Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

«Demokrazia heldu guztietan dute erabakitzeko eskubidea»

Iñigo Terradillos 2016ko ira. 22a, 08:03

Pili Zabala (1968, Tolosa) Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak adierazi duenez, zailagoa egingo zaio ezberdintasun sozialak sortzen dituzten alderdiekin akordioetara iristea.

Eskualdeko lehendakarigai bakarra da Pili Zabala (Tolosa, 1968), eta baita historiako lehena ere. Alderdi guztiekin adostutako proiektu politikoa defendatzen du, «Euskadi solidarioagoa eraikitzeko».

Zer azpimarratuko zenuke Tolosaz, zure jaioterriaz? Gaur egun zein harreman duzu eskualdearekin?

Oroitzapenak batez ere haurtzarokoak eta nerabezarokoak ditut. Oroitzapen oso politak gordetzen ditut, auzokoak, lagunenak, eskolakoak, kalekoak, Igarondo igerilekukoak... Gaur egun, Zarautzen bizi naiz, eta Tolosara, familia bisitatzera joaten naiz, batik bat. Nire ama eta anai-arrebak bertan bizi dira eta baita senarraren familia ere.

Politikaren lehen lerroan egotea egokitu zaizu Elkarrekin Podemosen proposamena onartu eta zure hautagaitzak irabazi ostean. Nola daramazu?

Nahiko ondo. Nahiko pertsona ordenatua eta diziplinatua naiz. Asko gustatzen zait ikastea, formatzea eta gauzak arrazoitzea, iturri desberdinetatik informazioa jasotzea eta ondo hausnartu ondoren nire iritzi propioa ateratzea.... Eta horixe da egiten ari naizena: ikasi, familiarekin egon ahal dudan une horiek ondo baliatu eta nire lanak ahalik eta egokien egin.

Nola doa kanpaina? Gustura orain arteko lanarekin?

Gustura gaude. Ikusten ari garen erreakzioekin eta jendearen bultzadarekin pozik gaude. Jendearen babesak ikaragarri motibatzen zaitu. Etorkizun hobea, Euskadi sozial eta solidarioagoa nahi dugu eta badakit gauzak askoz hobeto egin daitezkeela.

Kanpainan zure etxearen inguruko azalpenak ematen ikusi zaitugu. Zergatik ikusi duzu beharrezko hori egitea?

Herritarrek politikariek dugun ondarea jakin behar dutela iruditzen zait. Gardentasun osoz jakin behar dituzte irabazten ditugun soldatak. Garrantzitsuena ez da duzun ondarea, baizik eta nola lortu duzun. Nik ez dut ezkutatzeko ezer, eta ez dut inongo arazorik gardentasun osoz erakusteko erakutsi behar dudana. Iruditzen zait, bereziki hainbeste ustelkeria ikusten dugun honetan, politikariok azalpenak ematera behartuta gaudela. Oso garbi dut jendeak nigan konfiantza osoa izan dezakeela, nire lan urteetan kudeaketa ona egin dudala frogatu baitut.

Alfonso Alonso PPren lehendakarigaiak ez zaituela biktima kontsideratzen esan zuen, eta ondoren barkamena eskatu zizun.

Pausoa ez da soilik barkamena eskatzea. Garrantzitsua da gaizki egin duzula konturatzea, lehenengo pausoa da, baina, gaizki dagoena aldatu behar da. Biktimen legearen irakurketa gaizki dago, eta horregatik, nik bezala, hainbat pertsonek ez dute biktima aitorpena jaso. Nik ahalegin guztiak egingo ditut, gaizki dauden legeak zuzentzeko. Alonsok, orain, aukera ezin hobea du, giza kalitatezko pertsona bada, gaizki idatzi zituen txostenak zuzentzeko.

Nola laburbilduko zenituzke zuen programaren puntu nagusiak?

Erakundeetara iritsi eta politika egiteko beste modu bat badagoela erakustea da gure asmoa. Bestetik, Euskadin ez dagoela inor soberan erakutsi nahi dugu. Gure eskubideak, eskubide sozialak bermatu behar ditugu, etxebizitza duina, enplegu duina, kalitatezko eta doako osasuna eta hezkuntza edota erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen ditugu, eta benetako bizikidetza lortzeko denon artean eraikitako bake eta bizikidetza esparrua dugu helburu.

Ekonomiaren alorrean zer proposatzen duzue?

