Argi berdea, Laborde-Labaien esparrua eraberritzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urr. 5a, 15:42

Ikasturteko lehen osoko bilkura izan zen atzokoa.

Ikasturteko lehen ohiko osoko bilkuran, Tolosa eta Uztaritzeren arteko senidetze hitzarmena eguneratzea ere adostu zuen udalbatzak.

Laburra izan da ikasturteko lehen plenoa, Tolosako Udalean. Kontu hartzailetzarekin loturiko hainbat arrazoi medio, Berazubi estadioko obrei zegokien puntua atzeratu behar izan zuten eta, horrenbestez, bi gai nagusiren inguruan aritu ziren zinegotziak: Laborde-Labaien esparrua eraberritzeko behin betiko onarpenaz eta Uztaritzerekin sinaturiko senidetze hitzarmena berritzeaz.

Soka luze baten azken muturra da, oraingoz, Laborde-Labaien esparrua eraberritzeko argi berdearena. 1990eko hamarkadan garatu zituen, Tolosako Udalak, Agintari kaletik Gorriti plazara doan esparrurako proiektu eta aurreikuspenak, baina udaletik kanpoko bi erakundek oztopatu izan dute dute Alde Zaharreko eremu hori egokitzea: Ur Agentziak eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak. Haiek gauzatzen dituzte ur emarien igoera saihesteko legeak.

Guneak uholde-arrisku handia duenez, urtetan, bi erakundeak ez dira bat etorri izan balizko eraberritze lanak bideratzeko moduekin, eta udalarentzat etengabeko oztopo-lasterketa bat izan da auzia. Orain, ordea, joan den ekaineko osoko bilkuran behin-behineko onarpena eman eta atzo behin betikoa berretsita, Alde Zaharreko zirrikitu hori itxi eta behar bezala berritzeko aukera eskura du udalak.

Gobernuak eta oposizioak "poza" azaldu zuten katramila konpondu izanagatik, eta "eremu horri merezi duen duintasuna emateko garaia" iritsi dela azpimarratu zuen Olatz Peon alkateak.

Eraberritzea behin betiko jardueratzat inskribatuko dute, eta horren ondotik iritsiko dira obra esleitzeko pausoak. Gogora ekartzekoa da, besteak beste, etxebizitzak, ibai-ertza zeharkatuko duen pasealekua nahiz lurpeko aparkalekuak eraikitzeko onespena eman dutela dagokien erakundeek eta, horrez gain, ibaiari pasabide zabalagoa utziko diotela, uholdeak saihesteko.

Harreman sareak gaurkotzera

1989. urtekoa da Tolosaren eta Uztaritzeren (Lapurdi) arteko senidetze hitzarmena eta, hainbat urtetan hoztuta egon izan den arren, joan den agintaldian berrabiarazi zuten bi herrien arteko harremana, hainbat kultur jardueraren harira. Horren harira, batxilergoko ikasleek memoria historikoa lantzeko egindako elkartrukea izan zen, ikasturte amaieran, senidetzea indartzeko azken hitzorduetako bat.

Iparraldeko zubiak indartu eta garai berrietara egokitu asmoz, Tolosako Udaleko Euskara batzordeak senidetze hitzarmena errebisatu eta gaurkotzeko garaia dela diktaminatu berri du, eta aho batez onartu zuen, atzo, udalbatzak.

Inaki Irazabalbeitia EH Bilduko zinegotziak "oso beharrezkotzat" jo zuen eraberritzea, eta galdera bat proposatu zuen plenoan: "Senidetzearen kudeaketa zein batzordetatik kudeatuko dugu orain? Euskara batzordearen ardura izan da orain arte, baina memoria historikoaren gaia, esaterako, hezkuntzaren bidetik jorratu zuten. Akaso beharrezkoa litzateke senidetzearen gaiak lantzeko batzorde berezi bat sortzea, eta herriko eragileak ere gonbidatzea".

Horrela, proposamena hartu eta eraberritzea aho batez onartzearekin batera, Olatz Peonek jakinarazi zuen, senidetzea iragarriko duen seinale berriak jarriko dituzte bi herrietan, epe laburrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!