Ibarratik Tolosara bidean pertsekuzio arriskutsua izan zen, atxilotuek hainbat herritar eta gidari arriskuan jarriz. Iluntzeko zortziak inguruan norbanako batek Ertzaintzari dei egin zion, GI-2130 errepidean berak ezaguna zen Mitsubishi Pajero ibilgailu bat ikusi zuelako, gazte bat gidari zuela.
Informazio hori jaso eta gero, Ertzaintzak ibilgailua arratsaldean bertan Gorritin (Nafarroa) lapurtu zutela baieztatu zuen, eta martxan jarri ziren 4x4a aurkitzeko. Beranduxeago ibilgailua errepide berean aurkitu zuten, Ibarrarantz, eta orduan ekin zioten autoa jarraitzeari. Ertzaintzak jakinarazi duenez, larrialdi argiak eta bozgorailua baliatu zituzten, gidariari ibilgailua geratzeko aginduz.
Gidariak, ordea, ez zuen jaramonik egin eta, ihes egiteko asmoari eutsiz, Ibarrako erdigunean modu oso arriskutsuak gidatzen joan zen, sigi-sagan eta noranzkoaren aurka, ia-ia beste zenbait autoren arteko talka eraginez. Horrela, ibilgailua Tolosan sartu zen Nafarroa etorbidetik, eta oinezkoen bide batean sartu zen, sekulako abiadan gidatuz eta herritarrak arriskuan jarriz.
Nafarroa etorbidearen eta Foruen etorbidearen artean, azkenik, Amaiur parkeko sarreran geratu zen ibilgailua, bidean aurrera ezin jarraituta. 4x4 ibilgailuko bi bidaiariek autoa utzi eta korrika ihes egin zuten, Laskurain kale aldera.
Gidaria ezkaratza batean ezkutatu zen, eta minutu batzuen buruan atzeman zuten, kale horretan bertan. 26 urteko gizonezkoa identifikatu eta zenbait egiaztapen egin eta gero, ertzainek gizonezkoa atxilotu zuten ibilgailu motordun bat lapurtzea, ausarkeriaz gidatzea eta errepideko nahiz kaleko segurtasunaren aurka aritzea egotzita. Aipatzekoa da, norbanakoak ez duela gidabaimenik.
Bere aldetik, ibilgailutik ihes egin zuen emakumea Ibarrako zubian atzeman zuten. 20 urte ditu, eta lapurtutako ibilgailu motordun baten erabilera egotzita atxilotu zuten.