Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Olatz Peon: «Babes soziala lehenetsi egin du EAJk legealdi honetan»

Imanol Garcia Landa 2016ko ira. 21a, 08:00

Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duela pentsatzen dutenen artean «gutxieneko akordio bat» lortu behar dela dio EAJko hautagaiak, eta gero herritarrak inplikatu «estatus berri hori errealitatea izan dadin».

EAJren Gipuzkoako zerrendan doa Olatz Peon (Tolosa, 1969) EAEko legebiltzarrerako hauteskundeetara, 20. postuan.

Zer balantze egiten duzu aurreko legealdiari buruz?

Orain lau urte herri hau zegoen krisi garrantzitsu batean murgilduta. Baita ere indarkeri garai baten ondorenean geunden. Baita ere pentsatzen genuen herri honek herri bezala bere biziraupena bermatzeko behar zuela marko politiko-juridiko berri bat. Lau urte pasa dira, eta oraindik aipatutako gai hauetan lan handia dago egiteko, baina lau urte hauetan egindako aurrerapena ukaezina da. Datuek erakusten dute bide onetik goazela, eta bide hori egin nahi dugu gure gizarte babes sistema mantenduz, legealdi honetan egin den moduan, inor bidean utzi gabe.

Neurri batzuk ematearren, egonkortasun eta zorroztasun ekonomiko irizpideak bete egin dira, enpleguak 36.000 pertsonen hazkundea izan du azken hiru urteetan eta 30.000 langabetu gutxiago daude. Bakea eta bizikidetzari dagokionez, gobernuak armagabetzerako proposamena eta baita ere espetxe politika errotik egin behar duen aldaketaren baldintzak jarri ditu mahai gainean, eta proposatutako bakea eta bizikidetzan bere hemezortzi ekimenak beteta ditu. Estatus berriari dagokionez, hor dugu autogobernuaren ponentzia legebiltzarrean. Ponentzia horrek bere lanak egin ditu eta alderdi politiko bakoitzak izan du bere proposamenak aurkezteko aukera.

Zein dira EAJren proposamenak datorren legealdirako?

Enplegua sortzen jarraitzea, kalitatezkoa izan beharko lukeena. Gure gizarte babesa indartzen jarraitzea. Bestalde, Euskadik estatus berri bat izan dezan errealitatea egitea. Euskadi nazio bat da eta errekonozimendu juridiko-politiko berri bat behar dugu.

Hiru ardatz ditu gure programak. Hazkunde jasangarria, enplegu gehiago eta hobea izatea. Hemen hainbat konpromiso hartzen ditugu, esaterako langabezia %10ean jaistea eta barne produktu gordina Europako Batasunaren %125ean kokatzea. Bigarren ardatza da gizarte oreka gehiagoko giza garapena. Neurri zehatzak dira, esaterako, Euskadiko txirotasun tasa %20ean jaistea eta bizitzaren iraunkortasun osasuntsua urtebetez igotzea. Hirugarren ardatza da autogobernu gehiago duen Euskadi baterantz bidea egitea. Konpromisoa da hobeto bizitzeko estatus politiko berri baten onarpena.

Burujabetasunari dagokionez, zein da zure alderdiaren proposamen zehatza?

Estatus juridiko-politiko berri bat, Euskal Herria subjektu politiko bezala aitortzen duena eta erabakitzeko eskubidearen aitorpenean oinarritua. Orain lau urte ponentzia parlamentarioa proposatzen genuen, testu artikulatu bat egitea, eta emaitzak gero herritarrek berrestea. Prozesua martxan dago. Orain, Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea baduela pentsatzen dugunon artean gutxieneko akordio bat lortu behar dugu, eta herritarrak inplikatu estatus berri hori errealitate izan dadin.

Ekonomiaren eta gizarte zerbitzuen alorrean, murrizketen gaia aipatzen da kanpainan. Zein da zure iritzia?

Nik uste dut argiena dela aurreko legealdian hartutako neurriak mahai gainean jartzea. Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontuaren %70a bideratu du gastu sozialera. 2012an 6.394 milioi euro bideratu ziren gastu sozialera, eta 2016an 6.542 milioi euro izan dira. Babes soziala lehenetsi egin da; gizarte politiken aurrekontuak %36an igo dira legealdi honetan. Gizarte babesean ez du gobernu honek horrelako murrizketarik egin.

