Tolosarentzako marka berria

Imanol Garcia Landa 2016ko urr. 6a, 17:13

Tolosarekin zerikusia duen edonor eta edozer irudiarekin identifikatzeko sortu dute, eta bere erabilera sustatu nahi dute.

Alor komunikatiboan «hemendik aurrera urrats oso garrantzitsua izango da gaur aurkezten dugun Tolosako marka edo irudia», azaldu du Olatz Peon Tolosako alkateak. «Tolosak badu izena eta badu izana ere, eta gure mugetatik kanpo ezaguna dena. Tolosak hainbat ekimen egiten ditu, ez udalak sustatukoak bakarrik, baita herrigintzak berak sustatutako hainbat dinamika ere», gaineratu du Peonek. Hori horrela, Tolosaren marka edo irudia sortu dute. «Nahiko genuke Tolosarekin zerikusia duen oro identifikatua sentitzea marka honekin, eta erabiltzea».

Peonek gogora ekarri du Tolosako Udalak irudi instituzionala duela, armarria, «bere zeregina betetzen duena eta etorkizunean ere beteko duena arlo erabat instituzionalean». Alor instituzionaletik kanpo sortzen diren dinamika guztiek «izena eta izana izan arren, konturatu ginen irudi gabe zeudela», zehaztu du Peonek. «Irudi hori eman nahian hasi ginen pentsatzen nola izan zitekeen modurik egokiena helburu hori betetzeko». Ideia horretatik sortu da Tolosak bere marka edo irudia izatearena. 

Gaur egunean komunikazioaren alorrean mezuak gero eta motzagoak direla esan du Peonek, «eta bidaltzen den mezu horrekin emozio bat sorrarazi nahi da. Ez mezu handiak, baizik emozio bat edo sentsazio bat. Hori da Tolosaren irudi edo marka horrekin lortu nahi duguna. Tolosarekin zerikusia duen edozer identifikatzea marka edo irudi batekin».

Irudi edo marka hori sortzerakoan, profesionalekin harremanetan jarri zirela azaldu du Peonek. Hiri ekonomiaren Plan Estrategikoaren kideekin partekatu zuten prozesua eta hortik ekarpenak jaso zituzten. Bestalde, Berdintasun eta Gardentasun batzordera eraman zen. «Bertan alderdi ezberdinek ikusi zuten, eta egia esan iritziak erabat positiboak izan ziren», zehaztu du Peonek. «Hau azpimarratu nahiko nuke: irudi hau partekatua izan da bai udaleko ordezkariekin eta baita ere hainbat herritarrekin. Oso garbi izan, hemen aurkeztu dugun hau ez dela udalaren marka bat izango, ez dela alderdi politiko baten marka izango. Esan bezala, Tolosarekin zerikusia duen orok identifikatua sentitzea nahi dugu marka honekin».

«Irudia denona da»

Peonek irudia erabiltzera gonbidatu ditu herritarrak: «Irudia denona da, gero eta gehiago erabili, orduan eta indar gehiago izango du, eta beraz Tolosa komunitateak indar berezia hartuko du».

DosGes estudioak egin du markaren diseinua. Bertako Jon Gaztañagak azaldu duenez, «marka egiterakoan nola ikusten gaituzten kanpotik, nola ikusten gaituzten Tolosan planteatu dugu, eta nola nahi dugun gu ikustea, zer irudi eman nahi dugun. Tolosa eskualdean erreferentziazko hiria da, baina kanpokoarentzat, turismoarentzat esaterako, landa eremurako sarrera da».

Gaztañagak gaineratu duenez, «Tolosako arkitekturan elementu asko daude oso soilak direnak. Batera jarri genituenean ikusi genuen denek arkuak dituztela. Sendotasun hori islatzea garrantzitsua iruditzen zaigu, eta arkitekturaren elementu hori t letrarekin josi dugu, Tolosaren sinbolo bezala hartu duguna. Kolore urdina erabili dugu, herria kolore horrekin lotzen delako». Tipografiari dagokionez, «mota klasiko bat hartu dugu, baina berrikusia. Letra xehe eta larriak erabiltzen ditu, aniztasun horrek ere Tolosarekin zerikusia duelako.

DosGes estudioko Elena Segurolak azaldu duenez, «etorkizuna eta proiekzioa izan dezakeen marka dela uste dugu. Erabilera askokoa da, baina sinbolo hau aurkeztea hasiera da. Tolosaren irudi identitatea sortzeko proiektu hau luze joango da, pixkana lortuko da, dauden behar guztietara marka egokitzen den heinean. Erabiltzen dugun guztiok izango dugu ardura egokitzen joateko modu jakin batean, Tolosa marka egonkorra, iraunkorra, sendoa izan dadin».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!