«Kontraesana da aukera berdintasuna nahi izatea, feminista izan gabe»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urr. 11a, 09:17

'Feminismoa feminista ez direnentzat' ikastaroa eskainiko du Maria Castejon Leorzak, datorren astetik aurrera, Tolosako Jabetze eskolan.

Hauteskunde kanpainetan, sare sozialetan nahiz kuadrilletako elkarrizketetan. Egiazki, nonahi entzun daiteke «berdintasunaren alde nago, baina ez naiz feminista» esaldia eta, arrazoi bat edo beste tarteko, herritar askok egingo lukete aipua bere. Baieztapenak kontraesanetik duena argitu, eta informazio ikastaro berritzailea eskainiko du Maria Castejon adituak, Tolosako jabetze eskolan, urriaren 19an hasita.

Zenbait aurreiritzi eta estereotipo puskatuko dituzu. Zeintzuk?

Feminismoa feminista ez direnentzat izenburupean, genero teorien eta teoria feministaren hastapenak landuko ditugu. Eta, hori abiapuntu hartuta, hainbat gaiz ariko gara: emakumeen historia edo emakumeen ordezkaritza komunikabideetan, kasu. Finean, feminismoen inguruko klixe guztiak asko baitira deseraikitzea da helburua. Izan ere, feministok munstrotzat hartu izan gaituzte beti: emakume oldarkorrak, itsusiak, depilatzen ez direnak eta gizonezkoak irensten dituztenak. Egiatik oso gutxi. Saioetan estereotipo horiek baliatuko ditugu, erakusteko feminismoa deabrutzeko interes handia dagoela. Zergatik? Emakumeen mugimenduek gizartea aldatu nahi dutelako, oinarri-oinarritik, eta hori oso deserosoa delako.

Gizarteko zati bat arduratu al da 'feminista' hitza kutsu ezkorraz janzteaz?

Argi dago baietz. Aipatu bezala, bada gogo bat emakumeon borrokak eta feminismoa alde batera uzteko eta, ondorioz, gaur egun zaila da norbere burua feministatzat jotzea, zenbait esparrutan pertsona susmagarritzat hartuko baitzaituzte: «Kontuz honekin!».

Aurreiritzien harira, termino nahasketak ere sortzen dira. Zein hitz definitu behar dira, gauzak behin betiko argitzeko?

Feminismoarekin hasita, zehaztu behar da gizarte mugimendu bat dela, filosofia eta politika teorietan oinarria duena; gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak deuseztatzea du helburu. Hembrismoa, berriz, komunikabideen eta giza-talde jakin batzuen asmakizuna da, ez baitago matxismoaren pareko ezer. Matxismoa sistema oso bat da, eta gizartearen eremu guztietan desberdintasuna betikotzen du; nik, behinik behin, ez dut halako botererik duen emakume talderik ezagutzen. Ezinbesteko da kontzeptuok argitzea, hitz horiek gure jarrerak definitzen baitituzte. Ulertzeko modukoak dira, gainera.

Berdintasuna nahi dutela dioten arren, asko dira feminista ez direla nabarmentzen duten emakumeak; batzuk ezagunak, gainera. Kargu publikoa duen inork halako adierazpenak egitea arduragabekeriatzat joko zenuke?

Arduragabekeria baino gehiago, erabateko kontraesana dela esango nuke. Sekulako kontraesana baita aukera berdintasuna nahi izatea, feminista izan gabe. Hori da, hain justu, feminismoek nahi dutena: gizarte berdinzale bat eraiki, eta feminitate nahiz maskulinitate patriarkala deseraiki. Dena den, hori guztia ezjakintasunak eragiten du, aipaturiko deabrutzearekin batera, teoria feminista ez dutelako inon irakasten, ez eskoletan, ez testu liburuetan.

Emakume gazteek ala helduek, nortzuk baztertzen dute gehiago feminismoa?

Tailerretan ikusten dudanaren arabera, denetarik dago. Hala ere, aipatzekoa da hainbat gaztetxok badutela kontzientzia feminista hori, nahiz eta maila teorikoa hain argi ez izan. Nik, adibidez, 15 urte nituela, ez nekien 'feminismo' hitza existitzen zenik ere. Horregatik, sarri egungo gazteak askoz ere matxistagoak direla esaten den arren, uste dut adinari ez zaiola hainbeste begiratu behar. Bada jorratu beharreko lan-ildo bat, adinak adin.

Zure saioetan, zein da gehien errepikatzen den beldurra?

Bitxia da oso, jendea zalantzaz josita iristen baita lehen egunean, defentsiban jarrita-edo. Lanean hasi eta kontzeptuak definitu bezain laster, ordea, ikuspegia zabaltzen zaie. Gainera, feminismoek eraikitako zenbait aspekturi kritika egiten diegu: irudiak, borroka-moldeak nahiz ghettoak sortu izana, adibidez. Autokritika egitea osasuntsua da.

Zirrikitu horietara iristeko, zein lan metodologia erabiltzen duzu?

Kontzeptuak definituz hasten gara: sexismoa, genero teoria, feminismo ereduak,... Hurrengo saioetan, berriz, ibilbide moduko bat egiten dugu emakumeen historian barrena, ezjakintasun handia baitugu: nortzuk ziren sufragistak, AEBetan 1960ko hamarkadan zer gertatu zen,... Eta, guztia biribiltzeko, publizitateko eta zinemako feminitate eta maskulinitate ereduak aztertzen ditugu. Eduki guztia irudi eta materialaren bitartez jorratzen dugu, eta uste dut ikastaro trinkoa dela.

Feminismoaz zuten iritzia aldatzen al dute, ikastaroa amaitzen dutenek?

Denetik izaten da, baina, ikastaro honekin hasi nintzenez geroztik, inork ez dio saioetara joateari utzi, eta hori da politena. Jende asko jakin-min hutsagatik bertaratzen da lehen hitzordura, baina gero jarraitu egin dute. Gainera, nire helburua ez da, inola ere, inor konbentzitzea, baizik eta informazioa eskaintzea, jendeak bestelako ikuspegi bat eraiki dezan.

Emakume guztiek beren burua feministatzat jotzea lehen pausoa litzateke, baina, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna errealitate izan dadin, gizonezkoek ere feminista behar dute izan. Lan handia al dago egiteko?

Gehiegizkoa! Gizonek aurrerapauso argi bat eman behar dutela uste dut. Horren inguruko eztabaida teorikoa bizi-bizirik dago, feminismoen subjektu politikoak zeintzuk izan beharko luketen erabakitzeko. Nire ustez gizarte osoak izan behar du subjektu; gizartea osatzen dugun pertsona guztiok ardurarik hartzen ez dugun arte, ez da benetako berdintasunik izango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!