«Etxera domina batekin etorri garen sentsazioa daukagu»

Asier Imaz 2016ko urr. 6a, 10:27

Gipuzkoa Caja Rural Bide Bideko entrenatzailea izateaz gain, Amador Granadosena ere bada tolosarra; irailean, Brasilen egon zen, Paralinpiar Jokoetan.

Irailaren 7tik 18ra Paralinpiar Jokoak jokatu ziren Rio de Jaineron, Brasilen. Ainhoa Artolazabal (Tolosa, 1972) bertan izan zen, Amador Granados txirrindulariaren entrenatzaile lanetan, Emaitz Izagirrerekin batera. 1992an, Bartzelonako Olinpiar Jokoetan izan zen, txirrindulari bezala; 2000. urtean, Sydneyn hautatzaile lanetan aritu zen, orduan ere Olinpiar Jokoetan.

Txirrindularitzak kendu kenduko du, baina baita eman ere. 

Beti esan izan dut txirrindularitza beste bizitzeko modu bat izan dela niretzat. Kirolari bezala, ordu asko eskatzen ditu. Baita entrenatzaile bezala ere. Baina eman ere egiten du, eta orain Paralinpiar Jokoetara joateko aukera eman dit, kirolariari laguntzen.

Zein kirol helbururekin joan zineten Rio de Janeirora?

Amadorrek taldekako abiadura proban korritzen zuen. Hiru buelta egin behar izaten ditu taldeak, eta berak lehenengoa egin behar zuen. Hemen denbora onak markatzen zituen, baina paralinpiar batzuetan alderdi asko hartu behar izaten dira kontuan. Belodromoa egokiagoa zen, beraz, denborak hobetzeko aukera zegoen. Baina eguna tokatu behar zaizu, eta presio hori kudeatzen jakin egin behar izaten da. Nire ustez kirolari batentzat hori da lanik zailena. Eguna iritsi zen, eta arrankada ona egin zuen. Gero bere taldekideak ere fin aritu ziren, eta azkenean, brontzezko domina lortu zuten.

Aurrez zuzenean edo zeharka dominarik lortu al zenuen Bartzelonan edo Sydneyn.

Hautatzaile bezala Joane Somarriba genuen aukerekin. Errepidean eta erlojupekoan parte hartu zuen. Azken honetan, sei segundogatik txokolatezko dominarekin geratu zen. Lehen esandakoa, egun jakin horretan gauza guztiak ondo atera behar zaizkizu. Sentsazio gazi-gozoarekin itzuli ginen Sydneytik.

Arantza, beraz, Rion atera duzu.

Urte guzti hauetan egindako lanak merezi izan duela ikusten duzu. Sentsazio horrekin geratzen zara.

Domina horren zati bat zurea ere bada, ezta?

Emaitz eta biok ibiltzen gara Amadorrekin. Nik planifikazioa egiten diot, eta gero Emaitzek egiten ditu jarraipen lanak. Lan gehiena, zalantzarik gabe, kirolariak berak egiten du. Nahiz eta domina berak ez hartu, zati txiki txiki txiki bat entrenatzailearentzat ere joaten da. Azkenean bai da sentsazioa domina batekin etorri garela etxera.

Zatia txiki-txikia, baina poza?

Izugarria. Aurretik oso urduri geunden, podiuma ehuneneko kontua izango zelako. Aspaldian nabaritu ez nuen urduritasuna zen. Kirolari bezala izaten duzu, eta orain, beste aldetik bizitzen duzu. Nik nahiago dut lehenengo kasukoa.

Beste alde horretatik, zer ikasi duzu Paralinpiar Jokoetan?

Alde batetik, entrenatzaile bezala. Beste herrialdeetan egiten ari direna ikusteko aukera izan dugu. Ingelesekin, adibidez, hitz egiteko aukera izan genuen. Olinpiar eta paralinpiar kirolariak maila berean dituztela esan ziguten. Material aldetik ez zegoela bereizketarik, eta kirolariek urte guztia prestaketan pasatzen zutela. Zer nolako lanketa egiten duten ere ikusten duzu: beroketak direla, edo funtzionamendua bera dela. Baina talka handiena maila emozionalean izan dut. Kirolari ezinduak, ezintasun horrekin kirolean nola aritzen diren ikustea. Eurekin hitz egiten, asko istripu batetik ateratako jendea dela ikusi dugu. Motibazioa nola bilatu duten eta kirolak zenbat lagundu dien kontatzen dizute. Historia horiekin hunkituta geratzen zara. Gero egoerara egokitzen zara, aurrera nola egiten duten ikusiz; baina lehen egunak gogor xamarrak egin zitzaizkidan.

Bi ikuspegi horietatik oso aberatsa izan da esperientzia.

Alderatzerik ba al daude Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak.

Nik uste baino jende gehiago elkartu da Paralinpiar Jokoetan. Egia da zenbait kiroletan harmailak hutsik ikusi ditugula. Baina gune olinpikora sartu ginenean, jende mordoa ikusten zen. Komunikabideen aldetik hemen ez dago konparaketarik. Paralinpiar Jokoen oihartzuna askoz txikiagoa da. Dominen kasuan ere alde handia dago hemen. Brontzezkoagatik Olinpiar Jokoetan 9.000 euro ematen baldin badizute, paralinpiarretan 3.000. Urrezkoaren kasuan, 64.000 mila eurokoa da tarte hori. Nire ustez ez litzateke bereizketarik egin behar. Kirolariek egiten duten lana berdintsua da. Ziurrenik paralinpiarretara joaten direnek gehiago egin behar izaten dute, egunerokotasunean izaten dituzten oztopoak gainditu behar izaten baitituzte.

Aireportuan harrera handirik behintzat ez zenuten izan komunikabideen aldetik.

Olinpiar Jokoetatik etorri zirenean kirolariak Euskal Herrira, komunikabide mordoa zuten zain. Amador Granados eta Iñigo Llopis Hondarribira iritsi zirenean, kamara bakarra zegoen: Gipuzkoa Caja Rural Bide Bideko prentsa arduradunarena.

Kirolariek zer diote?

Nire ustez barneratuta daukate. Lehen esan bezala ez da hori bakarrik, egunerokotasunean dituzten oztopokoak ere hor daude. Oraindik lan potoloa dago egiteko arlo askotan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!