Atxiloketa bat egin dute Tolosan, giza trafikoa egotzita

Ataria 2016ko irailaren 23a

Tolosaz gain, Iruñean eta Gasteizen ere bi pertsona atxilotu dituzte. Espainiako Poliziak egin ditu atxiloketak, Frantziako eta Alemaniako segurtasun indarrekin eta Interpolekin elkarlanean. Orotara, 24 lagun atzeman dituzte.

Madrilen hasi zuten ikerketa, Fuenlabradako industrialde batean nigeriar jatorriko emakumeak esplotatzen zituztelako susmoak zirela eta. Hortik hasita, eta Alemania eta Frantziako segurtasun indarrekin eta Interpolekin elkarlanean, 24 lagun atxilotu dituzte giza trafikoa egotzita. Atxilotuetatik hiru Tolosan, Gasteizen eta Iruñean atzeman dituzte.

Iturri ofizialek adierazi dutenez, bi emakumek zuzentzen zuten sareak Nigerian atzematen zituen emakumezkoak, lan eskaintza faltsuak eginez, eta, ondoren, Europara ekartzen zituzten. Kontinentera heldutakoan diru kopuru handiak eskatzen zizkieten bidaia ordaintzeko, eta prostituitzera behartzen zituzten. Haietako askori vudu-errituak egiten zizkieten eta, hitza bete ezean, eurak edo euren gertukoak hilko zirela sinetsarazten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!