«Etxea jokatuko bagenu bezala ibiltzen gara»

Asier Imaz 2016ko urr. 5a, 12:17

Joxepi, Dolores, Lurdes, Igone, Marixol, Jaione eta Ana ostegunean Berazubiko pilotaleku txikian elkartu ziren. Palak eskuan zituzten, baina jokatzeko baino, argazkietan ateratzeko eraman zituzten pilota erremintak. 

Duela 10 urte inguru hasi ziren elkartzen Irura, Asteasu, Zizurkil, Tolosa eta inguruetako emakumeak. «Zazpi bat izango ginen orduan. Gero, pixkanaka, jendea gehitzen joan zaigu. Batzuk utzi egin dute, berriak etorri dira». Emakumea Pilotariren barruan hasi zen ekimena, iaz, Tolosa CF-ko pilota sekzioaren barruan sartu zen, eta Nagore Arozena lizartzarra erakusle dutela, asteartero elkartzen dira Tolosako Beotibar pilotalekuan, gomazko paletaz gozatzera. «09:00etatik 10:30era aritzen gara. Gustura ibiltzen garenez, ostegunetan Ibarrara joaten gara, gure aldetik».


Urtean zehar hainbat txapelketa jokatzen dituzte, eta egun zehatz batean, Gipuzkoako pilotari guztiak elkartzen ditu Emakumea Pilotarik, elkarren aurka jokatu eta bazkari baten bueltan. «Giro oso ona dago gure artean. Kirola egiteko era bat da, eta gu ere gure erara saiatzen gara horretan. Gustura. Batzuk gaztetan palaz ibilitakoak dira, besteak hemen hasi dira. Denentzat dago lekua», zioten emakumeek. Gonbidapena zegoen mezu horretan, hau da, eurekin elkartu nahi duenak ateak zabalik dituela esan zuten. Horretarako, astearte goizetan Tolosako Beotibar pilotalekura azaltzea nahikoa dute. «Oso ondo sentitzen gara gure buruarekin, eta ez dugu hutsik egiten. Partidak jokatzerakoan, gainera, etxea jokatuko bagenu bezala izaten da».


88 fitxa
Zazpi emakume hauekin batera, 80 bat haur, gazte eta heldu elkartu ziren Berazubiko pilotalekuan. Baita udal ordezkariak ere. Izan ere, Tolosa CF-ko pilota sekzioaren aurkezpen ekitaldia egin zuten ostegunean. Albiste batekin hasi zen ekimena: «Hemendik aurrera Tolosa CF-Aurrera izena du sekzio honek». Albistearen nondik norakoa Manu Aiertza sekzio arduradunak azaldu zuen: «Aurrera Elkartea eta Tolosa CF-ko pilota atala elkartu egin dira. Lege kontuekin gabiltza oraindik, baina pilotariek kamisetan bi armarriak eramango eta defendatuko dituzte hemendik aurrera».


Iaz 39 fitxa zituen sekzioak. Aurten, ikasturte hasiera honetan, zenbaki hori bikoiztu eta 88ra iritsi dira: «Izugarria da. Dezente hazi gara, eta beldur eta bertigo pixka bat izan arren, baikor gaude. Egoera kudeatzeko gauza garela uste dugu, eta aurrera egingo dugu», dio Aiertzak. Berrikuntzen artean gomazko paletan nesken bi talde aipatzen ditu sekzioaren arduradunak, eta «nesken pala sekzio indartsu bat» osatzeko nahia.


Udalaren izenean Olatz Peon alkateak hitz egin zuen aurkezpen ekitaldian. Eta emakume taldearen adibidea azpimarratu zion Tolosaldeko Ataria-ri: «Emakume taldea, eta helduak gainera. Nire adineko jendeari esperantza zabaltzen dio horrek, oraindik ere pilotan hastea posible dela erakutsiz. Adibide ikusgarria dira».


Tolosa CF-Aurreraren inguruan, harrobia lantzen ari diren lana azpimarratu zuen Tolosako alkateak. «Bereziki Tolosaldeko Eskola Pilota aipatuko nuke. Tolosako pertsona askok lan egiten dute bertan, eta udalak eskerrak eman nahi dizkie. Gure aldetik ahalik eta gertuen egoten saiatuko gara, eskualdean sortzen ari den harrobi hori sustatzen laguntzen egoteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!