Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

«Bizikidetza da etorkizuna»

Ataria 2016ko irailaren 17a

EAJk hauteskundeetako ekitaldia egin du larunbat goizean Tolosan. Bakea eta bizikidetza izan du hizpide Iñigo Urkullu lehendakariak. Urkullu lehendakariaz gain, ekitaldian izan dira Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Olatz Peon Tolosako alkatea eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitzarako idazkaria. 

ETAren amaiera azpimarratu du Urkullu lehendakariak ekitaldian: "Guztion lorpena izan da; izugarrizko sufrimenduko eta ahalegin askoko urteak izan dira, baina orain, errealitatea da".

Lehendakariak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak "autokritika" egin duela biktimekin batera eta biktima "guztiak" errekonozitu dituztela, "inolako salbuespenik gabe". 

Etorkizunera begiratzeko beharra nabarmendu du: "Bizikidetza oinarri izango duen etorkizuna nahi badugu, beharrezkoa da autokritika egitea".

Bizikidetza eta Giza Eskubideen Plan berria proposatu du Urkulluk, "elkarbizitza integratzailea lortzeko". Azpimarratu du ETAK armak utzi eta desagertu egin behar duela: "Oztopoa da politikarentzat eta euskal gizartearentzat".  Era berean, adierazi du lanean jarraituko dutela indarkeriaren bukaera "ordenatua" lortzeko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!