Ohitura osasuntsuen joera berrienak

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ira. 16a, 16:31

Elektroestimulazio bidezko entrenamenduak egiteko aukera izango da, aurrerantzean, Usabal kiroldegian.

Sei ikastaro berri txertatu ditu, Usabal kiroldegiak, 2016-2017 ikasturteko eskaintzan; ate irekiak izango dira datorren astean.

Hamarkada pasatxoko arrakasta ez da kasualitatea, eta Usabal kiroldegiak, urtero, 3.000 izen-emate izaten ditu, bataz beste, ikastaroetan. "Beti aurrera begiratzen saiatzen gara, ahalik eta eskaintza zabal eta modernoetan osatzeko", dio Asier Martin kudeatzaileak. Bide horretan, hasi berria den ikasturteak ere nobedadeak izango ditu nagusi, ohitura osasuntsuei heltzeko.

Lasaiagoak izango dira batzuk, indarra lantzeari begirakoak beste zenbait, eta musika eta dantzaren aitzakian ariketa fisikoa egiteko prestaturikoak besteak; guztira, sei ikastaro berri txertatu dituzte eskaintzan. "Denok duzue zuen ikastaroa hemen", nabarmendu du Asier Martinek.

Duela zenbait hilabete martxan jarri zuten K-Stretch-a Usabalen, gorputzaren jarrera egokiak berregituratzeko. Gorputz osoko giharrak luzatzeko ariketak dira ikastaroaren muina, eta guztia taula baten bidez egiten dute. Arduradunek azpimarratu dutenez, "bizkarreko minen aurka oso ikastaro baliagarria da, eta jendea oso gustura dago".

Kirol arlokoak nahiz bestelakoak izanda ere, erronken gizartea da egungoa. Hain zuzen joera horri erantzunez, eta Desafit izenburupean, Usabal kiroldegiak 90 egunetan 30 minutuko ariketa saioa egiteko erronka bota nahi die erabiltzaileei. "Ariketa errazak izango dira, baina egunero-egunero eginez gero emaitza handiak ematen dituztenak", azaldu du Asier Martinek. Onura horiz gain, gainera, Desafitek malgutasuna eskainiko die ikasleei, ezarritako hiru ordutegietako edozeinetan parte hartzeko aukera izango dutelako: "Gure asmoa ohitura osasuntsuak irakastea da, ariketekin batera, beste hainbat gauza ere hobetzeko".

Berrikuntza guztiek erakartzen dute erabiltzaileen arreta, baina aurten zalantzarik ez da: Jumpfit ikastaroak sekulako arrakasta izan du, jada, ate irekien jardunaldiak hasi baino lehen. Ohe elastiko txiki bat da ikastaroaren oinarria, eta jauziak eta dantza uztartuko dituzte, oreka eta giharrak lantzeko. "Ezegonkorra denez, ipurmasailak, hankak nahiz sabela sendo egoten laguntzen du", dio Martinek. Zenbait ordutegi beteta daude jada.

Eta, ohe elastikoetatik tatamira joz, kempoa ordezkatuko du aurten, jarduera berri batek: kick boxingak. Sasoian egoteko modu erakargarri bat eskaini nahi izan du Usabalek, eta gazte askoren interesa piztu dute jada: "Saioak biren arteko borrokak izaten dira, eta autodefentsa lantzearekin batera, gorputz osoa lantzen dute".

Gauza jakina da giharrak lantzeko moduak hamaika direla, eta Usabal kiroldegira ere iritsi da ohiko abdominalak albo batera uzten dituen jarduera: abdominal hipopresiboak. Ainhoa Izagirre Usabal kiroldegiko fisioterapeuta izango da ikastaroaren arduraduna, eta zoru pelbikoa mindu gabe abdominalak eta sabela landuko dituzte: "Bereziki gomendagarria izaten da emakumeentzako, ohiko abdominalek haien zoru pelbikoari kalte egiten diolako. Hala ere, gizonezkoentzako ere oso gomendagarria da, inguruko organoei presiorik egin gabe lantzen baitira giharrak", zehaztu du.

Azkenik, teknologia eta kirola uztartuz, elektroestimulazio bidezko entrenamenduak egiteko aukera ere eskuragarri izango da Usabalek. "Oso joeran dago, eliteko kirolariek aspaldidanik erabiltzen duten arren", azaldu du Martinek. Funtsean, bultzada elektrikoak ematen dituen txaleko bat jantzita 20-25 minutuko entrenamendu bat egitea da gakoa, giharrak are gehiago indartzeko: "Argi izan behar da hau osagarri bat dela, eta entrenamenduak egiteko ohitura duen jendearentzat aproposa dela. Gogorra da, ariketa egiteak giharrari tira egiten badio, honekin are gehiago tiratzen duelako. Horregatik, gure gomendioa elektroestimulazioa astean behin egitea izaten da".

Jakin-mina asetzeko egunak

Datorren astelehenean hasi eta ostegunera bitarte, ikastaro berrietan nahiz beste zenbaitetan proba egiteko ate irekiak izango dira Usabal kiroldegian. Aipatzekoa da zenbait hitzordutako lekuak beteta daudela; kiroldegian bertan izango da horren inguruko informazio gehiago. Ikasturteari, berriz, irailaren 26an ekingo diote.

Jumpfit
Irailaren 19a, astelehena: 09:15-10:00 / 10:00-10:45 / 19:30-20:15 / 20:15-21:00Irailaren 20a, asteartea_ 19:30-20:15

Desafit
Irailaren 20a, asteartea: 08:30-09:00 / 09:15-09:45 / 19:30-20:00 / 20:00-20:30

K-Stretch
Irailaren 21a, asteazkena: 09:00-10:00 / 19:00-20:00 / 20:00-21:00

Kick boxing
Irailaren 19a, astelehena: 19:30-20:30
Irailaren 21a, asteazkena: 20:30-21:30

Zumba
Irailaren 22a, osteguna: 09:00-10:00 / 19:30-20:30

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!