Zortzi proiekturen artean da, Amarotzen etorkizuna

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urr. 11a, 15:53
Garikoitz Lekuonak eta Idoia Mariñelarenak eman dituzte prozesuaren inguruko azalpenak.

1,1 milioi euroko aurrekontua dute amaroztarrek, auzoa hornituko duten ekipamendu eta azpiegiturak hautatzeko; bilera irekia izango da datorren asteartean.

Duela zenbait hilabete ekindako parte-hartze prozesua une garrantzitsuenetako batera iritsi da, eta auzotarrek zortzi proiektu izango dituzte erakusleihoan, etorkizuneko Amarotzek izan beharko lituzkeen azpiegiturak lehenesteko. 1,1 milioi euroko diru-poltsa baliatu beharko dute horretarako.

Idoia Mariñelarena Amarotz auzo elkarteko lehendakariak eta Garikoitz Lekuona Tolosako Udaleko parte hartze teknikariak eman dute ibilbide guztiaren berri, eta datorren astearterako hitzordua iragarri dute, halaber: bilera irekia izango da, 19:00etan, auzo elkartean. Zortzi proiektu proposamenak azaldu, eta bertaratuen artean zehaztuko dituzte auzoko lehentasun eta beharrak, proiektuak moldatzeko. Behin horra iritsita, galdeketa egingo dute amaroztarren artean, baina arduradunek ez dute, oraindik, datarik zehaztu.

2008. urtera egin behar da atzera, parte-hartze prozesu horren iturburura iristeko. Amarozko paper fabrikak arazo ekonomikoak zituela eta, lantegia lekualdatzea erabaki zuen zuzendaritzak. Horrela, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Tolosako Udalak eta paper fabrikak hitzarmena sinatu zuten, lantegiko lursailean 360 etxebizitza eraikitzeko.

Egokiera hura Amarozko hirigintza hobetzeko probestu, eta auzoan zenbait inbertsio egiteko unea zela erabaki zuten. Horrela, bi fasetan banatu zuten Amarotz eraberritzeko egitasmoa: "Trafikoa bideratzeko eta oinezkoentzako baldintzak hobetzeko lanak osatu ziren lehen fasean, galdeketa bitartez", dio Mariñelarenak. 

Orain, berriz, bigarren fasearen sukaldeko lanetan ari da auzoa. "Hamar urte barru Amarotz nolakoa izango den erabaki behar dute auzotarrek; Amarotzek zein azpiegitura eta hornikuntza izan behar dituen, horrek auzo eredua marka baitezake, etorkizunera begira", Garikoitz Lekuonaren ustez.

Aurrekontuari zukua

Talde sustatzailea da prozesuari erritmoa jartzearen arduraduna; auzo elkarteko nahiz udaleko ordezkariak biltzen dira foro horretan. Iazko abenduan etxez etxe egindako galdeketatik 128 proposamen jaso eta, galbahea pasatu ondoren, zortzi proiekturen bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa aztertu dituzte, auzotarrei aurkezteko. Orain, bizilagunek erabaki beharko dute 1.100.000 euroko inbertsioa nora bideratu.

Auzoetxea eta anbolatorioaren eraikina berregokitzea da proiektuetako bat, berau Amarozko kulturune bilakatuz. Urbanizatze lanei begira, berriz, espaloiak eta asfaltoa hobetzeko egitasmo bat ere landu dute; lan horiek egitekotan, urratsez urrats gauzatuko lituzkete, auzoko eguneroko ahalik eta gutxien oztopatuz. Auzoko etorkizunari begira, berriz, haur parkeak bere osotasunean eraberritzeko proposamena plazaratu du hirugarren proiektuak.

Hain zuzen horren osagarria litzateke laugarrena, erabilera anitzeko gune estali bat proposatzen duena; horretarako, eskolako hexagonoa eraberritu eta auzoko plaza bilakatzea da nahia. Haurrei begirako proposamenaren bidetik, hirugarren adinekoen osasunari eta aisiari begira ere Amarotzek azpiegiturak beharko lituzkeela iritzi dute hainbat bizilagunek; bolatokia berregokituko lukete kasu horretan, eta ariketen parkea bertan ondu.

Paper fabrika zeneko eremuan eraikitako frontoia estaltzeko proiektua ere aztertu du udalak eta, estaltze horretan, bi aukera leudeke: estalkia jartze hutsa edo, estalkiaz gain, alboko hegala ere ixtea.

Aisiarekin eta ongizatearekin batera, auzoko jarduera ekonomikoarekin ere lan egin dute parte hartze prozesuan, eta Amarozko merkataritza indartu nahian, berau inguratzen duen hirigintza hobetzeko lanak bildu dituzte zazpigarren proiektuan. Azkenik, komun publiko bat jartzeko beharra ere nabarmendu dute bizilagunek.

Egitasmo horiek guztiak plano erraldoietan ikusgai dira, auzoan ezarri dituzten paneletan, eta etxez etxe aldizkari berezi bat ere banatu dute, auzotarrak bilerara informazio mamituarekin bertaratu daitezen. "Iritziak bildu eta lehentasunak markatzea izango da lehen helburua eta, horren arabera, aurrekontuari ahalik eta zuku gehien ateratzeko, ikusi egin beharko da proiektuak nola uztartu daitezkeen; oreka bat bilatu beharko da".

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!