«Sufrimendua areagotze horrek ez garamatza inora»

Imanol Garcia Landa 2016ko urr. 12a, 10:02

Larriki gaixo dauden euskal presoen inguruko hitzaldia eskaini zuen Inaxio Oiarzabal Sareko kideak. Gaixo dauden euskal presoek etxean egon behar dutela dio, «atzera bueltarik ez duen zerbait gertatu aurretik».

Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko Sare herritarrak Salatzen dut kanpaina jarri du abian. Hitzordu nagusia hilaren 15ean, 17:00etan, Donostian egingo den manifestazioa izango da, Larriki gaixorik dauden euskal presoak etxera lelopean. Gaiaren inguruan hitzaldia eman zuen Inaxio Oiarzabal Sareko kideak, astelehenean, Tolosan.

'Salatzen dut' kanpaina aktibazio tresna izatea nahi duzue.

Ideia hori da, eta aktibazio horrek argazki ederra izango duela espero dugu hurrengo larunbateko manifestazioan. Salatzen dut kanpainak areagoko helburuak ere baditu. Uste dugu askoz gehiago plazaratu behar dugula Espainiako eta Frantziako espetxeetan bizi den egoera lazgarri eta tamalgarria. Presoen %95 baino gehiago dago dispertsio politikak eraginda, eta hor nahi dugu aktibazioa norbanakoarena izatea, bai sozialki, bai instituzionalki, bai politikoki. Hau da, parte hartzaile egitea edonor, eta giza eskubideen txapelapean artikulatzea zenbat dagoen salatzeko. Muturreko egoera larriki gaixo dauden presoena da, baina askoz gehiago dago.

Aurretik egindako 'Hartu Trena' kanpainarekin batzea zen helburua. Hurrengo pausoa aktibatzea da, beraz?

Trenaren hurrengo geltokia aktibatzea da. Jarrera aktiboak esan nahi du norbanako moduan edo talde bezala salatzea ikusten diren egoerak. Esaterako, guraso taldetik salatu ikasle batek astero sufritu behar duen bidaia bisita egiteko. Larriena gaixoena da, baina badaude hamaika kontu edonork salatzekoak, pentsaera politikoa dena delakoa izanda.

Larriki gaixo dauden hamar preso daudela zehaztu duzue.

Gaia oso da lazgarria, eta mina eta ezin ulertua eragiten du. Hamar lagun dira larriki gaixo daudenak, baina urte luze hauetan areagotu egin dira ondorioak, eta hildakoak ere izan dira. Guk aurrera begiratu nahi dugu. Estatu frantziarrean oso egoera larrian zegoen emakume bat, Lorentxa Gimon, eta jendartea asko aktibatu zen. Gobernu frantziarrak bere burua, kostata, baina derrigortuta ikusi zuen emakume hori ezin zela presondegian egon eta askatu egin zuten. Preso daude, baina beste edozein herritar bezala, osasunerako dagozkien eskubideak dituzte. Eta hori ez zaie aitortzen, hori urratuta dute. Kontziente izan behar gara, guztion artean egin behar dugula zerbait. Hamar lagun hauek etxean egon behar dute, atzera bueltarik ez duen zerbait gertatu aurretik.

Zer gaixotasun dituzte?

Denetarik dago. Batzuenak gaitz fisikoagoak dira, beste batzuenak psikikoagoak. Hainbat kasutan minbizia da, eta zenbait kasuetan adinean aurrera joandakoak dira. Gaixotasun horiekin etxean egonda zaila bada egoera ere, baduzu etxekoen goxotasuna, konfiantzazko medikua, tratamendua..., espetxean inolaz ere bermatzen ez direnak. Ezin dira espetxean ondo artatuak izan.

Zer mezu duzu larunbateko manifestaziorako ?

Bertan egon behar dugula, saiatuz gainditzen nola pentsatzen dudan edo zer alderdietakoa naizen, hau da, gizatasun motiboak medio hau ezin dela gehiago luzatu esatea. Hor dagoen sufrimendua areagotze horrek ez garamatza inora, eta herritar moduan banaiz nor hori salatzeko, eta larunbatean beste hainbat jende ezberdinekin egoteko. Alderdiekin aritu gara harremanetan, baina aktibazioa esaterakoan nahiago dugu norbanakoen ideiari heldu, denok badugulako horretan zer esana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!