Barnealdea ere txukun

Tolosaldeko Ataria 2016ko ira. 27a, 09:52

Pixkanaka-pixkanaka Ferialekua garai bateko dirdira berreskuratzen ari da. Eraberritze lanen lehen fasean sabaia eta leihoak berritu zituzten, eta orain, urriaren hasiera, bigarren fasearekin hasiko dira, hau da, barne-egitura moldatzen.

Asmoa barnealdea eta pabiloiko sarrera nagusia modu partzialean eraberritzea da, horrela, buruhandiak eraikitzeko tailerreko kideek «erosoago» lan egin ahal izateko eta «tailerretako banakako sarrerak ere egokitu ahal izateko», esan du udalak ohar bidez.

Hala, Ferialekuaren barnean dauden horma bereizleak eraitsiko dituzte, barrutia jardueretarako garbi uzteko, eta gune itxia zabalduko dute, gaur egungo sarrera nagusia gune horri atxikiz.

Urratsez urrats

Lau urratsetan banatu dituzte bigarren faseari dagozkien lanak. Lehenik eta behin, aparkalekuko sarrera eremua moldatuko dute. Gaur egun pabiloiko sarrera nagusia aparkalekuen eremuan dago. Eremua irekita dago eta asmoa da ixtea eta pabiloiari atxikitzea, azalera erabilgarri gehiago izateko.

Patioko sarrera eremuari dagokionez pabiloiaren barnean hainbat gune sortzea da nahia, udalak azaldu duenez. «Marketeria-lanetarako eta buruhandiak margotzeko beharrezkoa da ibilgailuen aparkalekuko sarrera nagusiaz gain aparteko beste sarrera bat egokitzea. Pabiloian, sarrera nagusiko barneko patioari itsatsita dagoen eremura eraman nahi da jarduera, eta, horren ondorioz, ibilgailu industrialentzako ate bat egokituko da», gaineratu du.

Hirugarrenik pabiloiaren barnealdean egingo dituzten lanak aipatu ditu udalak. Lehenik barneko zenbait gune bereizten dituzten hormak eraitsiko dituzte, hala nola, erdialdean alderik alde dagoena, tailerretarako erabiltzen den eremukoa eta udal lanetarako lanabesen biltegikoa. Eraiste lan horiek eginda, pabiloia erabat garbi geratuko da dagozkion jarduerak hartzeko. Era berean, larrialdietarako irteeren bi ate zabalduko dituzte San Esteban kalera, pabiloiari erabilera aldetik malgutasun handiagoa emateko.

Azkenik, barneko instalazioetan ere moldaketak egingo dituzte. Instalazio elektrikoetan egin beharreko aldaketak ahalik eta zehaztasun eta zorroztasun handienarekin egingo dituztela esan du udalak. Izan ere, hainbat koadro elektriko lekuz aldatuko dituzte, bai koadro nagusiak eta baita partzialak ere, eta hainbat linea partzial kenduko dituzte, haien euskarri diren itxiturak eta hormak eraitsi egin behar dituztelako. «Gainera, komun eta harraska berriak jarriko dira, eta beherako hodi berriak jarriko dira barnean, euri-ura bideratzeko eta jasa handiak egiten dituenean hustubide hobeak izateko, gaur egungoak txikiak baitira», gaineratu du.

 

ZENBATEKOAK

Lehen fasea. Teilatua, leihoak, sarrerako estalpeak eta San Esteban auzo elkarteko konponketak egiteko 184.000 euroko inbertsioa egin du udalak.
Bigarren fasea. Barne egituraren konponketa lanak egiteko 158.000 euroko aurrekontua egin dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!