Segalariak, euria eta txakurraren aurka korrika

Asier Imaz 2016ko irailaren 17a

Ugane auzoan Santuipeko festak ospatzen ari dira. Goizean kirolariak izan dituzte, eta auzo bazkariaren ondoren, bazkaldarrak jolasean. Iluntzean afaria egingo dute, trikitilarien, garagardoaren, mojitoaren... laguntzarekin.

Mattin Jauregi ikaztegietarra eta bere txakurraren aurka Luzuriaga anaiak aritu dira korrika Uganeko festetan. Euria gogotik egin duen arren, ikusleak zelaiaren bueltan elkartu dira. Desafioa parean joan da, baina amaieran, Luzuriaga anaiek amore eman behar izan dute ikaztegietarraren eta bere txakurraren aurrean.

Ondoren segalariak hasi dira lanean. Alde batetik, Andoni Egia eta Jokin Garmendia, eta bestetik Arkaitz Arteaga eta Andoni Dorronsoro. Lehen bikoteak Larretako kamiseta zeraman, eta bigarrenak Mahalakoa. Beraz, ikusleek azkar esan dute Larreta eta Mahalaren arteko apustua zela. Bikoteek bi lan mota egin dituzte. Aurrena, betiko estiloan. Sail desberdinak txanda librean ebakitzen aritu dira. Larreta izan da nagusi proba horretan. Ondoren, sail eta maila bakarra ebaki behar izan dute segalariek, goitik behera. Kasu honetan Mahala nagusitu da. Ondorioz, Larreta eta Mahalaren artekoa parean amaitu da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!