Badatoz aretoen epelaz gozatzeko egunak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ira. 19a, 11:57

Iker Galartzak eta Jose Ramon Soroizek irekiko dute ikasturteko kultur eskaintza.

Kulturzale txartelaren eskaintzari ekingo diote, Tolosan, ostiralean; eskuragarri da jada.

Duela bi urte ekindako egitasmoa bueltan izango da, ostiraletik aurrera, Tolosan. Eguraldiak ere iragarri du, badatozela aretoen epelaz gozatzeko egunak, eta Kulturzale txartelak bultzadatxo bat eskainiko du horretarako. Guztira, 9 ikuskizunez gozatzeko aukera izango da, eta banakako sarrerak erosita 108 euroko prezioa lukeenaz, 50 euroan gozatu ahal izango da.

Kultur etxeko harreran eskuratu daitezke Kulturzale txartelak, gaurtik aurrera, eta aurreko hiruhilekoetan bezalaxe, txartela dutenek leihatilan beren sarrerak hartu beharko dituzte; Kulturzale txartela dutenek eserleku onenez gozatzeko aukera izango dute.

Etxeko nahiz kanpoko osagaiak

Antzerkia, musika, dantza nahiz magia txertatu ditu, udalak, ikasturte berriari kulturaz ekiteko eskaintzan. Horrela, hainbat tolosarrek parte hartuko dute bederatzi ikuskizun horietako hainbatetan, eta herritik kanpoko artistak ere ariko dira, noski.

Ostiral iluntzeak hartuko du lehen hitzordua, 20:30ean. Iker Galartza Jose Ramon Soroizekin batera ariko da, Erdibana antzezlanaren gaztelerazko bertsioa taularatuz: Mita y mitad. 90 minutuko komedia eskainiko dute, zuzen-zuzenean, Leidor aretan.

Datorren astetik aurrera, berriz, honako ikuskizunak izango dira:

Irailak 30, ostirala
Bazzque world sounds - Khami (Iraide Ansorena perkusioan). 20:30, Topic.

Urriak 14, ostirala
Johan Sebastian Jazz (Iñaki Salvados eta Alexis Delgado). 20:30, Topic.

Urriak 21, ostirala
Maurizia (Aukeran dantza konpainia). 20:30, Leidor.

Azaroak 10, osteguna
The history of rock. 20:30, Leidor.

Azaroak 12, larunbata
Birakabareta (Bea Larrañaga, Irantzu Mantxo, besteak beste). 19:30, Topic.

Azaroak 18, ostirala
Spectacular magic (Sun magoa), 20:30, Leidor.

Azaroak 25, ostirala
Eskutitzak (Izar Films/Itzel antzerkia). 20:30, Leidor.

Abenduak 16, ostirala.
Hi haiz, hi! jaialdia (Beldur barik emanaldia). 20:00, Topic.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!