Zortzigarrenez, leiho bat Tolosatik munduari begiratzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ira. 27a, 15:24

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuan bertan egin dute aurkezpen agerraldia.

Jesus Torquemadak beste behin gidatuko du nazioarteko gaurkotasun sozio-politikoaren mintegia, urriaren 24tik aurrera.

Egitasmo bat zortzigarrenez antolatzeko makineria martxan jarri izana ez da kasualitatea; arrakasta motor indartsua da. Bada, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak motor horren birak baliatu, eta ikasturteko agendan txertatu du Jesus Torquemadak gidaturiko mintegia.

Institutua Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntza (BOZI) sustatzeko ahalegin horretan hasi zen mintegia antolatzen, Ikastn aholkularitza zerbitzuaren bitartez: "Kalitatezko hezkuntza dugu helburu, eta Lanbide Heziketatik kanpo ere ikasteko asko dagoela plazaratu nahi dugu", azaldu du Joxemari Elola institutuko zuzendariak.

Bide horretan, egungo gizartearen errealitatera ahalik eta gehien egokituriko mintegia elikatu dute, urtez urte, Mikel Muñagorri Ikastn-eko arduradunak azaldu duenez: "Nazioarteko berriek eragin nabarmena dute gugan, eta gatazka, arazo nahiz gorabehera horiek guztiak ulertzeko gakoak azaltzea da saioen nahia, bertaraturiko herritarrek auzi horiek guztiak modu kritikoan aztertu ditzaten".

Datu zaparrada atsegina

Agendan hitzorduak uztartzeko erraztasunik ez duen arren, aurten ere Jesus Torquemada izango da nazioarteko aktualitatea azaltzearen arduraduna. Antolatzaileek argi diote arrakastaren gakoetako bat hizlaria bera dela, eta haren dohainak azpimarratu dituzte: "Gaitasun aparta du ertz askotako gaiak aztertzeko, eta informazio asko modu arinean eskaintzeko. Aukera bikaina da bera entzutea".

Aukera hori probestu nahi dutenek, ostegunetik aurrera izango dute izena emateko aukera, urriaren 17ra bitarte. Telefonoz egin ahal izango da, batetik, 615 77 56 78 zenbakira deituta, eta www.ikastn.com webgunearen bitartez ere eserlekua erreserbatu ahal izango da.

Nabarmentzekoa da azken zazpi urteotan 1.500 pertsonak baino gehiagok parte hartu izan duela egitasmoan, eta eserlekuak azkar agortzen direla. "Ikus-entzuleek profila 40 urtetik gorako gizon-emakumeena da, baina gazteagoak eta helduagoak ere bertaratzen dira, eta aurten ere adin aniztasuna izatea espero dugu, beste behin Topic betetzeko", dio Elolak.

Lehenengo saioa urriaren 24an izango da, astelehenarekin, eta gainerako hiru hitzorduak ere astelehenez izango dira, azaroaren 7an, 14an eta 21ean. Ordua, berriz, aurreko urteetako berbera izango da, eta Jesus Torquemada 19:00etatik 21:00etara bitarte ariko da. Hizpide izango duena, berriz, unean uneko aktualitateari estu loturikoa izango da eta, horrenbestez, lehen saiora bitarte gai zerrendarik ez dute osatuko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!