Kulturaren harietatik, gizartea hezteko proiektu bat

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urr. 3a, 12:51
Irudian, Topic zentroko arduradunak, erakundeetako ordezkariekin.

Topic zentroak 2016-2017 ikasturteko eskaintza osoa plazaratu du, Titereszena izenburupean; 40 jardueratik gora antolatu dituzte.

Kementsu hasi dute ikasturtea, Topic zentroan. Ohiko lanei ekin eta ikasturte amaierara bitarteko hitzorduak zehaztearekin batera, eskaintza tentagarria ondu dute zita horiekin guztiekin: Titereszena. Guztira, 40 jardueratik gora programatu ditu zentroak, beren lan-ildo guztiei zukua atera.

Txotxongiloen nazioarteko zentroari bizia ematen diotenak nahiz bizi hori babesten dutenak izan ziren, joan den ostiralean, Topic-en bertan antolaturiko aurkezpenean. Horrela, Tolosako alkate Olatz Peonek "behinola egindako etorkizuneko apustuak fruituak eman" dituela nabarmendu zuen: "Udan %20 igo dira Tolosaldeko bisitak, eta Topic zentroak zeresan handia du horretan. Gainera, gure ondareari balio erantsia ematen dio museoak".

Museo, antzoki, taberna nahiz ikasgela izan daiteke Topic, eta izate horiek guztiak gorpuzteari ekingo diote, datorren urriaren 22an. Orduantxe hasiko da antzokiko ikuskizunen agenda, eta "adin eta afizio guztiei begiratuta" osatu dute eskaintza, Idoia Otegi Topic zentroko zuzendariak azaldu zuenez.

Zenbait nabarmentzearren, egitaraua zabalduko du Screen man ikuskizunak, aktore, txotxongilo eta objektuak ikus-entzuneko edukiekin uztartuz. Hilaren 22an ariko dira, 18:30etik aurrera, eta Castelló de lao Planako (Herrialde Katalanak) El teatre de l´home dibuixat konpainiak taularatuko du saioa. Eduki multimediaren ordez itzalak baliatuko dituztenak ere bertaratuko dira, ikasturte honetan, Topic zentrora. A la sombrita konpainia andaluziarraren kasua izango da, eta Un trocito de luna eskainiko dute, abenduaren 17an. "Itzalekin lan egiten duten konpainien artean garrantzitsuenetakoa da eurena", Otegik azaldu zuenez, eta modu didaktikoan prestatzen dituzte ikuskizunak.

Sarien bultzadaz iritsiko dira beste zenbait konpainia ere, Peus de porc kasu. A comer!! ikuskizuna taularatuko dute otsailaren 11n, hain zuzen, 2015eko FETEN sarietan ikuskizun onenaren errekonozimendua jaso zuen ikuskizuna.

Eta, hileroko ikuskizunen altxorrak txalotu arren, Topic zentroko arduradunek ezin izan zuten poza ezkutatu, Jordi Bertran kataluniarra ikasturteko egitarauan txertatzea lortu dutelako; Circus ikuskizuna eskainiko du Tolosan, ekainaren 3an. "Aspaldidanik gabiltza bere atzetik, bai Titirijairako eta baita Topic-eko eskaintzarako ere, baina orain arte ezin izan dugu hitzordurik lotu. Beraz, oso pozik gaude, eta ikasturteari amaiera bikaina emateko aukera izango da, bere ikuskizuna".

Panpinekin ikasi

Taula gainetik ametsak oparitzearekin batera, Topic zentroak amets horiek eraikitzen ere irakasten dio, haur, gazte nahi helduri. Ikasturte honetan, aurrekoetan bezalaxe, ikastetxeentzat bereziki programatutako bisitak eskainiko dituzte, txotxongilo zentroaren sekretu guztiak erakutsiz. "Egitarauko ikuskizun horietako batez gozatzen dute eta, horrez gain, museoa bisitatzen dute. Ondoren, txotxongiloak eraikitzeko materialak ezagutu, eta beren panpina propioa sortzen dute", azaldu zuten zentroko hezitzaileek". Era berean, ikastetxeek aukera izaten dute tailerrak nahieran diseinatzeko, gai zehatzak txotxongiloen bitartez jorratzeko.

Hezkuntzaren adarra indartuz, Tolosara bertaratzeko zailtasunak dituzten ikastetxeetara iristea izan da Topic zentroaren erronketako bat eta, bide horretan, Distance learning proiektuak eskaini die irtenbidea: "45 minutuz beren ikasgelan sartzen gara, interneti esker, eta saio bat eskaintzen diegu".

Txotxongiloen nazioarteko zentroak, gainera, belaunaldien arteko sareak ere ehuntzen ditu, eta ikasturte hasiberrian Mano viva egitasmoa indartzeari helduko diote. Nerabeengana hurbiltzeko gaiak hizpide hartu, eta txotxongiloekin ikastetxeetako irakasleei formakuntza eskaintzen diete. Ikasgeletako lanketa horren ondoren, neska-mutilek hirugarren adinekoen egoitzetan plazaratzen dituzte ikuskizunak.

Oporraldi garaian nahiz egun berezien inguruan tailerrak eskaintzen jarraituko du Topic zentroak, proiektu horiekin guztieki batera; hilaren 22an, esaterako, Minbiziaren Aurkako Elkartearekin elkarlanean prestatuko dute saioa, eta Titirijairako helduei begirako Stop motion ikastaro bat izango dela ere aurreratu zuten.

Iran eta Galizia, Tolosatik mugitu gabe

Bizahiru erakusketa prestatzen ditu, Topic zentroak, urte osoan barrena. Joan Baixasen Eroen ontzia ikusgai dago orain, eta "oso arrakastatsua" izan dela nabarmendu zuen Maria San Sebastian arduradunak. Ikasturte berriari begira, ordea, Iranera begira jarriko da museoa.

Zahra Sabriren txotxongiloek Topic hartuko dute azaroaren 5etik martxoaren 5era bitarte, Irango ameslari bat izenburupean. Besteak beste, Irango hari tradizionalekin egindako txotxongilo bereziak ikusgai izango dira, eta Sabriren erakusketa izango da, halaber, berrikuntza bati bide emango diona: bisita dramatizatuak. Azarotik aurrera, museoa ezagutzeko modu berri bat eskuragarri izango da, hilean behin.

Antzerkiaz jantzitako bisiten bitartez, Barriga verde erakusketa galiziarraz gozatzeko aukera ere izango da, noski, martxotik aurrera.

Nabarmentzekoa da, mundu zabaleko txotxongiloak Tolosara bertaratzen dituzten modu berean, Topic-eko ondareak ere bidaiatzen duela mundu zabalera: Rutas de Polichinela erakusketan erabilitako zenbait txotxongilo Italian barrena ibiliko dira, urtarriletik apirilera bitarte.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!