Hausnartu eta pausoak emateko

Imanol Garcia Landa 2016ko urr. 7a, 09:18

Calcuta Ondoan elkarteko 'Begirada kontzienteak' erakusketa ikusgai dago Aranburu jauregian.

Errealitatea kontzienteki begiratzea da Calcuta Ondoan gobernuz kanpoko elkarteak Tolosako Aranburu jauregian jarri duen Begirada kontzienteak erakusketaren helburua. Calcuta Ondoaneko Edurne Gallok azaldu duenez, «bizi garen garapen eredu honek, neoliberala, hetereopatriarkala, eta globalizatuak, zein ezbehar eragiten dituen gure tokian eta baita munduko beste lekuetan ere».

Sei argazki bilduma daude erakusketan, Fernando Moreles argazkilariarenak, eta ondorengo gaiak jorratzen dituzte: gosea eta elikadura burujabetza, genero araberako diskriminazioa, globalizazioa eta deslokalizazioa, zabor elektronikoa, adin txikikoen lan esplotazioa, eta migrazioak. «Gure ohiturez hitz egiten dute, eta gure bizimoduak nola eragiten duen beste leku batzuetan, beste pertsona batzuetan, ingurunean...», esan du Gallok. Erakusketaren helburua ez dela bakarrik hausnarketa egitea esan du Gallok, «baita jakitea badaudela moduak ezbehar horiek aldatzeko». 

Aurkezpenean Patxi Amantegi zinegotzia izan da, eta erakusketara joateko gonbita egin du: «Aukera polita da hausnarketa sakon batzuk egiteko. Hainbat gauza ikusi eta momentu bat hartu kontzientzia hartzeko».

Erakusketarekin batera beste hainbat ekintza gehigarri egingo dituzte, Tolosako Ingurumen Zentroak bultzatuta. Bertako kidea da Oihana Orkolaga, eta aurkezpenean azaldu duenez, eskolako agenda 21 dinamizatzen dute Tolosaldean. «Aurreko ikasturtean kontsumo ekologikoa landu genuen eta erakusketa honek balio digu gogoratzeko urtean behin lantzen dugun gaia ez dela hurrengoan ahaztu behar, baizik eta konpromisoak metatzen joan behar dugula. Erakusketak, beraz, joan den urtean landutako gaia berreskuratzeko balio digu».

Ekintza gehigarriei dagokionez, batetik Euskal Fondoaren Eathink proiektuaren barruan dagoen Bertokoa jan, mundua buruan erakusketa. «Egitasmo horrekin aukera dugu erakusketan lantzen diren gaiekin jolasen bidez lantzeko». Bestetik, ikastaldeekin lantzeko proposamenak landu dituzte eta gonbidatzen dituzte Tolosaldeko ikastetxe guztiak parte hartzera, eta horretarako izena ematera Tolosako Ingurumen zentroan. Horrez gain, ostegunero saioak antolatu dituzte, Begi keinu batean izenekoak. «Hauen bidez alternatiba eta kultura ezberdinak ezagutzeko aukera eman nahi dugu», esan du Orkolagak. «Horretarako eragile ezberdinekin jarri gara harremanetan eta ostegunero, erakusketak irauten duen bitartean, 18:30etik 19:00etara, gai ezberdinak landuko ditugu». Hurrengo ostegunean, esaterako, Bertokoa jan, mundua buruan jokoaren saio gidatua egingo dute Aranburura joango diren familiekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!