«Helburua UEFAra sailkatzea da»

Tolosaldeko Ataria 2016ko ira. 16a, 10:30

Mikel Arruabarrenak AEL Limassol taldean jokatuko du, bi urteko hitzarmena sinatu ondoren.

Hong Kong-eko abentura hasi aurretik amaitu zitzaion Mikel Arruabarrenari (Tolosa, 1983). Fitxaketen merkatua itxi aurretik, ordea, Txiprera jokatzera joateko aukera atera zitzaion tolosarrari. Bi aste daramatza bertan, Limasol hirian.

Oraingoan behintzat, abentura hasi da eta bizitzen ari zara. 

Futbolean ez dakizu inoiz zer gertatuko den, eta Hong Kong-ekoak oso polita ematen zuen, baina ez zen ondo atera. Zorionez, 33 urterekin, beste aukera bat atera zitzaidan Limassolen (Txipre). Horrez gain, Australiatik ere banuen beste eskaintza bat. Adin honekin bi urteko hitzarmen bat sinatzea oso garrantzitsua da; pribilegio bat. Bi aste daramatzat hemen, eta oso gustura nago, gozatzen. Ahalik eta azkarren ondo jartzea da orain helburua, hasierako hamaikakoan sartzeko. Lekua zoragarria da, eguraldia ona, eta kostako hiria. Hasiera batean denak polita ematen du.

Australiako eskaintza aipatu duzu. Huelvako Recreativo ere atzetik ibili omen zaizu. 

Bigarren B Mailako talde askok deitu dute, baina esperientzia berri bat bizi nahi nuen. Ez nuen etxetik urrundu nahi Bigarren B Mailan jokatzeko. Ez dut maila gutxietsi nahi, ez eta inongo talderik, beste aukerarik ez baldin badago joan egin behar izaten baita. Baina Bigarren B Mailan jokatzeko aukera, hasiera batean ez nuen buruan.

AEL Limassol taldearekin akordioa lortzea zaila izan al da?

Egun batetik besterako kontua izan zen, oso azkarra. Egun batean deitu eta arratsalderako erantzuna nahi zutela esan zidaten. Nik esan nien gauzak ez nituela horren azkar egin nahi. 24 ordu eskatu nizkien, eta ez baldin bazizkidaten ematen, besteren bat fitxatzeko nahi baldin bazuten. Australiako aukera hor zegoen, eta lasai nengoen. Bata eta bestearekin hitz egin nuen tarte horretan, eta denek oso ondo hitz egin zidaten hango liga eta bizimoduaz. Europan dago, abenduan etxera etortzeko egun batzuk izango nituzke, eta bisitara joateko ere errazagoa da. Beti ere Australiarekin alderatuta. Bietan ikasi beharreko hizkuntza ingelesa zen, eta horren bila ere banenbilen. Azkenean, hona etortzeko erabakia hartu nuen, eta esan bezala, oso gustura nago orain. 35 urterekin amaituko da hitzarmena, eta ea ordurako futbolaz nazkatuta nagoen, amaiera bat emateko edo.

Hartu beharreko erabaki guztiak hartuta, burua erabat futbolean al duzu orain?

Hain justu gaur (atzo) goizean amaitu dira kirolaz aparteko kontu guzti horiek. Nahiko erotuta ibili gara etxe bat alokatu nahian, eta zorionez hori ere amaitu da. Hemen jarraitzaileak oso sutsuak dira, greziarren eskola berekoak. Eta bizitzeko leku lasai bat nahi genuen. Gauzak ondo baldin badoaz, erregea bezala zaintzen zaituzte, baina beste aldera gertatuz gero… Ez nuen esperientzia hori bizi nahi, eta hasieratik pixka bat aldentzea erabaki dugu.

Horrek zer esan nahi du, jada kalean zaletuak gainean dituzula?

Oraindik ez. Baina herri erditik baldin bazoaz, bai jendeak ezagutzen zaituela. Futbola oso jarraitua da hemen, eta jarraitzaileak gogorrak dira. Beraz, hobe hasieratik lasaitasun leku bat izatea, futbolaren ondoren, bikotearekin ere lasai egoteko.

Hiru jardunaldiren ondoren, lider zaudete. 

Azken jardunaldian bi puntu galdu genituen beheko talde baten aurka, 0-0 amaitu ondoren. Hala eta guztiz ere lehen postuan gaude. Helburua UEFA-rako sailkatzea izango da; lehen hiru postuetan amaitzea. Liga irabaztea oso zaila izango da, hemen talde guztien gainetik Apoel Nikosia baitago. Jokalari onenak bertara joaten dira, eta diruz ere ahaltsuenak dira. Duela lau urte Limassolek liga irabaztea lortu zuen, baina aurten 18 jokalari berriak gara. Eta hori arazo bat izaten da, hasieran behintzat. Elkar ezagutu, elkar hartu… Ea prozesu hori azkar joaten den, eta goran borrokan jarraitzeko aukera dugun.

Maila pertsonalean, hamaikakoan sartzea izango da helburua, ezta?

33 urterekin gauzak beste modu batera ikusten dituzu, baina lehiakortasunak hor jarraitzen du. Beti nahi izaten dut gehiago. Ahal baldin bada, minutu guztiak jokatu nahiko nituzke, eta gol asko sartu. Kirolari bat egin duenarekin gelditzen baldin bada, ez da lehiakorra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!