Lourdes Colomo zizurkildarrak, berriz, erdi gaixo hartu du parte proban, baina horrek ez dio irabaztea egotzi: "Katarro pixka batekin nago, eta ohi baino gehiago kosta zait. Hala ere, gustura nago lanarekin. Lasterketa hau gustukoa dut eta, horrez gain, igandeko 15 kilometrokoa nahiz Behobia-Donostia prestatzeko oso momentu onean antolatzen dute".

Sailkapenak sailkapen eta gorputzaldiak gorputzaldi, helmuga zeharkatutakoan haizeari lehia irabazi izanaren sentipena erakutsi dute, parte-hartzaile guztiek, irribarre batez.

Afizioa sortzeko hitzordua

Helduen abiada eta esfortzua ikusita, haur eta gaztetxo askori korrikarako harra sortzen zaie halako egunetan. Gaur, eurek ere korrikalari lanetan aritzeko aukera izan dute, ordea. 12:00etan irten dira Ferialekutik, eta itzuli laburrak arnasa azkartu die neska-mutilei.

HELDUEN PODIUMA:

Gizonezkoak:

1. Hossan Kaanache

2. Unai Señoran

3. Ibai Madina

Emakumezkoak:

1. Lourdes Colomo

2. Maialen Muñoz

3. Maria Lasa

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!