Bonbona bat lehertu da Berazubiko etxebizitza batean

Asier Imaz 2016ko urriaren 8a

Martin Jose Iraola kaleko 9.an, lehen solairuan, izan da istripua, 16:30ak pasata. Etxebizitzan bi bizilagun zeuden leherketaren unean, baina ez da zauriturik izan. Adineko gizonezkoa sorosleek artatu dute etxetik oinez atera ondoren. Emakumeak "susto handia" izan arren, ez du laguntzarik behar izan.

Berazubi jaietan dago, eta 16:30ak pasata, leherketa batek bizilagunak Martin Jose Iraola kalean elkartu ditu. Lehen solairuko kristalak errepidean zeuden, eta leihoak zartatuta. Leherketa zerk eragin duen ez zekiten bizilagunek hasiera batean. Ertzaintza, udaltzaingoa, anbulantziak eta suhiltzaileak bertaratu dira ondoren. Azken hauek etxera igo eta azterketa egin dute. Bonbona bat lehertu dela esan du Ertzaintzak, eta une horretan etxearen barruan bi pertsona zirela, baina ez dutela zauririk jasan.

Eraikuntzako bizilagunek gas usai handia nabaritu dute, eta kanpoan zirenei badaezpada ez sartzeko esan die Ertzaintzak. "Hasiera batean" eraikinak ez du kalterik jasan, eta suhiltzaileek Ertzainei, bizilagunekin hitz egin nahi baldin badute, bidea libre dutela esan diete. Hauek solairuz solairu bizilagunekin hitz egitera joan dira. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!