Jon Ander Peñak itxura ona eman du debuteko partidan

Asier Imaz 2016ko urriaren 8a

Jon Ander Peñaren debuta 1 1475952494502
Jon Ander Peñaren debuta 12 1475952933350
Jon Ander Peñaren debuta 2 1475952537208
Jon Ander Peñaren debuta 11 1475952891753
Jon Ander Peñaren debuta 3 1475952574437
Jon Ander Peñaren debuta 10 1475952853555
Jon Ander Peñaren debuta 4 1475952613139
Jon Ander Peñaren debuta 5 1475952654565
Jon Ander Peñaren debuta 6 1475952693973
Jon Ander Peñaren debuta 7 1475952733171
Jon Ander Peñaren debuta 8 1475952775755
Jon Ander Peñaren debuta 9 1475952815289
Jon Ander Peñaren debuta 13 1475952971875

Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu du profesionaletako lehen partida aurrelari tolosarrak. Albisurekin osatu du bikotea Peña II.ak, eta 22-14 galdu dute Bengoetxea VI-Imazen aurka.

Jon Ander Peñak 19 urterekin debutatu du profesionaletan, Asegarce enpresarekin. Maila horretara iristen den bigarren esku pilotari tolosarra da, Mikel Belloso eta gero. Debuteko partida etxean jarri dio enpresak, eta zaletuek ez dute hutsik egin. Peña II.aren lagunak, senideak eta herritarrak itxura ona eman diote frontoiari, eta neurriko erantzuna eman die pilotariak, nahiz eta Oinatz Bengoetxea bezalako aurkaria izan aurrean.

Urdinei egokitu zaie lehen sakea eta Jon Anderrek eman dio hasiera partidari. Berea izan da partidako lehen tantoa, profesionaletako lehena, ezker-gantxo bizi eta bikain gurutzatutako bat tarteko, Bengoetxearen hanka bizkorrek ere harrapatu ezin izan dutena. Aurretik izan dira Peña eta Albisu seigarren tantora arte, hemen aurre hartu diete gorriek eta hala joan dira hogeita biraino, batzuen eta besteen tantoak tartekatuz. Albisuk, partida ona egin badu ere, ez du lortu Imaz gaztea mende-mendean hartzea eta leitzarrak, Bengoetxeak, profesionaletan zer aurkituko duen ederki erakutsi dio Peña II.ari, defentsan batik bat: orain arte tanto izango ziren pilota bat baino gehiago jiratu dizkio.

Jon Ander ausart aritu da. Asko gustatu zaigu defentsan egindako lana, zabalean zein txokoan ondo atera ditu Bengoetxean bidalitako pilota bihurri asko. Erasoan, berriz, beti asmatu ez badu ere, sei tanto egin eta zortzi galdu ditu jokaldian, erabaki egokiak hartu ditu gehienetan eta tanto ederrak eskaini dizkigu: aipatutako partidako lehena eta zazpi, bederatzi eta hamabigarrena egiteko jo dituen ezker gantxoak esaterako. Postura guztietan moldatzen dela eta pilotakada luzeko pilotaria dela ere erakutsi digu, hamaikagarren koadro ezkerrez jo eta Imazek itzuli ezinik utzi duen zartakoa lekuko.

Merezi du aipamena frontoira ekarri duen zalego gazteak eta partida osoan eman dion babesak: tanto egiten zuen bakoitzean sekulako festa jarri dute, eta huts egindakoan ere ez zaizkio babes oihuak falta. Egun handia izan da Jon Anderrentzat eta halaxe bizi arazi digute bere lagunek.

Hasi besterik ez da egin hau, eta nahiz eta partida irabazterik ez lortu, frontoian izan garenoi gustatu zaigu bere lana eta jarrera.

 

Jon Ander Peña:

 

Oinatz Bengoetxea:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!