Asuncion klinikaren jabegoa publikoa izan behar du?

EAJk beti defendatu izan du elkarlan publiko-pribatuak ez direla bateraezinak, are gehiago osagarriak direla esango nuke. Asuncion klinika bere hastapenetatik jabego pribatuko klinika da. Bere garaian Tolosako Udaleko alderdi guztiak ados jarri ziren eta eskatu zuten Eusko Jaurlaritzak kontzertatu zezala Asuncion klinika, zerbitzu publikoa emateko. Eusko Jaurlaritzak kontzertazioaren bidez egiten duena da Asuncion klinaren zerbitzu publikoa bermatzea; eta kalitatezkoa, gutxienez beste eskualdeetako klinika publikoen parekoa. Asuncion klinikak asebetetze inkestetan maila oso ona du. Indargunea zerbitzuaren kalitatean jarri behar da, eta egun kontzertazioaren bidez Tolosaldean hori bermatuta dago.

Errauste planta egiteko proiektua martxan da berriro Gipuzkoan. Zer iritzi duzu gai horri buruz?

Planta hauek ingurugiroko kontrol handienak dituzte, oso zorrotzak. Europan energia sortzen da kontsumitzen den leku berean, eta hori da Gipuzkoan ere proposatzen dena. Uste dut gure lurraldeak gai izan behar duela gure hondakinak kudeatzeko, kanpora eraman gabe eta horretarako modurik egokiena zein den teknikoek esan behar dute, ez politikariek. Honekin batera, birziklapen politikarekin jarraitu egin behar da, herritarroi ahalik eta erraztasun gehien emanez sailkapena ahalik eta modu egokienean egiteko.

Zeresana eman du euskararen inguruan PSE-EEk atera duen bideoak. Nola ikusten duzu euskararen profilen gaia?

Alderdi sozialistak ateratako bideoa gure hizkuntza eta elkarbizitzaren aurkako eraso baldarra eta injustua dela uste dut. Euskadiko berezko hizkuntza euskara da, eta ez euskaldunak dugun bakarra izateagatik, euskaldunok bakarrik dugulako baino. Gaztelania eta frantsesarekin duen bizikidetza erabat desorekatuta dago egun egoera gehienetan, eta euskara baldintza okerragoetan uzten du. Gaur egun benetako elebitasunik ez dago, asko egin dugu aurrera, baina amaitu gabeko lana da.

Euskarazko komunikabideei diru laguntzak emateko irizpideak aldatu dira legealdi honetan. Zergatik aldaketa?

Diru laguntza banaketak eraginkortasuna bermatu behar du. Ez dira diru laguntzak murriztu, berdinak eman dira, baina irizpideak aldatu dira euskararen erabilpen eta kontsumoan ahalik eta eragin handiena lortu ahal izateko. Beste berritasun bat izan da hedabideen hiru urteko finantziazioa bermatzea. Denbora luzez egindako aldarrikapena izan da hedabideen aldetik eta, modu horretara, laguntza egonkorra bilakatu da.

Arnaldo Otegiri ez diote utzi hauteskundeetara aurkezten. Nola ikusten duzu hori?

Argi dago Arnaldo Otegik beste hautagaiek duten eskubide berdina duela hauteskundeetara aurkezteko. Bateragunea auzia PSOEren bultzada politikoaren ondorioz izan zen. Eta Rafa Diez Usabiagak oraindik Dueson jarraitzen du. Madrilen darabilten estrategiak ez dio mesederik egiten Euskal Herriari eta ez digute uzten politika normaltasun baten barruan egiten.

Inkestek diote EAJk irabaziko dituela hauteskundeak. Zer emaitza espero dituzu?

Gustatuko litzaidake herritarrak orain lau urte guregan agertutako konfiantza berritzea hiru lurraldeetan. Inkestei ez diet gehiegi erreparatzen, eta hauteskundeetako emaitza eguneroko lanaren ondorioa denez, nahiago dut lanean jarraitu eta hauteskunde gauean balantzea egitea.

Zein izango litzateke lehenengo aukera EAJrentzat gobernua osatzekotan?

Aukera dago aurreko legealdiko formula errepikatzeko: gobernua bakarrik osatzea eta gero akordio puntualak egitea gaien arabera alderdi ezberdinekin. Horrek bultzatzen gaitu alderdi ezberdinekin adostasuneko dinamika batean erabat sartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!