Lanbide eraginkorra izatea nahi dugu, berrindustrializazioa bultzatzen dugu, eta ekonomia sozial eta solidarioan sinesten dugu. Kooperatibek betidanik izan dute garrantzia gurean, eta gure bultzada izango dute. Autonomoentzat laguntzak aurreikusten ditugu, ahaztuak izan direlako eta ekintzailetzari ere babesa emango diogu. Kanpora joan beharra izan duten hain ondo prestaturiko euskaldun gazteak bueltatzea nahi dugu eta laguntzak aurreikusten ditugu horretarako ere. Energia eredua aldatu nahi dugu, Euskadi berriro Europan aitzindari izateko. Bide horretan, berritzen diren etxebizitzak eraginkorragoak izatea da gure helburua, eta horretarako maila profesional askotariko lanpostuak sortuko ditugu, kalitatezko lanpostuak.

Osasunaren alorrean, zer diozu Tolosaldeko ereduaz?

Gure eredua osasun publikoa da, eta gure proposamena da barne produktu gordinaren %1 gehitzea osasunean. Osakidetzako langileen prekarietatearekin amaitu nahi dugu, langileekin elkartuz irtenbide egokia bilatuz. Tolosaldean Asuncion klinikarekin dagoen arazoari ere irtenbidea eman behar zaio. Pribatizazio horri beste kudeaketa sistema bat ezarri behar zaio. Langile guztiak eta Asuncion klinika kudeatzen dutenak elkartu behar gara akordio egoki batera iristeko, osasunak pribatua izatea ez baitu inolako logikarik. Guk, gainera, odontologia eta podologia zerbitzuak ere barneratu nahi ditugu Osakidetzan.

Gizarte zerbitzuei begiratuta, diru sarrerak bermatzeko errenta ezbaian jartzen dute alderdi batzuk.

Diru sarrerak bermatzeko errentan iruzurra baldin badago topatu egin behar da, baina, iruzur fiskala askoz ere handiagoa da, eta horren aurka ez da ezer egin orain arte. Arduraz jokatu behar dugu, eta iruzur fiskala desagerrarazi. Iruzurrik egongo ez balitz 2.300 milioi gehiago jasoko luke Euskadiko Ogasunak. Polizia fiskala sortzea proposatzen dugu iruzurra atzemateko.

Erabakitzeko eskubidea defendatzen duzue. Zer proposatzen duzue?

Gardentasun akordio bat proposatzen dugu, kanadar eredua jarraituz. Indar politiko guztien artean nahi dugu akordioa, proiektu politiko bat eratu eta gure lurralde arazoari irtenbide legala emateko. Hor sentsibilitate guztiak, identitate nazional guztiak islatuta egon behar dira, eta bilaterala eta demokratikoa izan behar du. Behin akordio horretara iritsita, herritarrei galdetuko genieke ea eredu horrekin gustura dauden. Azken finean, helduak diren demokrazia parte hartzaile guztietan dago erabakitzeko eskubidea. Baina, ez soilik lurralde ereduan, baizik eta, beste arloetan ere herritarrek erabakitzeko aukera izan beharko lukete.

Erraustegiaren kasuan, esaterako, zuek galdeketa bultzatuko zenukete?

Noski. Eragin handia duten arloetan herritarren ahotsa entzun behar dugu. Politikarien egitekoa herritarrei entzun eta irtenbide egokia ematea da.

Zein da erraustegiaren inguruko zuen jarrera?

Atez ateko sistema %80ko birziklatze tasara iritsi daiteke, baina ez da bakarra. Atez atekoa sistema ona izan daiteke bertako herritarrek horren alde egiten badute. Garrantzitsuena kontsentsua da. Errauste planta egitea ez da irtenbide onena, zabortegiaren arazoa ez duelako konpontzen, eta gainera sistema garestiena da. Murriztu, berrerabili eta birziklatu egin behar dugu. Gainera, Bizkaian bada errauste planta bat. Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian hondakin kopurua murrizten badugu eta berrerabili, nahikoa genuke horrekin.

Euskararen normalizaziorako zer proposatzen duzue?

Euskara konfrontazio politikotik atera behar den altxorra da. Ondarea da eta zaindu egin behar dugu. Erabilera sustatu behar dugu, eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatu.

Norekin ez zenukete gobernua osatuko?

Giza eskubideen urraketak sortzen dituztenekin ez ditugu akordioak lortuko. Guztiekin hitz egingo dugu, baina, baditugu lehentasunak, batez ere, eskubide sozialen bermea, erabakitzeko eskubidearen defentsa, kudeaketa gardena eta herritarrekin harreman zuzena. Horiek bultzatzen dituztenekin gertuago egongo gara. Aldiz, desberdintasun sozialak sortzen dituztenekin zailago egingo zaigu akordioetara iristea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!